09. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Alkate berria »  09. Irudia

Martzelino Soroa. Alkate Berria

IX

BEDERATZIGARREN IRUDIA



Lehengoak eta kanpotar bat.



Kanpotarra.- Barkazioarekin, zein da berootan alkatea?

Alkatea.- Zer nahi zenuen?

Erregidorea.- Nire etxean dagoena.

Kanpotarra.- Ni nator justizia bila.

Alkatea.- Justizia? Lukanbio!

Agoazila.- Har beza. (Ematen dio bara)

Alkatea.- Has zaitez nahi duzunean.

Kanpotarra.- Horra, bada: bart etorri nintzen herri honetara, galdetu nuen non zen ostaturik onena eta esan zidaten erregidorearen etxean, kale izkinan. Goizean goiz joateko moldatzen ari nintzela eskatu dut kontua. Ekarri didate, ikusi dut eta gelditu naiz ahoa zabalik, zergatik lapurreta bat den.

Alkatea.- Erregidorea, zurekin doa hori.

Erregidorea.- Gezurra esaten du. Nire etxean ez da lapurretarik egiten.

Kanpotarra.- Irakur beza, alkate jauna, nahi badu, eta sudurraren punta moztu diezadatela ez badu nik bezala esaten.

Alkatea.- Irakur ezak, Lukanbio.

Agoazila.- (Irakurtzen) Ohe batengatik zintzilikarioekin… hamalau erreal.

Alkatea.- Hamalau erreal?

Erregidorea.- Alde guztietan hori eskatzen da gaurko egunean.

Alkatea.- Aurrera.

Agoazila.- Lo egiteagatik… lau erreal.

Alkatea.- Eta ohea jarria egoten al da?

Erregidorea.- Bai eta honek hain lo pisua du… horrengatik.

Alkatea.- Orduan mozkor batek zenbat pagatzen du, hogei erreal? Aurrera.

Agoazila.- Eper saltsan haragia, tipula eta baratxuriekin… hamasei erreal.

Alkatea.- Mokadu garestia da hori.

Agoazila.- Plater bat angulengatik… hemezortzi erreal.

Alkatea.- Oriokoak al ziren?

Kanpotarra.- Oliokoak?

Alkatea.- Oriokoak.

Erregidorea.- Ez; Loiolakoak.

Alkatea.- Hainbat gaiztoago. Aurrera.

Agoazila.- Piper gisatuengatik… zortzi erreal. Hiru lakari zaldalerengatik…

Alkatea.- Hiru lakari jan zituen jaun honek?

Erregidorea.- Ez, bere zaldiak.

Agoazila.- Hamar erreal. Kikara txokolatea… lau erreal.

Alkatea.- Handia al zen kikara?

Kanpotarra.- Titarea adinakoa.

Erregidorea.- Baita pixontzia adinakoa ere.

Kanpotarra.- Ez da egia.

Agoazila.- Guztitara jotzen du… hirurogeita hamalau erreal.

Kanpotarra.- Esan biezat orain, alkate jauna, arrazoia nuen edo ez.

Alkatea.- Eta hainbeste! Lukanbio, eraman ezak erregidorea kartzelara.

Erregidorea.- Baina…

Alkatea.- Kartzelara. (Gogor) Eta zuk, hogeita hamar erreal emanda, kontua pagatzen duzu.

Kanpotarra.- Har bezate. Hau da hau justizia egitea! Adio.

Alkatea.- Ondo ibili. (Doala deitzen dio) Adi ezazu, adiskidea: ba al duzu txartelik?

Kanpotarra.- Zer txartel?

Alkatea.- Cedula personal esaten diotena. Ez al dakizu euskaraz?

Kanpotarra.- Etxean utzi dut ahaztuta.

Alkatea.- Zer! txartelik ez? Lukanbio, eraman ezak jaun hau kartzelara.

Kanpotarra.- Baina alkate jauna…

Alkatea.- Ez dut ezer ere aditzen. Erregidorea eta zu kartzelara. Agudo.

Kanpotarra.- Hau animalkeria bat da.

Alkatea.- Zer esan duzu? Animalkeria? Lukanbio, lotu ezak ondo kalabrote batekin (joaten dira). Ez zen, bada, besterik falta. Zedularik gabe! Nik garbituko ditut bazterrak! Orain ardandegia ikusi behar dut.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org