|
Martzelino Soroa. Alkate Berria
XIV
HAMALAUGARREN IRUDIA
Lehengoak eta agoazila.
Agoazila.- Jauna, giltzapean gelditu dira, agindu duen bezala.
Alkatea.- Ondo lotu duk erregidorea?
Agoazila.- Eustarri bat baino hobeto.
Alkatea.- Orain, bada, Lukanbio, justizia egin behar diat.
Agoazila.- Har beza, (Emanik bara)
Alkatea.- Zer da hemen?
BIAK Jauna…
Alkatea.- Batek hitz egin dezala. Zuk nola duzu izena?
Lorentxo.- Lorentxo, jauna.
Alkatea.- Hasi bada.
Lorentxo.- Ni naiz, jauna, edo nintzan, lehengo oilarraren jabea.
Alkatea.- Bai, e? Lotsagabea! Eta komedia bezala egiteko jantzi al zara horrela?
Lorentxo.- Horra bada. Nik galdetu diot honi afeitatuko gaituen ni eta nire laguna. Baietz esan dit. Zenbatean galdetu diot, seina koarto bakoitza erantzun dit. Eta orain ez du afeitatu nahi nire laguna.
Alkatea.- Egia al da hori?
Afeitatzailea.- Bai, jauna. Baina nik ez nuen uste laguntzat zuela astoa.
Lorentxo.- Ezta nik ere ez nuen uste karga egurrean sartzen zela oilarra.
Alkatea.- Bartolo, berehala afeita ezazu astoa.
Afeitatzailea.- Nik? Lehenago lehertu.
Alkatea.- Bai? Lukanbio, eraman ezak afeitatzailea kartzelara.
Afeitatzailea.- Alkate jauna…
Alkatea.- Ezta hitzik ere.
Lorentxo.- Hori da justizia egitea.
Alkatea.- Eta zu, Lorentxo, zure eskuz justizia egin nahi zenuelako gorderik gorrotoa, kartzelara Bartolorekin.
Lorentxo.- Arrazoiarekin nik…
Alkatea.- Ez da arrazoirik uste den gaitz bat beste batekin pagatzean.
Lorentxo.- Eta oilarra?
Alkatea.- Bien artean kartzelan jango duzue (Doaz).
|