19. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Alkate berria »  19. Irudia

Martzelino Soroa. Alkate Berria

XIX.

HEMERETZIGARREN IRUDIA



Alkatea eta Kaitano.



Kaitano.- Alkate jauna…

Alkatea.- Zer habil, Kaitano?

Kaitano.- Oker bat desegitea nahi nuke.

Alkatea.- Hobea izango duk zuzentzea.

Kaitano.- Atzo arratsean tabernan nengoela lagunekin, sartu zen sekretarioa eta nola nire eguna zen eta arratsaldeko tripa festa ederra egin genuen, nekarren burua…

Alkatea.- Bero xamarra, e?

Kaitano.- Eta sekretarioak baso pare bat ardo aterarik eta hitz eztiekin txurikaturik, eginarazi zidan paper bat…

Alkatea.- Nola?

Kaitano.- Badaki aspaldian Martintxok erosi nahi didala zubi gaineko etxea gaztainalde guztiarekin, eta ez zidala eman nahi nik eskatzen nion adina…

Alkatea.- Bai, bai…

Kaitano.- Bada, sekretarioa, lehendik nirekin haserre egonik, halere, adiskide moduan azaldu zen eta egin zituen ahaleginak ni Martintxoren aldera jartzeagatik.

Alkatea.- Eta nork ditik kulpak?

Kaitano.- Jauna…

Alkatea.- Hire krak, krak, krak. Zergatik harrapatzen dituk korapilo horiek?

Kaitano.- Nola nire eguna zen…

Alkatea.- Urteko egun guztiak hireak izaten dituk. Inork ez zuen ikusi nola gertatu zen hori?

Kaitano.- Bai, jauna.

Alkatea.- Eta zerbaitez konturatu ziren?

Kaitano.- Uste dut baietz. (Sartzen da Lukanbio.)

Alkatea.- Adituko zieat, bada, bere denboran. Eta zer desio zekarren sekretarioak kontu hori horrela erabakitzeko?

Kaitano.- Nola Martintxo bere alabarekin ezkontzeko dagoen…

Alkatea.- Aaa! Ez duk motela, ez!

Kaitano.- Gainera eskribau jaunak kendu dizkio nire lehengusuari zeramatzan arto lurrak, boza berorrentzat eman ez duelako.

Alkatea.- Hori ere badugu? Lukanbio (deika)

Agoazila.- Jauna.

Alkatea.- Hoa kontzejura eta sekretarioa etortzeko, eskribaua ere bai, baldin han badago, bestela hoa bere etxera agudo. (Kaitanori) Eta, zein lehengusuri kendu dizkio lurrak?

Kaitano.- Tomax aldapa handikoari.

Alkatea.- Adituko zieat, bada, hiri bezala, batari eta besteari eta nire neurrian justizia egingo diat, behar den bezala, zergatik legearen aurrean kontu batean dira txikiak nola handiak, eta guztiak bere bidean hartuz gero, beste moduz joango da mundua. Nik ezagutzen dut zergatik egin nauten alkate. Nire bizkar nahi zuten horiek barre egin, baina, bere ustean lorea aurkituko zuten lekuan, topatuko dute asuna. Gauza doan moduan herriko kartzela zabaldu beharko dugu, edo beste berri bat egin. Hemen datoz bi txori hauek.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org