|
Martzelino Soroa. Alkate Berria
XX.
HOGEIGARREN IRUDIA
Alkatea, Eskribaua, Sekretarioa eta Agoazila.
Eskribaua.- Zer dugu, alkate jauna? Gauza handiren bat gertatzen al da horrelako estuasunarekin deitzeko? (Barrez bezala)
Alkatea.- Ez daukagu gaitik. Komediaren bat dela uste al duzu hau?
Eskribaua.- Ez beza txarrera hartu…
Alkatea.- Lukanbio, justizia egin behar diat.
Agoazila.- Har beza. (Ematen dio arbasta)
Eskribaua.- Zer ikusi behar ote dugu hemen? (Ahopean)
Alkatea.- Sekretario jauna: egia al da Kaitanori eginarazi zeniola bart paper bat Txomin Pitxarren tabernan? Bai edo ez?
Sekretarioa.- Eginarazi, ez.
Alkatea.- Nola?
Sekretarioa.- Egin zuen bere gogoz.
Alkatea.- Ez al zenuen ezagutu zer modutan zegoen?
Sekretarioa.- Umore onarekin.
Alkatea.- Bai, e? Lukanbio, eraman ezak Sekretarioa kartzelara.
Sekretarioa.- Zer? Ez zen horrengatik…
Alkatea.- Ez, e? Kartzelan argituko duzu, bada, kontu hau. (Eskribauari) Eskribau jauna: egia al da zure maizter Tomaxi kendu dizkiozula zeramatzan lurrak, boza eman ez zuelako zuk nahi zenuen aldera?
Eskribaua.- Ez, jauna. Nik lurrak kendu dizkiot baina…
Alkatea.- Lukanbio, eraman ezak Eskribaua kartzelara Sekretarioarekin batean.
Eskribaua.- Zer? Fedea kartzelara?
Alkatea.- Fedea? Elizan fedea.
Eskribaua.- Nondik sortu da gizon hau? Ez digu petardo txarra eman!
Alkatea.- Zer arrosario ari zara errezatzen? Eta hik, Kaitano, ba al dakik zer den justizia?
Kaitano.- Berorrek ederki egiten duena.
Alkatea.- Errespetatzekoa al da?
Kaitano.- Bai, jauna.
Alkatea.- Eta errespetatzen denari ez zaio txapela ateratzen?
Kaitano.- Bai, jauna.
Alkatea.- Zergatik ez duk, bada, atera? Lukanbio, eraman ezak kartzelara Kaitanoren txapela. (kentzen dio) (Aditzen dira oihu batzuk eta danbolin soinua) Zer da hori? Ez dut agindu ez soinurik jotzeko eta dantzarik egiteko?
Agoazila.- Jauna, herriko neskatxa guztiek eskatu didate pixka bat uzteko, eta esan didate hain ezti…
Alkatea.- Ezti atzera nire aginduak horrela desegin? Lukanbio, hoa hemendik kartzelara.
Agoazila.- Ni ere bai? Ez da justizia errespetatzen ere.
Sekretarioa.- Hona, jauna, honen papera. Oker iruditzen bazaio, desegingo dugu.
Alkatea.- Desegin bada. Eta gaurkoarengatik uzten zaituztet zuzen ibiltzeko hitzarekin. Lukanbio, atera itzak beste kartzelan daudenak eta ez naiz gehiago alkate. Frogatu nauzue.
Sekretarioa.- Herri guztiak eta guk nahi dugu berori izatea.
Besteak.- Bai, bai.
Alkatea.- Hala nahi bada, bada izango naiz; baina zuzen ibili guztiak, bestela badakizue ostatu berria, eta kontentu gauden seinalean kanta dezagun zortziko polit bat. (Beste guztiak etortzen dira eta kantatzen dute)
Alkatea.-
Desegokizko gauzak
ikusirik hemen,
ez izan horrengatik
kezkarik barrenen.
Horrelako nahaspilik,
jaunak, orain eta lehen
gure mendi tartean
ez dira gertatzen.
Probintzi hontan bizi
da leial jendea,
denbora zaharretatik
izanik noblea.
Bata bestearentzat
parerik gabea,
lana franko topatzen
beste bat hobea.
Txalorik aditu gabe?
gu joan? Zer ikara!
Ekarzak, Lukanbio,
justiziko bara.
Ez badute gogotik
hartzen gure euskara
denak eraman itzak
|
Agoazila.- Nora?
Alkatea.- Kartzelara.
BUKAERA
|