|
Martzelino Soroa. Baina zein naiz ni?
Laugarren Irudia
IV
Joxe Anton eta Leandro
Leandro.- Deitzen al zuen, maiorazko jauna?
Jose Anton.- Deitu? Baita oihu ere. (Sillatzarrari begira) Zatoz, zatoz. Ikusten al duzu hori?
Leandro.- Je, je!
Jose Anton.- Je, je, eta ji, ji-rekin ez dut nik ezer egiten.
Leandro.- Baina, maiorazko jauna...
Jose Anton.- Esan, esan berriz ere, ez ahazteko. Tira, eseriko al zinateke hor?
Leandro.- Zer alaitasuna berorrena!
Jose Anton.- Bai, e? Alaitasuna eta maiorazkotasuna eta erotasuna. eseriko al zinateke hor? Bai edo ez beste matrakarik gabe? Hasiko ote naiz agintzen?
Leandro.- Baina gauza horiek ez dira guretzat egindakoak.
Jose Anton.- Ez, e?
Leandro.- Ez, maiorazko jauna. Guk astindu egiten ditugu; baina hautsa siloitik kendu eta kanapera joaten da. Kanapetik atera eta berriz siloira eta, eta alferrikako lana.
Jose Anton.- Edo alferren esana.
Leandro.- Horiek berontzako gauzak dira.
Jose Anton.- Beraz, bai, e? Lepo hezurra hausteko? Eskerrik asko.
Leandro.- Je, je! Zer xelebrea den berori. Zerbaitengatik esaten zuten bai: «Gure maiorazkoa oso argia da».
Jose Anton.- Bai, e? Baina zein ote da maiorazko hori? Maiorazkoa oso argia izango da, baina ni ez naiz kriseilua ere. Ilunpetan nago gauza hauekin.
Leandro.- Je, je!
Jose Anton.- Eseriko zara edo ez?
Leandro.- Berorrek agintzen badu... Horra. (esertzen da.)
Jose Anton.- Eta ez da erori hankaz gora.
Leandro.- (Altxaturik). Kontu bat ekarri dute nagusiarentzat, eta nahi badu ikusi ondo ote dagoen..
Jose Anton.- Ikusi?
Leandro.- Har beza.
Jose Anton.- (Hartuta). Ikusi dut.
Leandro.- Baina, leitu gabe?
Jose Anton.- Leitu? Irakurtzen ez badakit, nola nahi duzu leitzea?
Leandro.- Zer aterakeriak dituen!
Jose Anton.- Aterakeriak? Hori nahi nuke nik, aterakeria atekoa: atera.
Leandro.- Zer esango diot, bada?
Jose Anton.- Bada, bada... Egiteko asko dudala orain, eta etortzeko nagusia datorrenean.
Leandro.- Ondo da, maiorazko jauna.
|