2. 08. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Anton Kaiku »  Baina zein naiz ni? »  2. 08. Irudia

Martzelino Soroa. Baina zein naiz ni?

Zortzigarren Irudia

VIII

Joxe Anton eta Leandro (platerekin)



Leandro.- Hona non duen bazkaria; eseri, nahi badu.

Jose Anton.- Eseri?...

Leandro.- Nagusiak esan zigun ahal genuen ondoena berori hartzeko.

Jose Anton.- Bai, bai; ikusten dut hartua nagoela. Ni artoa izan eta zuek garia naizela uste; ez da gaizki esana. Bai; ez da gaizki esana. Baina lapurreta bat da hau, beste baten bazkaria nik jatea.

Leandro.- Je, je! Baina zertako esaten ditu gauza horiek? Alferrik dabil.

Jose Anton.- Bai?

Leandro.- Hoztuko zaio zopa.

Jose Anton.- Ostu... Bai hori izango da, ostea; besteren zopa jatea. Hara, eseri.

Leandro.- Horren urruti esertzen da?

Jose Anton.- Hara, bertago. (Jaten hasten da) Ardoa baso txikira botatzen didazu?

Leandro.- Handian nahi al du?

Jose Anton.- Zertako da, bada, baso handia.

Leandro.- Urarentzat.

Jose Anton.- Beste gisa hobeto iruditzen zait. Txikian kabitzen dena hobeto handian kabituko da, bai.

Leandro.- Nahi duen bezala. (Leandro joaten da eta gero dabil platera ekarri eta eraman.)

Jose Anton.- Eta ederra dago zopa. Gure etxean baino koipe gehiagorekin. Aranak ere bai? Aranak saldatan? Ez dut beste horrelakorik ikusi! Aran zalea naiz bada ni. Puf, puf, zer da hori! (Altxaturik).

Leandro.- Zer gertatzen zaio?

Jose Anton.- Zer arboletako aranak dira horiek?

Leandro.- Je, je! Aranak deitu azeitunei! Zer aterakeriak; baina zer barreak, zer barreak! (doa)

Jose Anton.- Aranon ez da horrelako aranik. Zer txori ote da plater hau? Guztiak kezka ematen dit. Ardo zuria ere bai? (botila ur-seltzekin) Arranoetan! (irekitzen saiaturik) Kortxoa gogor xamarra dakarrela uste dut. Nork atera? Eta bere kako eta guzi (behean kolpeak emanik) Ezta ere. Hemen gauza guztiak harrigarriak dira. Beste platerarekin zatoz? Gure etxeko otordua baino luzexeago dela dut nik hau. Ea botatzen didazun pixka bat hortik, kortxoa ezin atera diot eta.

Leandro.- Kortxoa! Je, je! (Botatzen dio basoa eta ura ateratzen den indarrarekin, larriturik presaka mahaitik altxatzen da.)

Jose Anton.- Baina sorginak al dira hemen edo zer?

Leandro.- Je, je! Zer xelebrea. Hor dago bat berorren galdez, esanik Aranotik datorrela eta berorren maizterra dela.

Jose Anton.- Nire maizterra. Zer nahaspila berri ote da hau? Datorrela! Datorrela! Nor ote da? Borda gaineko Batista ote da? Hauxe ez dago txarra. Gure etxetxo zezina baino hobea. Ardoa ere bizkorra; barrena ederki berotzen du.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org