2. 10. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Anton Kaiku »  Baina zein naiz ni? »  2. 10. Irudia

Martzelino Soroa. Baina zein naiz ni?

Hamargarren Irudia

X

Joxe Anton eta gero Leandro



Jose Anton.- Gaur burua galtzen ez badut, esan nezake ez dela harkaitzik nire burua bezain sendorik. Bidaiako laguntzailea dela! Non izan ote naiz ni jakin gabe?

(Leandro sartzen da beste platerekin, eta uzten dizkio mahai gainean lehengo batzuk eramanik)

Leandro.- Har beza, jauna.

Jose Anton.- Beste zerbait? (Joaten da Leandro). Noiz aurkituko naiz honelako beste batean. Eta ardoa, gero, bizigarria dago. Zertan geldituko ote dira azkenerako gauza hauek? Baina nik, zer egingo dut? Nire honetan aurrera. Ukatzen badut osabaren iloba naizela, kartzela dut, galdua naiz. Eta, nola ukatu? Gainera nik osaba badut; eta haren iloba naiz. Esaten badut hala naizela, dirua ondotxo emango didate; kartzela alde batetik eta dirua bestetik, aukeratzen ez da zaila. Iloba izan beharko dut. Hori izango da onena.

Bazkari honek ez du noski bukaerarik; eskerrak txurrutaren laguntzari, bestela? Nola sakelan sartu hau guzia! Hemen mahai honetan dauden gauza asko ez beharrean daudela uste dut nik. Hamaika gauza sortzen dituzte mundu honetan, baita hamabi ere. Hau ere jateko izango da noski... (Hartzen du serbilleta eta egiten du jaten balu bezala eta sartzen du kolkoan jendeak ikusi gabe. Bat-batean altxatzen da eta hasten da garrasika itotzeko zorian.) A! A! A...! (Sartzen da Leandro.)

Leandro.- Zer da, zer da?

Jose Anton.- A...! A...! A...! (Leandrok heltzen dio bi eskuekin eta ateratzen dio serbilleta, ahotik aterako balio bezala.)

Leandro.- Zer, hau ere zintzurretik sartu al du? Ogi mamia zela uste al zuen?

Jose Anton.- Ez naiz txarretik atera.

Leandro.- Baina, nolatan sartu du...?

Jose Anton.- Zertako jarri didazue, bada, zapi hori mahaian, jateko ez bazen?

Leandro.- Zer barreak egin behar dituen osabak... (Joaten da).





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org