2. 12. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Anton Kaiku »  Baina zein naiz ni? »  2. 12. Irudia

Martzelino Soroa. Baina zein naiz ni?

Hamabigarren Irudia

XII

Lehengoak eta Martin



Martin.- Jauna... (bere gisa). Ni ez banator presaka, nahaspila azaltzen da.

On Baldomero.- Zein dugu hau?

Jose Anton.- O... o... Hori... Hori...

Martin.- Gure maiorazkoaren bidaietako laguntzailea.

On Baldomero.- Bai?

Jose Anton.- O... Hori... Hori... Hori...

On Baldomero.- Euskaraz tipili-tapala xamarra zaudela uste dut. Baina ez da harritzekoa horrenbeste denboraren buruan. Eser zaitez zu ere (esertzen da, On Baldomero eskuinetara erdian gelditzen dela). Hango kontuak aditzeko gogo handiarekin nago. Bai, iloba maitea. Aita berbera dago (Martini).

Martin.- Izan liteke bai.

On Baldomero.- Izan litekeela? Ezin eta gehiago. (Joxe Antoni) Beraz, Martin, horrenbeste ur pasatuta ibili zara, e?

Jose Anton.- Ura, bai, jauna, ura.

On Baldomero.- Ur asko.

Jose Anton.- Bai! Ardorik eta sagardorik ez den lekuan, badaki, ur asko.

On Baldomero.- Ja, ja, ja! Hasi da bere xelebrekeriekin. Jakinaren gainean nago, bai, zer esan barregarriak dituzun!

Jose Anton.- (Horren xelebrea ote naiz ni jakin gabe?

On Baldomero.- Baina ez didazu osaba deitzen ere.

Jose Anton.- Ez, e?

On Baldomero.- Ez, tira...

Jose Anton.- O...! Osaba, osaba! (oihuka).

On Baldomero.- Horrela, horrela. Aita bera, aita bera! Eta zer bazterretan izan zara?

Jose Anton.- Bada... bada...

Martin.- Filipinas-etan.

Jose Anton.- Hori, hori: Pillipe... nasetan.

On Baldomero.- Ja, ja, ja! Eta han, zer da? zer da?

Jose Anton.- Ur asko, jauna, ur asko.

Martin.- Arroz eta kafea eta azukrea eta tabako-belar asko.

On Baldomero.- Eta han, zer lekutan izan zarete?

Jose Anton.- Han?

On Baldomero.- Bai, han.

Jose Anton.- Bada han... han... ahaztu ere bai, jauna.

Martin.- Manilan.

Jose Anton.- Bai, Manillan.

On Baldomero.- Eta?

Martin.- Eta... Mindanao...

Jose Anton.- A, bai! Mindanao; han gehienek minez esaten dute: “min da nao.”

On Baldomero.- Eta gehiago

Jose Anton.- Gehiago? Baina zein konturatu? (Buruari hatz eginez)

Martin.- Zebun, Ilo-ilon...

Jose Anton.- A, baita ere.

On Baldomero.- Baina utz iezaiozu esaten nire ilobari. Zu berritsu xamarra zarela uste dut.

Jose Anton.- A, ez jauna, ez da hala. On beharrez esaten du.

On Baldomero.- Beraz Ilo-ilon?

Jose Anton.- A, bai! Ilo loon. Han horrelako izenak dira triste antzekoak Man-illa, eta Min-danao; eta minez ez dagoena lo-lo egon eta horrela.

On Baldomero.- Ja, ja, ja! Zer aterakeriak. Aita berbera! Aita berbera! Eta zer jende da alde haietan?

Jose Anton.- Jendea? Bada, bai jende mordoska bat, batzuk honelakoak eta besteak... halakoak eta... hala.

On Baldomero.- Gisa askokoak, beraz?

Jose Anton.- Bai, jauna; batzuk sendoak eta besteak argalak, eta besteak luze xamarrak eta besteak kaxkarrak eta horrela, guzietatik.

On Baldomero.- Zer klase dira, bada?

Jose Anton.- Klaseak?

Martin.- Tagaloak.

Jose Anton.- Bai, tragaloak; haiek tragatuko lukete lakari bat baba.

Martin.- Edo arroza

Jose Anton.- Bai; arroza. (Bere gisa) Hau bai dela bidaiatzea buruz. Sekulan ez naiz ibili horrenbeste, horren denbora gutxian.

On Baldomero.- Eta besteak?

Jose Anton.- Besteak... besteak...

Martin.- Malaioak.

On Baldomero.- Nire ilobak esan dezala.

Jose Anton.- Hori da; besteak marrajoak.

On Baldomero.- Ja, ja, ja! Marrajoak? Malaioak!

Jose Anton.- Bai, jauna, bai; oso marrajoak dira.

On Baldomero.- Eta besterik?

Jose Anton.- Besterik... besterik... Baina, zein oroitu?

Martin.- Bisaioak.

Jose Anton.- Hori, hori. Biz... kaikoak.

On Baldomero.- Je, je, je! Aita bera dago. Eta non gehiago ibili zarete?

Jose Anton.- Guk al dakigu? Nik ez behinik behin. Han eta hemen, eta harantzago eta gehiago, eta ur batetik atera eta bestean sartu, eta beti ura. Zerua goian, ura behean, eta sagardorik inon ez.

On Baldomero.- Baina, zein aldetan, zein aldetan?

Jose Anton.- Bada... bada... (buruari eraginez harraskaturik)

Martin.- Kotxintxinan ere bai.

Jose Anton.- A! bai, bai; esatera nindoan.

On Baldomero.- Utz iezaiozu, bada, esaten. Beraz, Kotxintxinan?

Jose Anton.- Hori, hori; Kontxentxinean.

On Baldomero.- Je, je! Beti oker esateko gogoa.

Jose Anton.- Bai zera! (Orain Ameriketan edo non ote nabil?) Maiz izaten ginen han Kontxexienean.

On Baldomero.- Je, je! Eta non gehiago?

Jose Anton.- Hori, hori; non gehiago? Ea orain horrek asmatzen duen.

Martin.- Kanbojan.

Jose Anton.- Hori bera, hori bera: Bapojan. Bapo jan dut nik behinik behin. (Bazkari luzea zen baina gure bidaien kontua luzeago dela uste dut.)

On Baldomero.- Je, je! Bazkaldu duzu, beraz, nik agindu nuen bezala.

Jose Anton.- Bai, jauna, eta bapo.

On Baldomero.- Je, je! Eta zigarrotxoren bat ez didazu ekarri leku haietatik?

Jose Anton.- Zigarroa?

Martin.- Bai, jauna; hor du bat berorrentzat.

Jose Anton.- Nik?

On Baldomero.- A! Ez zara ahaztu, beraz?

Martin.- Ez al daki, bada? Begira beza. (Joxe Antoni)

Jose Anton.- (Zigarro handi bat aterarik harrituta Martinen zaku soinetik) Arranoa! A! Bai, jauna, bai.

Martin.- Eta kaxa bat ederra ere berorrentzat gordea badauka.

Jose Anton.- (Non ote dut nik kaxa!)

On Baldomero.- A! Isilik nahi zenuen eduki, e? Eskerrik asko, eskerrik asko; hori da maite izatea osaba.

Jose Anton.- O... O...

On Baldomero.- Osaba, bai. Esan ezazu bada...

Jose Anton.- O... O... Osaba.

On Baldomero.- Euskaraz asko ahaztu zaizu, noski, ibilera horietan, eta berriro ikasi beharko duzu. Eta ez al duzu izeba ikusi behar?

Jose Anton.- I... i... Iiii...

On Baldomero.- Sooo! Badirudi mandazain ibili zarela. Ez didazu galdetzen izebaz ere?

Jose Anton.- Nola dago? Nola dago gajoa? Aspaldian ikusi gabe!

On Baldomero.- Bai, urteak dira. Goazen, goazen, ezagutuko zaitu. (Altxaturik hirurak).

Jose Anton.- Bai, e?

On Baldomero.- Bai, bai. Baina nik lehenbizi aditzera emango diot, bestela onenean gehiegi larrituko litzateke eta... deituko dizut.

Jose Anton.- Ondo da, jauna.

On Baldomero.- Je, je! Aita bera, aita berbera dago. (masailean joaz maitasunarekin).





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org