|
Martzelino Soroa. Hauek istiluak
EGINTZA BAKARRA
Iruditegiak aurkeztatzen du sala bat alde bakoitzean bina aterekin eta hauek numeroekin: egintzailearen eskuin aldekoak 1, 2, eta ezker aldekoak 3, 4. Iruditegiaren aurrekoek izan behar dute 1 eta 3. Erdian beste ate bat. Mahai borobil bat, gainean arropak garbitzeko eskuilekin, eta aldamenean sillatzarra edo siloia: aldeetan sillak eta numero 1-en gelako inguruko sillan gitarra.
Lehenbiziko Irudia
I
Juan eta Alejandro
Juan.- Ez nian uste, Alejandro, bainuetxe honetan elkar aurkitu behar genuela.
Alejandro.- Ez nik ere.
Juan.- Zenbat urte elkar ikusi gabe!
Alejandro.- Lau urte, Juanito, lau urte.
Juan.- Eta zer egin duk ordutik hona?
Alejandro.- Etorri ninduan bainu leku honetara eta nola txikitako eskola ahaztu ez zaidan, etxe honetan nagusiaren liburuak eramaten ditiat…
Juan.- Nora?
Alejandro.- Zerera… bainura. Beti badituk hik horrelako aterakeriak.
Juan.- Ez haiz gaizki bizi!
Alejandro.- Ez, Jaungoikoari eskerrak. Gero ezkondu ninduan.
Juan.- Ezkondu? Eta zeinekin?
Alejandro.- Eta norekin?
Juan.- Pepa zikinaren alabarekin? (Nahi bada kantatzen).
Alejandro.- Ez; nagusiaren ilobarekin.
Juan.- Bai, e? Orduan ez dizkiok liburuak bakarrik eramaten nagusiari.
Alejandro.- Zergatik?
Juan.- Iloba ere bai…! A! Alejandro! hik sudur onak izan dituk beti.
Alejandro.- Mundura ekarri nituenak.
Juan.- Beraz suertea egin duk?
Alejandro.- Kontentu bizi nauk behinik behin.
Juan.- Hobe, hobe. Alegratzen nauk asko.
Alejandro.- Eskerrik asko. Badakik, bada, nire bizimodua. Orain hirea jakin behar diat.
Juan.- Nirea? Nik, mutil, ez diat egin hik adina abildade. Horretarako haiz hi Alejandro eta ni Juanito.
Alejandro.- Eta zer?
Juan.- Alejandro gizon handi bat zela.
Alejandro.- Hiri ere ez zaik eskola ahaztu?
Juan.- Ez, oraindik ez. Maisuak esaten zigunean «Alejandro Manko…»
Alejandro.- Ja, ja! Manko?
Juan.- A! Ez, ez; halere ez banu hartzen. Alejandro Mano.
Alejandro.- Mano? Mutil, g-rekin esaten duk.
Juan.- A! Bai, bai. Alejandro Mango.
Alejandro.- Zer Mango eta jango eta edango.
Juan.- Edan? Sagardo ona balego…
Alejandro.- Edango diagu. Baina esaten duk “Alejandro Magno”.
Juan.- Hori duk, hori duk, herri. Alejandro Maggggno.
Alejandro.- Konta iezadak, bada, hire bizimodua. Badakik lagun zaharrak garela.
Juan.- Bai izan nahi ere. Bada…
Alejandro.- Goazemak, eta kontatzen hasi baino lehen, aterako diat sagardo ederra eztarria bustitzeko.
Juan.- Ondo esana zagok. A zer mauka! Donostian bezala.
Txangurruak jateko,
lanpernak ere bai,
sagardo onarekin
gaudek gu noiznahi.
Donostia eder hartan
bizi gaituk alai,
izan gaitezen beti
Euskaldunak anai
|
Alejandro.- Hori, hori. Goazemak.
Juan.- Goazemak.
|