|
Martzelino Soroa. Hauek istiluak
Bigarren Irudia
II
Manuel (bakarrik) Juan (barrendik)
(Ateratzen da numero 1eko gelatik)
Manuel.- Zer ordu ote da? Hamarrak eta erdiak. Non ote dabil Juanito? (Deika) Juanito, Juanito.
Juan.- (Barrendik) Jauna.
Manuel.- Ni kanpoan naizen bitartean ondo kontu har diezaiola Juanitok nire euskarazko paperari… bai, hain beharrak dira niretzat… Lehengo denboretako paper zahar horietan aurkitzen ditut, sua hauts pean bezala, gordeta dauden aztarnak, pizteko gure maitagarrizko hizkuntza eta izaera onak. (Deika) Juanito.
Juan.- Banoa.
Manuel.- Eta horretarako nik nire lanak nolabait egin behar ditut. (Deika) Juanito.
Juan.- Banoa, jauna.
Manuel.- Ahalegin guztiekin gure Euskara ederrarentzat, zergatik zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta balio handiago du guretzat… (Deika) Juanito.
Juan.- Bai, bai; oraintxe noa.
Manuel.- Euskara nahastu zaigu, baina gelditu zaizkigu zuztar garbiak, eta arbola txukun behar dugu utzi, mozturik adar okerrak. (Deika) Juanito, Juanito.
Juan.- Berehala hor naiz.
Manuel.- Aurretik joan direnen antzean euskara nahasi gabea azaltzeko, nola eguzki ederra bat ere hodeirik gabeko zeru urdinean agertzen den. (Deika) Juanito.
|