|
Martzelino Soroa. Hauek istiluak
Seigarren Irudia
VI
Juan (bakarrik)
Joan da. Nahi dut esan, nagusia joan dela. Nagusia ez da Juan, ni naiz Juan, baina nagusia joan da, eta ni ez naiz joan. Eta nik zer egin behar dut orain? Lehenbizi, behinik behin, itxi dezagun bere koartoko atea, ez dezaten alde egin paper horiek. Koartoko atea! Nagusiak adituko balit, esango lidake ez dela “koartoko atea” esaten, baizik “gelako atea”. Ez dakit nik zergatik hartzen dituen horrelako buruhausteak. Berak nahi duelako. Hori da bere gustua, eta erdaraz esaten den bezala: “gustos que te mereses palos.” Eta zer nagusi ona! Ez du harrokeriarik, eta haren ahotik behin ere errieta bat ez dut aditu. Hamaika horren lekuan aurkituko balira, ez lirateke kabituko Donostiako Kontxan. Nola ibiliko ote da bero honekin bide horietan! Eta nik nola denbora pasa orain? Alejandro libre balego… baina bere liburu eta kontuekin lan asko dakarrela eta… nire gitarra zaharra hartuta jo eta kantatu egingo dut…
|