14. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Anton Kaiku »  Hauek istiluak »  14. Irudia

Martzelino Soroa. Hauek istiluak

Hamalaugarren Irudia

XIV

Juan eta On Liborio (Manuel barrendik)



Liborio.- (Ateratzen da beste jantzi amerikana antzeko batekin eta lebita eskuetan duela). Juanito, zer ari zara? Euliak kontatzen?

Juan.- Hemen nago, jauna.

Liborio.- Egon? Ez daukazu patxada txarra! Eta nire salda?

Juan.- A! salda? Berorren salda? (Hauek istiluak!)

Liborio.- Bai, salda. Ahaztu egin al zara?

Juan.- A! Ez jauna, ez naiz ahaztu, baina… baina… ez dago saldarik.

Liborio.- Saldarik ez dagoela?

Juan.- Ez, jauna, ez.

Liborio.- Nolatan?

Juan.- Nolatan? Halatan. Ahitu delako.

Liborio.- Niri gertatu behar zitzaidan hori ere! Zer egingo da bada!

Manuel.- (Barrendik deika). Juanito.

Juan.- Jauna! (Ai! Halere ez banu hartzen).

Liborio.- Zuri deitzen al dizute?

Juan.- Ez, jauna, ez.

Liborio.- Nola deitu duten Juanito, eta zuk esan duzun “Jauna!”

Juan.- Iruditu egingo zitzaion.

Liborio.- Iruditu?

Manuel.- (Deika). Juanito.

Juan.- Jauna! (Ai!)

Liborio.- Hara berriz.

Juan.- A! Bai, jauna. Egia; eta nik “jauna!” esan dut lehen ere… bai arrazoia du, badaki? nire lagun bati deitzen dio, eta nik noiznahi erantzuten dut haren ordez, badaki? hari laguntzeagatik…

Liborio.- Hori ondo egina da. Tori lebita hau, hautsez betea dago eta…

Manuel.- (Deika) Juanito.

Juan.- Banoa, banoa. (Lebita hartu gabe joaten). (Hauek istiluak!)

Liborio.- Nora zoaz? Ni baino lehenago izan behar al du hark?

Juan.- Ez, baina… nire lagunaren nagusia erretxin xamarra da eta, joko luke… (Nagusiak barka nazala).

Liborio.- Bai, e?

Juan.- Bai, jauna; eta hura da nire lagunik onena eta hura jotzea da ni joko banindu bezala…

Liborio.- Zoaz, bada, zoaz, baina lebita hau…

Juan.- Eskuilatuko diot berehala (Hartzen dio lebita).

Liborio.- Mutil, ba al hator edo ez?

Juan.- Banoa, jauna.

Liborio.- Zoaz lehenbailehen. (On Liborio sartzen da gelan).





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org