|
Martzelino Soroa. Hauek istiluak
Hemeretzigarren Irudia
XIX
Lehengoak eta On Liborio (mahuka hutsik)
Liborio.- Baina, Juan.
Juan.- (Orain azalduko da pastela).
Manuel.- Oi! nire osaba. Zer dabil, osaba?
Liborio.- Kaixo, Manuel!
Juan.- Osaba?
Manuel.- Zer dio?
Liborio.- Ondo, ondo, eta zu?
Manuel.- Ni ere bai.
Juan.- (Orain Pasaiako xexenak).
Manuel.- Mahuka hutsik dabil? Bero dago, bai, bero.
Liborio.- Zer bero? Eta bero dagoelako al zabiltza zu nire lebitarekin?
Juan.- (Kantari) (Xexenak dira…)
Manuel.- Berorren lebita?
Liborio.- Bai, nirea.
Juan.- (Kantari) (dira…)
Manuel.- Nolatan bada?
Juan.- (Kantari) (Harrapatzen bazaitut…)
Liborio.- Txori honek jakingo du.
Juan.- (Kantari) (Harrapatzen bazaitut…)
Manuel.- Juanito, zer gertatu da hemen?
Juan.- Zer?
Manuel.- Bai, zer?
Juan.- (Kantari) (Bertan, bertan hilko zaitut…)
Manuel.- Ez duk erantzuten?
Juan.- Uste gabean trukatu egin ditudala berorren erropa eta jaun honena. Har beza berorrena.
Manuel.- Baina nola? (Bitarte honetan eranzten du lebita, ematen dio On Liboriori, janzten du honek lebita eta Manuelek amerikana).
Juan.- Esan zidan Alejandrok, etxe honetako nagusiaren ilobak, jaun honek laguntza behar zuela zortzi eguneko, zergatik bere laguntzailea joan zitzaion egun batzuetako etxera eta…
Liborio.- Egia, egia.
Juan.- Eta nola berorrek esan zidan ez zela etorriko hamar edo hamabi egunean, eta jaun honek zortzi egunerako nahi zuen laguntza, denbora errazago pasatzeagatik, eguneko bederatzi erreal esan zidanez, berorri kalterik egin gabe hartu nuen egiteko hori.
Liborio.- Egia hori ere.
Juan.- Gero bi arropak eskuilatu eta ematerakoan, nahastu ditut. Jaun honek hasierakoan eman zidan propinatxo bat…
Liborio.- Egia.
Juan.- Bai, jauna. Nik egia esaten dut beti.
Liborio.- Gezurrik esaten ez duzunean.
Manuel.- Gezurrak ere bai?
Liborio.- Esan ez didazu lehen, jantzi hori (Manuelen amerikanengatik) zure lagun baten nagusiarena zela?
Juan.- Zafatzeagatik jauna, zafatzeagatik. Barka biezat.
Liborio.- Barkatzen dizut, bai. Eta zure lagunaren nagusia erretxin xamarra dela eta joko lukeela?
Manuel.- Hori ere badugu?
Juan.- (Manueli). Zafatzeagatik jauna, zafatzeagatik. Barka biezat.
Manuel.- Barkatzen diat, Juanito. Eta berori, osaba, nolatan agertu da hemen?
Liborio.- Banekien hemen zinela eta ikusirik zu ez zentozela niregana, gogoratu zait hona etortzea. Horrelaxe, Manuel.
Manuel.- Eskerrik asko, osaba. Baina ni berorrengana joateko asmotan atera naiz oinez, eta aldapa gora hasi naizenean beroak ikaratu nau eta bihurtu naiz hona. Etxean ongi dira guztiak?
Liborio.- Bai, Manuel, Jaungoikoari eskerrak. Eta zuk berri onak dituzu?
Manuel.- Bai, osaba; osasuna dutela.
|