|
Marzelino Soroa. Au ostatuba
Lenguak eta Txomin sartzen dala kantari
Txomin: Jauna.
Ostalariya: Mutill, eztarriko zintzarriya moztuko diat.
Ona nun dituzten kuartuak.
Inazio: ¿Emen beti jendia izango da?
Ostalariya: Bai, jauna. Nola Donostiko bidian dagon ez da beñere falta.
Kaxilda: ¡Ai noiz arkituko naiz ni andre Joxepanian txokolatetxua artzen! Zergatik jakin biar du ni ez banaiz ezkondu ez da faltatu zaizkitalako...
Ostalariya: ¿Goguak?
Kaxilda: Ez; gizon gayak, bañan...
Inazio: Zaude ixillik, Kaxillda...
Ostalariya: Barkatu bezate, bañan beok noski urrutitik datoz?
Bizente: Bai, sobra. Zenbat bide dago emendikan Donostira?
Ostalariya: Emendik Donostira... emendik Donostira... dozena bat... amalau legua inguru.
Kaxilda: ¡Ai amalau legua! Zuk dituzu kulpak. Ez gera beñere alleatuko, burnizko bidian ez jartzeko seta orrekin.
Inazio: Bai; lepo ezurra austeko eta berandubago alleatzeko. Utzi, utzi berriketa oyeri eta ia zer degun jateko.
Ostalariya: Eska bezate. Ez dakigu been gustoa, bañan ez da faltako.
Kaxilda: Guk nai degu ondo tratatzia, zergatik ez gaude nolanai oitubak eta ni ez banaiz ezkondu ez da...
Inaxio: Ixooo, Kaxillda. Jarri aguro eta kosta ala kosta. Artako gera indianuak; bañan al dan merkiena ¿aitzen?
Ostalariya: Bai, bai. Jango al luteke... indiyano bat... edo indi-ollo bat?
Kaxilda: ¿Zergatik ez?
Ostalariya: Gaur goizian... Ez da egiya, Txomin? il degu bat arrua t’erdikua.
Bizente: Bai, bai, jarri.
Inazio: ¿Kaxuelan al dago?
Bixente: ¿Erria edo gisatuba?
Ostalariya: Onezkero baitare urtuba, zergatik gaur eguardiyan etorri diran jaun batzubek jan dute.
Guztiak: ¡Ba, ba, ba, ba!
Txomin: ¡Ta zer ederra zeguan! ¡Zer gizena!
Ostalariya: Bañan beste zerbait izango da.
Inazio: ¡Zer bada! Esan eta ez izan orren pixuba.
Ostalariya: ¿Jaten al dituzte ollagorrak?
Bixente: Neretzat platerik onena orixen da.
Kaxilda: Saltsa goxuekin. Bai, ni ondo oituba nago, eta ez banaiz ezkondu ez da...
Bizente: ¡Kaxillda...!
Ostalariya: Emen agertzen dira bada noizik beiñ...
Inazio: ¡A zer poztasuna!
Ostalariya: (Deika) Txomin.
Txomin: Jauna.
Ostalariya: Emendik pasa dan extari batek ¿etzeamazkiyen iru edo lau?
Kaxilda: Deitu bada, edo dijuala mutilla zaldiz ekartzera.
Txomin: ¡Zer! Ori gerta zala bada onezkero urte bete.
Ostalariya: Ezta lau illabete’re ¡astua!
Inazio: ¡Ederki gaude gosiak iltzen!
Kaxilda: ¡Ai, flakiyak iya bota nau!
Bizente: Bañan ¿zer jan biar degu?
Ostalariya: Eskatu bezate: ez dakigu beoen gustua, bañan ez da faltako.
Bizente: (Bezagitzen) ¡Ez da faltako, ez da faltako! Deabruak ditu gizon onek gorputzian.
Inazio: Tira aguro beste zerbait.
Kaxilda: ¿Jan al litezke ollasko pare bat gisatuta illarrarekin?
Ostalariya: Bai, bai, eta orixen da errexena.
Bizente: Beriala lumatzea.
Inazio: Piztu suba.
Ostalariya: (Burua arraskaka) Bañan...
Guztiak: ¿Zer, zer?
Ostalariya: Kasua da...
Bizente: Kazua anbat da lurrezkua nola burnizkoa.
Ostalariya: Kasua da...
Inazio: Erozein.
Ostalariya: ...gure ollaskuak ez dirala oraindik arrautzetik atera.
Kaxilda: ¿Ez dirare txituak?
Bixente: ¡Arrania!
Inazio: ¡Auxen dek komediya! Ez det nik oraindik treatuan ere beste orlakorik ikusi.
Bizente: Ezta bestelakorik ere.
Kaxilda: Sekulan ez da izan ta.
Inazio: Ezta nai’re. Txorakeri oyek ikustiatik diruba eman.
Kaxilda: Tripako miñ batek eramango zinduke.
Inazio: Alare, Habanako kalietan ikusi izandu det gauza arrigarri bat. Beltz bat, amukua abuan sartu, su eman eta jaten gutxinaz lau arrua.
Txomin: Ez dira emen orla mantentzen.
Bizente: Ori bañon geyago ikusi izandu det nik. Zaldi bat erantzuten zubena galdea guztiari.
Ostalariya: ¿Euskaraz ala erderaz?
Bizente: Ankarekin.
Txomin: (Ostalariyari) Beorrek neri bezela.
Ostalariya: Txomin, artuko dek... (meatxatzen)
Txomin: Ez, ez.
Inaxio: Mutill biziya diruri onek.
Ostalariya: Bai; ostiko bat artu orduko konturatzen da.
Kaxilda: Bañan ¿zer egin biar degu?
Bizente: Beriala emendik jutia da onena.
Kaxilda: Jarri ezatela kotxia.
Ostalariya: ¿Bai al dijuaz orrenbestekin?
Inazio: ¿Zer jan biar degu bada?
Bizente: ¿Ez al da bakallabikan?
Ostalariya: ¿Bakallaba? Ez da beñere falta etxi ontan.
Bizente: Konpondu bada aguro tomate pixka batekin.
Ostalariya: Bañan kasua da...
Inazio: Ez dubela ezer esan nai kazua edo kazuelak.
Ostalariya: ...nere semiak eskolara eraman dubela atzetik zintzilik.
Bizente: Ez gaituzula zoratu zure astakeriyekin.
Kaxilda: Ez dakagu farra egiteko gogorikan.
Inazio: Guazen, guazen emendik.
Kaxilda: Guazen lenbailen. ¡Ai!, ez nago ni orrela oituba, eta ez banaiz ezkondu...
Bizente: Ezin zendubelako. Ixooo.
Ostalariya: Ez bitezela aserretu orrengatikan. (Morroya kantari). Ago ixillik, ez dek baliyo serenotzako’re. Zer nai duten eska bezate eta ez da faltako.
Inazio: Ez da faltako, ta ezer ez dago.
Ostalariya: Beok jango luteke gustora arrayen bat edo beste.
Bizente: Bai, bai; naiz korkoi pare bana.
Ostalariya: Bañan...
Guztiak: ¿Zer?
Ostalariya: Itxasua aiñ urruti dago emendik...
Bizente: Eta zure juiziyua ere bai.
Inazio: Naiz sardin zarrak...
Ostalariya: Emen zartu bañan len akabatzen dira sardiñak. Nola jende asko ibiltzen dan...
Bizente: Besterik ez bada, ez da izango arrautz pare bat?
Ostalariya: Eta beorri bezelako gizon batek egitia galdea ori!
Bizente: ¿Zer txar du bada?
Ostalariya: Ez balin bada ollorik ta ollarrik etxian ¿nola nai du izatia arrautzak? Ez det ikusi beñere pronostikuban orlako galderik.
Kaxilda: Nik usten det zuk ez dezula urikan ere.
Ostalariya: Ortan gaizki pentsatzen dute. Badakagu putzutxoa ¡ur batekin! Pixka bat loitsuba da, ta zikiña ta gaziya... bañan gure manduak eraten dute eta guk ere bai.
Bizente: Manduak bañan manduago zeratelako. Guk bada ez.
Ostalariya: ¿Zer nai dute bada azkenian?
Inazio: ¿Azkenian? Aurrenian ere artuko genduke zerbait.
Ostalariya: Eska bezate bada. Ez da faltako.
Inazio: Guztiya ezer ez dan lekuban.
Ostalariya: ¿Nai al lituzteke baratxuri sopa batzubek?
Bizente: ¿Zer esaten dezu?
Kaxilda: Nik barrengo moteltasuna kentziagatik baita porrubenak ere. ¡Zeñek esan biar zian neri ontan arkitu bear nintzala! ¡Ez nago orrela oituba, ez! eta ez banaiz ezkondu...
Bizente: Ezta ezkonduko’re.
Kaxilda: ¿Zer dakizu zuk?
Inazio: Nik gosia iltzeko erozein gauza.
Bizente: Jarri bada aguro.
Ostalariya: Beriala egingo diyotet plater eder bat. Txomin, ua errotara eta ekar zak ogiya.
Txomin: Ba, jauna. (Kantari).
Inazio: Ez degula musikikan bear emen, jakiya biegu.
Bizente: ¿Ta ez al da ogirik etxean?
Ostalariya: Ekarriko du errotatik istantian.
Kaxilda: ¿Zenbat bide dago emendik errotara?
Ostalariya: Gutxi. Iru legua eskas.
Kaxilda: Etorri bañan len gogortuko da bidian.
Inazio: Esayozu ez nekatzeko.
Bizente: ¡Au gizon animaliya! Kotxia jarri ta guazen.
Ostalariya: Pazientzirik nai ez badute artu eta juteko burutaratubak badaude, Txomin, atera zak tintontziya, papela ta pluma, eta jarri akiyok jauna aberi kontuba.
Guztiak: ¿Zer kontu?
Bizente: ¿Erotu al zea, gizona? ¿Zer eskatzen dezu?
Ostalariya: Ezta luzia. Lau errial bi oi, eta sei errial kuartuak, amar.
Kaxilda: ¿Zer kuarto pagatu biar degu ez bagera sartu ere?
Ostalariya: ¿Ta nik zer kulpa det? Beok eskatu dituzte, nik eman diyotet eta or daude beoen zai ondo garbiyak eta txukunak...
Bizente: Ori pagatu bañan len....
Ostalariya: Ikatza ta egurra...
Bizente: Aski da, ¡ijitua!
Inazio: ¡Lapurra!
Kaxilda: ¡Kontzientzi bide bagekua!
Ostalariya: Ikatza ta egurra sei... amasei...
Bizente: Makillazo artu biar zendituke...
Ostalariya: Atariko arriya gastatzen dana kurpillekin kotxia pasatzian...
Guztiyak: ¡¡Ixoo, ixooo!!
Ostalariya: Bost... orra ogei ta bat.
Inazio: Guazen emendikan.
Besteak: Guazen, guazen.
Ostalariya: Sartzen duten bulla ta ojubengatik... amabi... ogei ta amairu.
Bizente: Itzalpera eramango zaitut.
Ostalariya: Oyez gañera eman bezate zerbait neskatxentzat orratzetako eta mutillari nai dutena trago batentzat.
Kaxilda: Tragatuko zinduket nik.
Ostalariya: Traga beza nai badu senarra ezkontzen danian.
Kaxilda: ¡Lotsa gabia!
Txomin: (Leyotik begira.) Extari bat dator erbi batekin.
Ostalariya: ¿Erbi batekin? Banua.
|