1. 01. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Baina zein naiz ni? »  1. 01. Irudia

Martzelino Soroa. Baina zein naiz ni?

Lehenengo Egintza

Iruditegian azaltzen da mendi-basoa, etxola baten sarrera estalki batekin ikuslearen eskuinetan dagoela. Erdian, arbola azpian, harkaitz antzeko eserleku bat. Menditik beherako bide bat harkaitz tartean. Bere denboran tximistak eta trumoiak.



Lehenbiziko Irudia

I

Batixta, Patxi eta Atanasio (makila luze banarekin eserita.)



Batixta.- Baina, noiz arte ibili behar diagu festa honetan? Goizeko lauetatik hona mendian gora-behera pauso franko alferrik eman ditiagu. Neka-neka egin nauk.

Atanasio.- Hala duk; baina ezin utziko diagu lan hau esku artetik, gure eskuetan txoria erori arte. Badakik nagusi jaunak agintze gogorra egin zigula.

Batixta.- Bai; eta atzo honela, gaur honela eta...

Atanasio.- Beharbada, bihar ere honela. Gure nabugoki edo maiorazkoa aurkitu arte ezin bihurtuko gaituk etxera, eta bera eramanik gurekin batean.

Patxi.- Ez ditik, bada, nahaspila txarrak jartzen! Eta ezagutzen al duk?

Atanasio.- Ez, ezagutu ez. Mutil koxkor bat zenetik ez omen duk gure nagusiaren etxean aurkitu; baizik bere estudioetan ibili Frantzia eta Ingalaterrako eskola handietan, eta gero urez joanda, harritzekoak izan behar ditek horrek egindako itsas bideak. Jo omen ditik munduan diren bazter guziak eta gehiago.

Batixta.- Arraiea! Ez gutxi ere! Beste munduan edo non?

Atanasio.- Hori duk esatea; esaera batez, esaera batera, Sebastopolen ere izan dela eta...

Batixta.- Eta non dago hori?

Atanasio.- Non? Hara, kontu atera ezak hau dela mundua (makilarekin borobiltasun bat eginik, eta handik kanpoan urruti seinalaturik.) eta... Hemen.

Batixta.- Mundutik kanpoan?

Atanasio.- Hor nonbait Eta gazterik joan zuan gero, diotenez.

Batixta.- Baina ezagutzen ez badiagu, nola konturatuko gaituk zein den?

Atanasio.- Aska ezak, bada, burua. Ez al duk sumatzen?

Patxi.- Nik ez behinik behin.

Atanasio.- Patxi-kirten izanik, ez nian uste horren kirtena izango hintzela.

Patxi.- Eta erraz al duk sumatzea, bada?

Batixta.- Hiretzat ez behinik behin; baina ez duk harritzekoa besterentzat ere.

Atanasio.- Nik bazekiat... dakidalako.

Patxi.- Horrela alderatuko nindukek ni ere zerbait sumatzera.

Atanasio.- Bada nagusiak aditzera eman zidaan zer eta nola ezagutu eta hori hark ere bestez jakinik.

Batixta.- Baina gure nagusiak ere ez al dik ezagutzen...?

Atanasio.- Eta nola ezagutu horrenbeste urtean ikusi ez badu, hau da, haur bat zenetik? Gure nagusiak nahi zian eduki iloba berekin, bere aldamenean, zoraturik dagoelako jakiteko haren itsas bideko kontu harrigarri guztiak, eta iloba atera zela noski bere osabarengana etortzeko asmoan eta gaur duk eguna agertu ez dena.

Batixta.- Orduan osaba larriturik egongo duk, zer gertatu ote zaion...

Atanasio.- Bai, alde batera bai; baina ez duk estutzen hainbesteraino, jakinik iloba horrek dituela oso xelebrekeria handiak, eta barre eginarazteko sumaturik aterakeria jolasgarritsuenak, eta baita litekeela ere ukatzea bera dela edozein gezur sorturik, baina ez sinisteko hari ezer eta onez onean nahi ez badu joan, indarrean eramateko.

Batixta.- Eta ezagutu? Nola?

Atanasio.- Horretarako, esan zidaan zeramala soin harizko zaku antzeko luze bat, mantar hankak edo polainak, eta kipi-kapazko txapela. Gainera berekin zeramala txakur bat. (Altxatzen dira.)

Batixta.- Horretara antza har lekiokek. Baina alde hauetan horrela ibiltzeko kasketaren bat jarriko zitzaioan bada?

Atanasio.- Badik, noski, zerbait zer ikusi beharra. Itsasoa utzi eta lurrari eutsi behar omen ziok, eta maiorazkoa nola den, andregaia ere ez dik nolanahikoa beharko.

Patxi.- Orduan bazekiagu: ehizaren ondotik zabilek. Eta guziak horrela direla erraz izango al da maiorazko jaun bat gurekin eramatea, gogoz etortzen ez bada?

Atanasio.- Aginteak aginteak dituk; gure nagusia nagusia duk; gainera alkatea, eta alde batera edo bestera, haren esanari ahaleginean konplimendu eman behar zioagu.

Batixta.- Bai, hori hala duk, baina bere zailtasunak izango ditik gauzak.

Atanasio.- Guk saiatu egin behar diagu, eta horretarako ibili norbaiti galdeturik bidea.

Batixta.- Hara han, mutur aldean azaltzen duk norbait baina ez dik maiorazkoaren itxurarik. Ez dik jantzi zuririk eta zakur...

Atanasio.- Gorririk. (Oihuka barren aldera.) Adiskidea!





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org