|
Martzelino Soroa. Baina zein naiz ni?
Bigarren Egintza
Iruditegia da jangela bat. Erdian mahai ondo jantzitako batean plater, botila, baso eta beste gauzak. Aldamenean silla bat eta handik urrutiago sillatzar biguna, mahai txiki bat aldamenean duela, paper, liburu eta kanpanilla edo tinbre elektrikoa deritzonarekin alde bakoitzean mahaitik kanpoan. Baten aldamenean beste mahai txiki bat kanpanilla elektrikoarekin. Ispilu handi bat armairu baten gainean. Beste etxeko gauza ederrak.
Lehenbiziko Irudia
I
Joxe Anton (bakarrik)
Maiorazko jauna gora eta maiorazko jauna bera. Zerbait nahi badu eskatu. Zerbait nahi badu agindu. Eta nik zer agintzen dut? Esaten diet atariko atea nahi dudala hartu. Eta, ezetz. Handiegi irudituko zaie, noski, atariko atea hartzeko. Kanpora joan nahi dudala, eta ezetz. Hau al da agintzea? Hau da morroi bat baino okerrago izatea. Eta bitartean nire ardi maiteak han egongo dira bee eta bee... (Indarrarekin.)
|