2. 02. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Baina zein naiz ni? »  2. 02. Irudia

Martzelino Soroa. Baina zein naiz ni?

Bigarren Irudia

II

Joxe Anton eta Leandro



Leandro.- Deitzen al du, maiorazko jauna?

Jose Anton.- Zer deitu, eta zer maiorazko, eta zer nagusi?

Leandro.- Je, je!

Jose Anton.- Je, je?

Leandro.- Umore ona beti berorrek.

Jose Anton.- Umore... Baina ez dizuet esaten ni ez naizela...

Leandro.- Berori?

Jose Anton.- Hura?

Leandro.- Ura ez.

Jose Anton.- Ezta sagardoa eta ardoa ere.

Leandro.- Je, je!

Jose Anton.- Zer je, je, eta ji, ji?

Leandro.- Jo, jo!

Jose Anton.- Jo? Ju, jujuuuu! (oihuka) Irrintzi egiten dugu guk.

Leandro.- Baina zer broma duen!

Jose Anton.- Guk egiten dugu irrintzi, eta zuek arrantza!

Leandro.- Je, je!

Jose Anton.- Arrantza bapoa egin duzue nirekin, ez duzue arrain txarra harrapatu.

Leandro.- Baina zer gauzak esaten dituen!

Jose Anton.- Zer gauzak? Tira, zein naiz ni?

Leandro.- Berori... berori! Ez al dakigu, bada?

Jose Anton.- Bai, e? Eta jakinda, nola zabiltzate nahaspila hauetan? Tira, zein naiz ni?

Leandro.- Berriz ere horretan da? Zein izango da? Maiorazko Martin Kintin jauna.

Jose Anton.- (Haren antzean) Maiorazko jauna!

Leandro.- Horra bada.

Jose Anton.- Horra ez bada.

Leandro.- Baina Kintin jauna...!

Jose Anton.- Zer Kintin eta tintirintin! Zoratu nahi al nauzue?

Leandro.- Berorrek esango dituenak!

Jose Anton.- Nik esango ditudanak dira ez naizela Kintin baizik Joxe Anton artzaina.

Leandro.- Ja, ja, ja!

Jose Anton.- Eta jantzi hau ez dela nirea. (Harizko zakuarengatik.)

Leandro.- Ja, ja, ja! Zer barreak egingo dituen berorren osabak, datorrenean.

Jose Anton.- Nire osabak?

Leandro.- Bai, gure nagusi jaunak.

Jose Anton.- Bai? Bada datorrenean, esaiozu presa nuela eta joan naizela; eta etorriko naizela, harkaitzek lorea ematen dutenean.

Leandro.- Barka beza, baina inola ere ezin liteke hori. Aginte gogorrak hartuak ditugu, eta berorri alde egiten utziz gero, guk ikusi beharko genituzke istilu gorriak.

Jose Anton.- Eta nik, istilu zuriak ikusi behar al ditut? Beraz, ni, ez naiz ni, e? Eta ni hura naiz, eta hura ez da hura, eta hura ni da eta...

Leandro.- Ja, ja, ja! Berorrek agindu besterik ez du nahi duena.

Jose Anton.- Agindu, agindu! Tira, bada; ateak ireki niri.

Leandro.- Hori ezin liteke, jauna.

Jose Anton.- Eta agindu besterik ez dudala?

Leandro.- Badaki, gainera, osaba jauna, alkate dela.

Jose Anton.- Alkatea? Eta horrengatik jartzen dit katea?

Leandro.- Eta ukatzen badio berorrek berori dela...

Jose Anton.- Baina nola ukatuko diot nik, ni, ni naizela?

Leandro.- Orain bezala esaten badio.

Jose Anton.- Orain bezala esango diot, bada, zergatik ni ez naiz ni arranoa! Esan nahi dut ni ez naizela zuk uste duzun ni, ni ez naizela berori, hura dela ni, zuk uste duzun ni; eta ni ez naizela berori, berori dela hura, eta hura dela hura, eta ni naizela ni, eta... Erotuko nauzuela utzirik jakin gabe zein ote naizen ni.

Leandro.- Bada lanbide okerra izango du bere horretan badago.

Jose Anton.- Non egongo naiz, bada, ez banauzue uzten joaten beste aldera?

Leandro.- Eta gure nagusi jaunak aditzen badio, bere biziko kartzela dauka.

Jose Anton.- Zeinek? Hark?

Leandro.- Berorrek.

Jose Anton.- Nire biziko...

Leandro.- Kartzela. Justizia egiteko oso alkate zuzena da.

Jose Anton.- Hori ez litzateke, bada, justizia izango.

Leandro.- Ezetz? Bere ilobarentzat izango da osaba nahitasun handikoa, baina gezurtatua agertzen bada, osabaren ordez aurkituko da alkatea.

Jose Anton.- Beraz? nik indarrean, nahitaez, izan behar dut osabaren iloba?

Leandro.- Indarrean ez; onez onean.

Jose Anton.- Eta iloba naizen bitartean nork kontu hartuko dio nire artaldeari?

Leandro.- Umore onak berorri ez dio noski uzten.

Jose Anton.- Zuk bai ez didazula uzten hemendik ateratzen.

Leandro.- Bazkaria, ekarriko diot nahi duenean, nagusiak agindu bezala.

Jose Anton.- Bazkaria? Gizona, horrenbeste bider esanda, horrelako gogoa badaukazu niri jaten emateko ekar ezazu. Bai: bai; ez da gauza txarra. Ekar zenezake noiznahi; besterik ez bada nahaspila hauek ahazteko.

Leandro.- Berorren baimenarekin, maiorazko jauna... (doa.)





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org