Bostgarren Jolasa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Baratzan »  Bostgarren Jolasa

Marzelino Soroa. Baratzan



Bostgarren Jolasa





¡Alare lagunekiñ datorrenian!

Bai, Batista. ¿Nola gera?

Ondo, jauna, ondo. ¿Ta beok? ¿Zer diyo damatxo onek? ¡Au alabatxua dakarrena! ¡Ze bapa! Azi da gogotik. Beorri baño geiago egin da.

Bai; abek gora datoz.

Bai, jauna, ta gu makurtzen. Zartu ta kokotza luzatu, ta sudurra ere bai, ez da gauz onik.

Ala biar. ¿Oraiñ ere atxurketan ari zera?

Geiegi. ¡Emen zer dagon balekiteke! Betoz, betoz; atxur geiago baditugu.

Eskerrik asko. Gerriyak gogortxuak dakazkit.

Biguntzen dira bada emen ederki.

Ondo axaletik ari zera beñepin.

Ala eskatzen du gauzak. Egundañoko ixtilluba daukagu, jauna. Ez du beorrek bere biziyan ikusi orlako komeririk,

¿Zer da bada?

¿Zer dan? Diabrukeriyak egiten dizkigutela lugartzak.

¿Lugartzak?

Bai, jauna. Ara: oraiñ ere muturra moztu diyot bati. Begira bezayo: legorreko langosta dirudi. Itxasokuak bezela ditu bi agiñ luze, bakoitza iru ortz txorrotxekiñ, atzaparrak, tripa azpiya, ta gorputz guztiko itxura.

Ala ditu bai.

Pizti txarrak dira oyek, jauna.

Bada badira orla piztiyak ain erruz, zeruba estaltzen dutela, eta Ameriketan geldi-azitzen dituztenak zaldizkoak eta burni-bidetako trenak.

¡Aundiyago da orreatikan ori! Abekiñ bada oso lan gogorra dakagu. Pizti abek eramaten dutena, izugarriya da. Oraiñ ere bi bider piperrak aldatu ditut, jauna. ¿Badaki? Piperren zañak ebaki, ta ilda uzten dituzte.

Orduban kazkarabarrak, uxuak, pintxanak eta burrioyak baño okerrago dira.

Esango nuke bayetz.

¿Ta asko da?

Eunka daude emen bertan ere, ta kabiyak lurren axalian egiten dituzte.

¿Eta ez al da oyentzat erremediorik?

Erremedioa... Tolosa baño beraxiago omen dago Ama Birjiña Erremediokoaren ermita.

(Ermita ori Tolosa ta Irura bitartean zegoen, Irurako partean. Orain etxe-bizitza biurtua dago. Auspoaren oarra.)
Ala dago bai, ondo polita.

Bestela abentzat onena da, egunero landariak jorratzia. Ona nun duben beste bat; erdi erditik ebaki det. Ona dala diote ere, dauden lurren erdiyan, zulo bat egitia, eta an zimaur berua botatzia, ta lugartzak biltzen dira berotasunera, eta an bertan txautzia onena.

Bai, errezago izango da.

Ara bestia. Muturra austeko lugartzari auxen da onena. Itzal aldian ez da batere, bañan eguzkiyak jotzen duben lekuban, erruz da, jauna. Udan axal-axalian egoten dira, ta neguban oso lurpian sartzen dira. Ona bestia. Kuadru ontan au azkenekua izatiatik, ogei pezetako bat emango nuke.

Aldabako bikariyuak konjuratuko balitu, denak ilko lirake.

¡Emango geniyoke bada diru ederra? Baña ez da Aldabako bikariyorik emen abek konjuratuko ditubenik.

¿Zergatik ez?

Ez omen dute baliyo emen konjuruak. Donostiarrak fede gutxi dutela ta...

¿Orren gutxi?

Ala diote, jauna.

Izan liteke batzubek otz xamarrak izatia, bañan guztitatik izango da.

Nik ala uste.

Bada fedeik ez dan lekuban, ez da gauz onik.

Ez, jauna, ez.

Oraiñ lugartzak jaten badituzte landare batzubek, federik ez balitz, ez lirake faltako beste lugartza aundiyagoak, dituzun bazter guztiyak arrotuko lituztekenak.

Bai ¡ayeri atiak zabalik utzi besterik ez leoke! Ara beste pixti berriya. ¡Abek ere lanbide ona ematen dute bada!

¿Zer dira?

Ar gorrixta me batzubek, gaitz aundiya egiten dutenak.

¿Bai, e?

Bai, jauna. Azpitik gora nundik-nai sartzen dira. Ar abek konjuratzeko deitu omen zioten bati, ta konjuratu ta gero eman omen zioten amar pezetako bat ta bazkari ona, jendia oso pozik gelditurik. Bañan arrak berriz azaldu omen ziran, eta galdetu omen zioten nola litekean gertatu ori, arrak konjuratu ta gero. Eta erantzun omen zuben: “Ezta ori gauza arrigarriya. Nik arrak konjuratu nituben, baña emiak geldituko ziran.”

¡Ja, ja, ja, ja! Ez dago gaizki esana. Bañan zubek ere ezer ez bezela ta burubari atz-egiñaz, erdizka esan ta osorik adiazitzeko gisan sartzen dituzute ziri onak.

¿Guk, jauna?

Zubek ez: baserritarrak. Aterakeri marrajotxuak...

¡A jauna! Gu bian egon ordia ta... guk ere zerbait esan nai ta... nolapait moldatu bear ta... Beok lasayago esaten dituzte goitik bera, bai.

Oraiñ ere beste ziriya sartu dezu zuk.

Aitzen deguna, jauna.

Bada, orain urte batzubek dirala, atera ziran Goyerrin etxetik bi apaiz, ta jun ziran ibilli bidez Ikaztegietako onduan dagon Aldabako etxadi edo barriyo aldera. Bat gelditu zan zigarrua pixtutzen, eta bestiak, nola izaten zuben jolaseko gogua nekazariyekin, aurreratu zan an artogareak ateratzen ari zan baten ingurura, esanik: “Arratsalde on, gizontxua.” “Bai berorri’re.” “¿Artogareak ateratzen ari al zera?” “Bai, jauna.” “¿zergatik ateratzen diozute?” “Esango diot: batetik ganaduari jaten emateko, eta bestetik, mesede du artuak, zergatik intza sartzen zayo artoari eta freskoago egoten da.” ¡Zer arto ederrak dauzkazuten!” “Bai, jauna; igaz denbora onetan baño obeak.” “Igaz ere onak izango ziñituzten, zergatik zimaur asko botatzen diozuten.” “Bai, jauna, baña ¿ez al daki zer gerta zitzaigun?” “Ez dakit.” “Orrako berorren lagun ori, askok uste du apaiz ona dala baña... gizon gaiztoa da ori.” “¿Zergatik?” “¿zergatik esaten du? Orrek ondatu ginduzen igaz.” “¿Nolatan?” “Esango diot. Gure apaizari gertatu zitzayon Tolosara juan bearra, eta ori jarri zuten kontu artu zezala gure barriyora, eta ¿zer gertatu zan? Kargatzen da trumoi aundi bat arratsaldera, apaiz guztiyak beren parrokietan jarri ziran konjuruan, eta orrek nola bai zekien gurea kanpoan zala eta ez genduela nork esti edo atzera eragiñik, guregana bota zuen sekulako arriya... Gu bildu giñan elizara jende guztia, jo genduen kanpaya, erre genituen belar onak, bañan trumoi arri atzera eragiteko ez gendukan bertuterik, eta orra nun kanpo guztia galdurikan utzi zigun. Orrek... orrek...”

Baserritarren batek sortuba izango da kontu ori ere...

Ez da sortuba’re; egiyazko jolasa da. Lengo egunen batian bota emen du arriya Irun aldian.

Bai, jauna; bañan gabian, ta gabeko arriyak ez du bertuterik, jauna.

¿Ez, e? Illunpetan ez du ikusiko ta ez jo ere.

Ez, jauna. Zarretatik ala da aitzia, eta egundaño guk ere ez degu ezagutu. Egunez egiten du gaitzik aundiena, eta batez ere eguerditik labak edo bostak bitarteko arriyak.

Bai, orrek badu bere izaera.

Izango du, jauna.

Alkatxofak politak daude.

Bai, jauna; batzubek eman dituzte.

¿Orren goiz?

Goiz ez da, jauna. San Josietako asten dira udaberrikuak eta beste abek ematen dute geruago, udan.

¿Ta baburrunak?

Ondo dijuaz.

Datoz, esan zazu. ¿Ni sagarrekiñ bezela asten al zera?

Arrazoi du. Jayo dira ta euririk ez dute geiago biar, baizik eguzki ederra.

¿Ana Mari etxian da?

Bai, jauna.

Barrena guaz bada.

Bi juaz, bi juaz. Sarri naiz ni’re beokin.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org