|
Marzelino Soroa. Baratzan
Batista ¿zer du beyak orrela marruaz?
Asarre dago, jauna. Atzo umia saldu geniyon ta...
¿Diru ederrik artuko zenduten beaz?
Poliki xamar artu degu bai...
¡Poliki xamar! ¡Poliki xamar! ¿Noiz aoa betian esan bear dezute gauza bat?
Aoa betian, jauna,... ¿erraz al da ezer esaten?
Zubentzat ez beñepiñ. Ta ¿zeñi saldu diozute?
¿Zeñi saldu? Oker esanda zuzenena aitzera emango diot. ¿Badaki Loyolako Anton, Balia deitzen diotena?
Bai ba.
Arren semeari, jauna.
¿Ta jakin leike zenbat diru artu dezuten?
Aguro esango diogu, jauna.
Ori galdetzen dizut zergatik beiñ Errenteriko feriyan, arkitu nitzan idi paria saldu zuben batekiñ, ta galdetu niyon: ¿Idiyak saldu omen dituzu?” “Bai, jauna, bai” erantzun ziran. “¿Ta nola eman dituzu?” “Merke, jauna, merke.” Ta etziran geiago esan. Gero bidian ikusi nuben eroslea idiakin, ta galdetu niyon ere: “¿Gaur egin da tratu ona, e?” “Bai, jauna, bai.” “Pare ederra daramazu.” “Ala, bada, ala.” “¿Ta nola artu dituzu?” “Dirubarekin. Garixti, jauna, garixti” erantzun ziran ojuka, ta ez batak eta ez besteak etziraten esan zenbatian sal-erosi zituzten.
Jolaserako gogua zeukala usteko zuben ta...
Beti kezka.
Guk bada bi ontza t’erdi artu ditugu, jauna.
Ez gutxi ere.
Ume galanta zan ordia.
Ala zan, bai. ¿Badakizu bidian ikusi detala Galburutxinpartategiko gizona?
¿Ikusi du beaz?
Bai; oso galduba dago gizon ori.
Ala dago, bai. Erariyak, jauna, erariyak.
Orduban oker dabill.
Aisa dabill oker. Frankotan ikusten al degu okerka.
Ez da bada okerka aisa ibilduko.
Ez gizarajua, ez. Oraiñ berriro etxetik ateratzen asi da. Len ere egon zan estuturik buruba nastu ta gorputzeko dardarrako aundiyakin, ta pixka bat konpontzen asi zanerako, eman ziyon bere erariari, ta orra ze itxura artu duben berriz.
Ez dakar itxur’onik, ez.
Gezurtatuba nai nuke atera, bañan uste det denbora gutxiko gizona dagola.
Ala diruri.
Ta famili gajo orrek errukitzen nau. Len azaltzen zan bezela, ta oraiñ oso eroriya dago, jauna. Negargarriya da. Etzan, jauna, inguru guzti abetan orlako baztarrik. Orko soro-baratzak, zoratzen zuten bat; bañan gizon ori etxeko lanari utzita gurdiyarekin batera ta bestera astia, izandu da famili guztiyaren ondamena. Atxurren ordez akulluba artu, goizetik pipa piztu ta bidian sartu trabena batian, ta bestian ere bai; diru geiago irabazteko asmuarekin ibilli jo batera ta jo bestera, ta ardipat azaltzen ez etxian... Gero asi zan feritik ferira, ta gabetan geruago ta etxeratzeko kontu gutxiyago... Andre gajua goizetik arrats ler egiten lan gogorretan, aurrai’re kontu artu biar, ta guztiya arrastaka, jauna. Andre gajua nekatuba, gaberdiyan gizonaren zai...
Bai; ta etxian beriala sesiyua.
Ori jakiña. Gizon ori etxian dan bitartian, ordu beteko pakerik ez. Aurrak berriz zer ikusi ura ikasi...
Bai; amaika ikusten dira orrela. Ta gaitz erdi beren buruben kaltian bakarrik balitz, bañan jartzen dute famili guztiya ixtillu gorripian. Erariyari ematen diyona, alpertzen da, ajolakabetzen da, ta danik gogorrena ta osasunik oneneko gizona, ikusten da, sasoirik onenian, mundu au uzteko zalantzan.
Bai, jauna. Etxe ortan ere botiketan jun dan diruba...
Gorputza galdu, ta animarentzat ere azken ordu txarrak.
Ala da, jauna.
Ta erariyak beiñ artu ezkero, zalla da uztia.
Ala izan biar du, bai.
Asmuak artzen dira batzubetan, gaur utziko... bigar utziko... bañan ortarako gorputzari oso gogor egiñ biar zayo. Ara beiñ zer gertatu zan. Zegamako emakume bat mintsu egonik, jun zan izen aundiko sendagiñ edo mediku batengana, eta aren aurretik konsultako zegon gizon bati, medikubak ikusi zubenerako esan ziyon: “Edo aiz tabernaria, edo errotaria.” “Ez dabill urruti eranzun ziyon ; orrela gaitz guztiak asmatzen baditu, sendatuko nau, bada ofizioz errotaria naiz, eta gañera trabena eduki genduan orain dala bi urteraño, baña denbora orretan nere andreak trabena etzala guretzat ona esaten zuan, eta utzi egin genduan. ” “Ezagun dek bai zeiñ aizen... ¿Ardo zalea izango aiz?” “Bai, jauna; orrek nauka bizirik.” “¿Bai, e?” “Bai, jauna.. ’ “¿Mozkortzen al aiz?” “Iñoiz bai, jauna.” “¡Mozkortu ere bai! Ezagun dek bai. ¿Askotan?” “¡Ai bada, jauna! Gu bezelakuak ez du beti izaten modua...” “Ara gero... emen esan bear dituk ire faltak konfesoreari bezela; kontu gero. ¿Astean bein mozkortzen aiz?” “Bai, jauna, jai egunak jakiñak ditut.” “¿Bai, e? ¿Geiagoetan ere bai? ¿Zenbat aldiz astean?” “Esango diot bada. Trabena genduenean, janarekin egin bear nuen gastua, egiten nuen ardoarekin eta bete xamar geienean ibiltzen nitzan, bañan orain astean batez beste iru egun ainbestekoak izaten ditut, bañan adi beza, balantza xamarrean izan arren, nerau etxera joaten naiz.” “¿Bai, e? Deabruyen gizona... ezpadiok utzitzen bizio orri, laster illko aiz.” “¿Illko ote naiz bada?” “Bai eta laster.” “Nik uste nuan bada ardoari utzi ezkero illa nenguala; ¡nere andreak zer poza artuko duan ori aditzean!” “Ik egin bear dek iru egunean ankaetatik artu oerakuan bañuak mostazarekiñ, eta aurrera paper orrek esaten dituanak egiñ ondo, bestela galdua aiz.” “Bai, jauna, bai: biziagatik egingo ditut.” Gizona atera zan eta emakumia gelditu zan konsultan. Andik ordu laurden batera arkitu zan emakumia kalian, barrengo moteltasun edo flakiyarekin, eta nola baizegon mintsu, sartu zan trabena txulo batian salda pixka bat artzeko asmuarekin. Eraman zuten gela txiki batera, nun arkitu zuben gure konsultako gizona bakarrik mai baten aurrian txiki erdiko botilla arduarekin...
Etzegoan orreatik orren bakarrik...
Ta ogiya ta gaztarekiñ. Arriturik gelditu zan emakume ori, eta ziñaturikan esan ziyon: “Gizontxoa, ikaratzen nazu. Ainbeste kontu eman dizu medikuak esanaz ez ardorik erateko, eta ¿orrenbeste ardo eraten arizera?” “Demoñu txoroa. Bañan ¿ez al dion aditu nola esan didan iru egunetik aurrera asitzeko erremediotan? Iru eguneko libertadea badiñat, eta oyen protxuba ondo atera bear diñat, bai; geroko parteak bear dizkiñat atera iru egun oyetan.
Etzuben gauza zuzenik egingo.
Ez bada. ¿Arrosak gogotik daude emen oraindikan?
Bai, jauna. Bañan igande arratsaldetan ez dakagu pakerik soldaru ta mutill koxkorrekiñ. Itxubak dira loretara, ta bata bestien bizkarrera igo ta eramaten dizkigute nai dituzten guztiyak.
Or dijuan jaun orrekin bi itz egin biar nituke... Gero arte Batista.
Gero arte bada, jauna.
|