Bederatzigarren Jolasa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Baratzan »  Bederatzigarren Jolasa

Marzelino Soroa. Baratzan



Bederatzigarren Jolasa





¿Nola daude gariyak, Batista?

Or daude ondo tente. Aurten lasto luzia ta galburu txikia, jauna, eta izango du ale gutxi.

Gizon luze me bat bezela beaz. Ezur asko ta aragi gutxi.

Or nunbait, jauna. Gariik ebaki ta arbiyak egiñ bear. Gu txikiyak giñanean eta ituleen ganaduen aurrean ibiltzen giñanean, biltzen ginduzen lurrean eroriyak zeuden galburuak, eta egiten genduen opilla gari arrekin; opillari sartzen giñozkan erdiin arrautzekin ta bakallabakin egindako tortilla, eta gure pozik aundiena izaten zan, San Juan txikietan Iturrioz-ko ango zelai eder artan merendatzea.

¿Ura mauka, e?

Bai, jauna, bai. Etzan munduan guretzat gauza oberik.

¿Naiko illarra badakazute oraindikan?

Bañan aunditu ta gogortzen dijua.

Neri bada aza-illarrak geruago ta obiago iduritzen zaizkit.

¿Bai?

Zergatik zikintzen ditugun tomate pixka batekin ta...

Leunduko dira orduban ederki.

¿Eta zer diyo sagarrak?

Sagarrak ez du ezer esaten, bañan erakusten du alia, eta aziya dauka, jauna. San Juan egunian arbola azpian lau sagar gañian, ondo dan siñalian.

Gero zazpi izango dirala ¿e?

Bai, jauna.

Zerbaiten biarra badago.

Ez da gezurra.

Inguru abetan bai omen da bada arbol bat, sei karga izango ditubena.

Bai, jauna, bai; badakit zeiñ arbol dan. Lengo urteetan eman izandu ditu zazpi kargataño’re.

¡Arrayia! Orlako batzubekiñ ez da urte txarra izango.

Ez, jauna, ez. Arbol ederra da, eta azpiyan egon litezke berreun gizon.

Eta upel bat ta sei zestera lanpern ¿e?

Ori da. Alerik ez duten arbolak osto ederra daukate, eta aurten ematen ez badute, oste ederra dubenak, datorren urtian emango du.

¡Ze esperantza!

¿Esperantza? Aurten osasuna duben gizonak, urrengo urterako esperantza izan lezake.

Beti badituzute zubek aterakeriyak.

¿Aterakeriyak? Gure denboran gure buruban aiñ gutxi sartu da, ezen ez da askorik aterako, ez. Beok bezala ixturiyotan...

¡Ze ixturiyo! Zuben koplak dira oyek. Guk burubekiñ baño, zubek sudurrekiñ geiago ikasten dezute.

Orrengatik izango ditugu orren luziak.

Orrengatik luziak ez: luziak dituzutelako antz eman gauzari.

Izan leike bai.

Orra Jaungoikuak ordaña eman.

Ez motxa’re.

Ez, ez, luzia. Ta ¿nola urte batzubetan sagarra ona ta ugari izanik, gertatzen dira sagardo txarrak?

¿Sagardo txarrak, jauna? ¡Bai!... gertatzen dira, ta ori da egiñtzalleen alperkeriz. Upelak ustutzian, ondua ez dute garbitzen, ta nastuba izaten da. Kontu oyek erri barreneko kontubak dira. Beste baztar abetan eta zenbat eta Donostitik kanporago, gauza garbiyaguak izaten dira.

Eta nola urte batian ta bestian sagarrik izan gabe, sagardua izaten da?

Oyek ere, kaletarrak egiten dituzten abillidadeak dira, jauna.

Gorroto pixken bat ¿ba ote diezu zuk kaletarrai?

Ez, jauna, ez. Jainkuak nai ez dezala, bañan...

Obe, obe.

Atzo konprimaziyuan genituben, jauna, Mañubeltxo ta Luisatxo.

¿Bai, e?

Bai, jauna. Kandela eraman zuten, eta Ana-Mariri papera eramatia aztu. Galdetu omen ziyoten bere bigarren deituraz, badaki, ama zanarena...

Bai, bai.

Ta ez omen zan oroitzen.!

¡A gaxua!

Gero berriz ere galdetu ziyotela emengua zan, ta “Bai, jauna, emengua, Urniyetan jayua” erantzun omen zuben.

¡Ja, ja, ja, ja. Ana-Marientzat ez da gutxi gero ori...

Ez, jauna, ez.

Eta aurrak negar egiñ zuten?

Bai, jauna. Denbora luzian egon ziran ta ¿badaki? aspertu.

¿Ta Joxe Erramunen berririk ez dezute?

Ez, jauna, batere. Ura... matematika guztiyak jo ta... aizia buruban ta ibilli munduban... jun bazan, jun zan. Ez lanerako ta... ez ezertako. Ogiya ateratzeko ere ez.

Obe du sartu atera baño. Txoraturik egongo da an.

¿Ameriketan? ¿Zerekiñ?

Naiko diruba badala ta...

An ere bakuitzak beriak ezagutuko ditu, bai.

Bai, Batista, bai. Ez da gezurra.

Amaika modutara bizi da mundu ontan jendia.

Bai amabira ere.

Bañan gaizki dabillenak, beti berekiñ barrenen arra.

Orixen bai. Bada badakizu Amezketarrak...

¿Amezketarrak? Ez ditzairala aitatu ere. Gure sukaldian itotzeko zoriyan jartzen gaituzte. (euliyak)

Ez ditut Amezketar oyek esaten, baizik zu ta ni bezelakuak.

Beorri ta ni bezelakuak badira, ez dute Amezketako kutsu aundirik izango.

Aditzera nai dizut eman, Amezketako jendiak...

¡A! Bai, jauna.

Badakizu esaera dala, lapur famatua izateko, Amezketan jayo, Zaldibian azi, ta Ataunen bizi.

Aitu izandu det, jauna: neronek ere txantxetako esaera ori.

Bai; gañera esaten du, leku oyetan geienak biartubak edo diru eskasak izanik, argiak eta azkarrak ateratzen dirala.

Bai, jauna, bai.

Bada Amezketan denbora batean zan gizon bat, zuena mando txiki bat berarekiñ oso mantxoa, baña beste gañerakoekin ostikalari izugarria. Gizon ori bere mandotxo onekin juaten zan feri guztietara, eta beti ekartzen zituan, mandoa berekiñ eta ontza urre bi edo iru geiago.

Azkarra izango zan bai.

Esan dedan bezela, berarekin oso mantxua zan mandoa saltzen zuan, eta bereala ostikoka asi ta ezin menderaturik, erosten zutenak asten ziran gizon orren billa. Jabe zanak pasatzen zion eskua iztar artean, eta ibilliagatik nola-nai, oni etzion ezer egiten; ematen zien berriz, eta mandoa beti lengoa, au da, ostikalaria. Gizon jabe ori, obeto ezagutu zezan, jartzen zuan zapel kapelu aundi bat: bereala berriz ere billatu eta desegiten zuen tratua, zortzi edo amar duro galdurik erosleak. Berriz ere ipintzen zuan mandoa salgai, eta berriz ere saldu ta mandoa lengoa. Guztiak ill bearrik asten ziran kapelu zabalaren billa; billatzen zuten, berriz erosleak galtzen zuen, eta Amezketarra bere mandoarekin eta naiko diruakiñ etxera. Urrengo ferian ala berean, eta gis onetan mandotxoarekiñ mantentzen zuen bere familia.

¡Etzeguan apareju txarra! Beretzat zeramazkien ontz urriak. Garbiyago nai litzake dirua irabazi. Obeto bizi leike beste moduz.

Ala da bai, Batista. Bada mundu ontan ondo bizitzeko, esaten dan bezela, arakiñekin gosaldu, ixkribabakin bazkaldu ta mandazayekin afaldu.

¿Eta baserritarrekin?

¿Baserritarrekin? Errosayua errezatu.

Ori izango da seguruena, bai.

¿Nikolax etxian ote dago?

¿Mikolax? Etxian izango da, jauna.

Araño nua bada.

Orduban gero arte.

Gero arte bada.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org