Azken-Itza


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Baratzan »  Azken-Itza

Marzelino Soroa. Baratzan



Azken-Itza





¿Zer degu, Batista, zer degu?

¿Zer degun? Ezer ez, jauna, ezer ez. Nigandik ez du beñepiñ metxik ere jakingo.

¿Ez? ¿Zer gertatzen da bada?

¿Zer gertatzen dan? Gauz aundia. Arriturik utzi ninduben atzo Mikolaxek.

¿Zerekin?

¿Neronek ere bai al dakit? Sorgin-kontua diruri ta...

¿Sorgiñak ere baditugu?

Nik ala uste.

Ustiak erdiya ustela du ordia, ta badakizu ez dala gauz oietan sinistu bear.

Egiya da, jauna, baña ikusten danarekin zer-nai esan liteke.

Ikusi makusi ¿zer ikusi dezu bada?

Mikolax...

¿Mikolax ikusi ta gelditu zera orren arrituba?

Ez, jauua. Mikolax etorri zan atzo illunabarrian onera, eta ekarri zituben paper moldizkidatu batzuek, non atzaltzen diran ¿zer uste du? guk emen izandu ditugun jolas guztiak.

¡Ja, ja, ja, ja, ja!

¿Far egiten du? Orrek nauka bada burua galdurik.

Txorakeriak sartu zaizkitzu ta...

Dan bezela, jauna.

Ta ala izanta’re...

An daude itz guztiak jarriak gure abotik atera diran bezelaxe, eta lotsagarri gelditzeko...

¿Lotsagarri? Bear-bada ¿gaizki esanik edo itz desegoki eta beste utsegiteren bat itzuli ote zaigu bada?

Ez nere uztez; bañan alare... badaki... ba-ez-bada obe izango degu emendik aurrera sukal-txokuan sartuta egon, an iñork gure jardunik aitu gabe.

Nai dezun bezela. Sasoi obia dator emendik aurrera su-baztarrean gaztaiñ danboliñari eragiñaz egoteko; ta baserritarren kontuak jakin nai ditubenak, datorrela aien artera.

Ori, jauna, ta baratzan...

¿Baratzan? Gaurko eguneko emakumiak baratza berekin eramaten dute buru-tontorrian beren tipula, piper, baratzuri, udare arbol kabiyekin, ama, ume ta guzti.

¡Ala fere! ¡Zer panparroi ibilliko diran!

Orra bada; ta ez dezazula kezkik iduki gure jolasen gañian.

Bañan orrela azaldurik, jendiak beti ere...

¿Jendiak? ¿Zer esango du? Nai gabian uts-aldiren bat joan bazaigu, erantzungo degu baserritarren azken-itzakin.

¿Baserritarrena, jauna?

Bai; trabenan txurrupat eta besteren artian, maiz pipa itzali eta zenbat bider piztu, beste ainbeste bider zintzurra bustiyaz, mingaña ederki dantzerazirik esaten dutena...

¿Zer esaten dute, bada?

Bero xamar arkitzen diranian...

¿Zer esaten dute?

Diranak eta ez diranak aterarik;..

¿Bañan, zer esaten?...

Azkeneko txurruta bota ta...

¿Zer, zer?

Illunpetan balantzaka etxera abiyatzerakuan...

¿Zer esaten?...

Atetik eztarriari gogotik eragiñaz...

¿Bañan zer esaten dute?

¿Zer? “Jaunak, gaizki esanak barkatu.”



Azkena









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org