|
Martzelino Soroa. Barrenean Harra
Egintza Bakarra
Iruditegiak aurkeztatzen du etxeko lekurik onena. Ezkutazapia altxatzean, ateratzen da Braulio bere gelatik estuasun handian, izutua bezala, aldi zaharretako sillatzar batean eseri eta gelditzen da dohakabetsu baten antzera.
Lehenbiziko Irudia
I
Braulio bakarrik
Braulio.- (Guztiz izutua). A!.. Ezin begirik itxi!.. Bazkaldu eta lo pixka bat egin nahi eta... alferrik! Beti haren aurpegia nire aurrean azaltzen da. Zer zorigaiztoa! Oheratu eta gau guztian ezin loak hartu! Begiak itxi eta halere ikusten... Bai... ilunpetan ere ikusten gauza bat, batek nahi ez lukeena, eta gauza bera besterik ez ikusten, arima ikaratzen duena eta itoko balu bezala. A! (Beste doinu batean). Baina ez; ez da ezer hau, zaharraren irudipenak. Hori da, bai, kendu behar dena, ahazturik txorakeria hauek. Justinok ezkondu behar duela eta, ondo egingo du. Orduan jende gehiago familian; elkarrekin biziko gara, eta hori hobe izango dut, zergatik ez naizen gauza hauetaz oroituko. Andregaiak ez omen du dirurik, baina... Zer egingo da? Menturaz, diruak ematen al du zoriona? Ez, ez. Horra, nik dirua badut, eta horrek nauka galdua. Zertarako? Zertarako nuen horrelako diru gosea? Non da ez nueneko baketasuna? (Altxatzen da)
(Iluntzen hasten da)
Zertako joan nintzen Amerikara? Zergatik jarri nuen han hanka? Zer zoriona nekarren hemengo eskasiarekin! Dohakabezko eguna, gizon hura nire aurrean jarri zenekoa! Beti kontu bera! (Esertzen da)
(Geroago eta ilunago)
Beste gauza bat nekarren lehen buruan. Bai, bai. Zer zen? A! Justinok ezkondu behar duela. Gizagaixoa! Nire iloba laztana! Txikitandik, esaten zidaten mutil ona, argia eta buru azkarra zela; eta Amerikatik etorri nintzenean, aurkitu nuen erretore jaunak latinak eta beste ikasgai asko erakusten zizkiola. Harriturik gelditu nintzen mutilaren argitasunarekin. Orduan hartu nuen nire kontu, eman dizkiot eman ahala eskola, letradu egin da, gizon izateko eran jarri dut... Eta hau guztia, ez bakarrik nire ahaideei laguntzeagatik, ezta ere mutilaren azkartasunari jasateagatik bakarrik, baizik ea egipen on hauek egin eta, barrengo baketasun galdua nireganatzen nuen.
Ezin!.. Ezin!.. Alferrik! Beti barrenean beste gauza bat.
(Oso ilun)
(Haserre) Atzaparrekin urratu ahal baneza! Irudipenak!.. Irudipenak!
(Pixka bat itxaron eta)
(Tximist urrutiko banaka batzuk)
Zer nekarren lehen buruan? Justinoren ezkontza. Bai, zer ongi biziko garen; hori behar dugu hori, bake-bakean. Andregaiak ez duela dirurik, eta zer? Nirekin izateko, eta irudipen hauek kenarazteko, neronek emango diet nirea.
(Bat-batean altxatzen da)
(Tximistak alderago eta ugariago)
Nirea! Jesus! Diru hori ez da nirea. Diru horrek erretzen ditu nire eskuak. Baina... Zertarako bilatu ninduen? Gau iluna eta txarra zen, bai. Haize gogorra, tximistak eta trumoiak alde guztietatik. Galopean zaldiz etorri zen, jo zuen atea, ireki nion, eta esan zidan:
(Tximistak, euri hotsa, trumoi batzuek)
“Braulio, Tucumanera joan behar dut presaka, eta gorde iezadazu hau. Hau da hogei urteko nekearekin egin dudan dirua. Zu zara niretzat anaia bat bezala, eta ni etorri bitartean, ez dut uste beste inork hobeto kontu egingo dionik. Zortzi egun barru hemen naiz...” Eta batean izan ziren tximistak, trumoiak eta zaldiaren galopea. Orduan nik...
(Trumoi ikaragarriak, tximist eta euri jasa)
Zer da hau! Jesus! Egun hartan bezala. A! Jaungoiko maitea! Ez nazazula utz zure eskutik. Ez dezadala entzun ikaragarrizko soinu hori!
(Trumoi harrabots handikoak, tximistak bertan balira bezala)
Berriz! Non gordeko ote naiz! Barrena!!! Barrena!!!
(Bere gelara sartu)
(Tximist eta trumoi gogorrak)
|