02. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Barrenean harra »  02. Irudia

Martzelino Soroa. Berrenan Harra

Bigarren Irudia

II

Justino bakarrik



Justino.- (Ezkerretik atereaz eta leihora begira). Eguraldi gogorra jarri du. Eskerrak urte sasoi honetan ekaitz, tximist eta trumoiak, etorri bezain laster alde egiten dutela, eta orro eta durundi hauen ondoren laster eguzkiak azaltzen duela bere aurpegi atsegina. (Aurreratuaz) (Tximist eta trumoiak gutxitzen eta urrutiratzen)

Udako ekaitzak, ekaitz xamurrak! (Eskuineko atera alderatuaz) Ez ote da osaba oraindik jaiki? Ez, itxia dauka gelako atea. Hobe, luzaro dagoenean ondo dagoenaren itxura da. (Erdira)

(Tximist banaka batzuk) Osaba gizagaixoa! Seme bat bezala maite nau. Ez da aiten artean aitarik sortu, niretzat osaba den bezalakorik. Bere kontu hartu ninduen, letradu egin nau, eta orain, zoriontasun guziaren jabe egiteko, Mariaren bihotz laztana nirearekin batu nahi du, ezkondu nahi gaitu; biak hemen, bere ondoan, gure habiatxo pozgarria izan dezagun.

(ximist eta trumoiak amaitu dira, baina entzuten da euri jasa gogorra) A! Baina zoriontasun neurri gabeko honetan, ez dugu osaba itzalpean, antsi larrituan, atsekabez betea ikusi nahi. Ez! Mariak eta nik ahaleginak egingo ditugu osaba gizagaixoa pozteko, bizkortzeko, osasun bete-betean ikusteko. Eta ondo premia dauka, zergatik askotan aurkitzen den saminez betea bezala, eta bere artean hizketan... Urteak!.. Urteak gainean, eta berekin ajea!





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org