|
Martzelino Soroa. Berrenan Harra
Hirugarren Irudia
III
JUSTINO, ANDRE PRUDENTXI eta MARIA
(Sarrerako atean igarriko da norbait dabilela kanpotik)
Justino.- (Atera begiratuaz) Zein dira hor? (Pixka bat alderatuaz). A! Andre Prudentxi eta Maria. (Andre Prudentxik euritakoa ixten duen bitartean, Mariak irekiko du pixka bat atea, eta azalduko du aurpegia barre-irrian agurtuaz) Banekien eguzkiak azaldu behar zuela, baina ez nuen uste horren aurpegi zoragarriarekin.
Andre Prudentxi.- (Sartuaz, euritakoa eskuan duela) Isilik, barbantzu!
Justino.- (Euritakoa hartuaz) Bekar euritakoa, andre Prudentxi. (Sartuko da Maria atea itxiaz, Justinok hartuko dio euritakoa) Ekarzu zuk ere. (Bi euritakoak jarriko ditu horretarako den armairuan, eta berehala esku emango dio andre Prudentxiri) Zer dio, andre Prudentxi?
Andre Prudentxi.- Zer esango dut? Blai, blai egin garela. Petral ederrak eraman behar ditugu etxera gona-barrenetan.
Justino.- Eser bedi. (Esertzen dira hirurak, Mariari esku emanaz) Eta zuk, Maria?
Maria.- Etorri garela eguraldi txarrarekin bada ere.
Justino.- Zurekin ez dago ezer txarrik, ezta eguraldirik ere.
Maria.- Ez noski, orain bota duen euri zaparrada ere...
Justino.- Ihintz xamur eta gozotsua zen, nire aurrean arrosa berdingabeko hau zabaltzeko.
Maria.- Beti horrela, montxontxo.
Justino.- Beti nire izarraren errainuz ezin aserik.
Maria.- Esan bai.
Justino.- Izan gehiago.
Maria.- Zuk esan, eta nik izan behar luke gero.
Justino.- Izana, nik.
Maria.- Edo nik.
Justino.- Nik.
Andre Prudentxi.- Fu, fu, fu. Horretara etorri al gara?
Maria.- Honek esan dit eta...
Andre Prudentxi.- Bai, eta zuk erantzun.
Justino.- Andre Prudentxi, maitasunaren indarrez bihotzetik ezpainetara irteten diren suspirioak dira. Badaki...
Andre Prudentxi.- Ez dut, bada, jakingo. Ur horietan ere pasea naiz, bai. Ez dezazuela uste. Nire senarrak esaten zizkidan horrelako limurkeriak, baina aspalditxo ahaztu zitzaizkion. A!, ezkongaitako iturri oparoak laster agortzen dira ezkonduz gero.
Justino.- Nire bihotzean Mariarenganako sortu den ur-toki ugaria, sekulan agortuko ez dena da.
Andre Prudentxi.- Begira, begira, utz itzazue txorakeriak alde batera, eta hitz egin dezagun behar den bezala. Nola dago osaba?
Justino.- Al dakit zer esan. Eguna joan eta eguna etorri, eta beti berdin. Otordu bat onik ez, ezta loaldi bat ere itxurakorik. Beti mintsu, beti negargarri, geroago eta eroriago, geroago eta makalago, geroago eta hondatuago.
Andre Prudentxi.- Nire senarrak, bada, ez diola ezer aurkitzen esaten du.
Justino.- Ez omen dio aurkitzen ez. Baina badu zer edo zer barren horretan, bada txinpart atsekabezkoren bat gorputz guztia su eta gar kiskaltzen jartzen diona, eta oinazearen nahigabeak irteten dizkio aurpegira samintasunezko lainoak. Errukigarria dago. Eta halere, oinazerik zorrotzenetan, nahigaberik gogorrenetan, beti nireganako maitasun neurri gabea azaltzen dit. Asko egin dit, eta gehiago egin nahi; mesede handiak badira lehengoak, handiagoak nahi ondorengoak. Eta ikusirik bere nahigabezko izaeran nireganako daukan lehi bizi eta sutsua, porrokatzen zait barren guzia, eta esaten dut askotan: “Jauna, senda beza nire osaba, bere gaitz guztiak niregan botako baditu ere”.
Maria.- Ez hori esan, Jaungoikoagatik.
Andre Prudentxi.- Gauza horiek ez dira aitatu behar ere.
Justino.- Bihotz bigun eta atsegina, ahazturik bere neke, samin eta behazunak, bera da gure ezkontza lehenbailehen egiteko saiatzen dena, zoriontasunaren jabe ahalik eta azkarrena gu ikusteagatik.
Andre Prudentxi.- Halaxe da. Atzo hemendik joan zenean nire senarra, esan zidan nola zure osabak adierazi zion gure ilobarekin zu ezkondu nahi zintuela, eta lehenbailehen egitea nahiko lukeela.
Maria.- Gizagaixoa! Zer ona, e!
Justino.- Hala esan zion, bai. Irrikatan dago gu elkarren jabe ikusteagatik.
Andre Prudentxi.- Bera ez bazen aurreratu, ez genuen guk ezer esango baina...
Justino.- Jakingo ere entzuten, Mariak ez zien ezer aitatuko eta.
Maria.- Nola nahi zenuen?
Andre Prudentxi.- Ba, ba. Ezer ez esanagatik igartzen nuen nik zer zenerabilten elkarren artean. Zumaiako ikastetxetik etorri berrian, Madre Rosa gora, eta Madre Katalina behera, aldarea hemen, eta aldarea han, beste gauzarik ez zegoen gure etxean.
Maria.- Izeba...
Andre Prudentxi.- Baina, azken aldi honetan,Madreak... agortu egin ziren nonbait, eta aldareetan ere igarri nuen santu berriren bat zebilela.
Maria.- Zer gauzak esaten dituen!
Justino.- Ni ote nintzen santu berria?
Andre Prudentxi.- Esan nahi dut, zerbait jakinagatik, ez ginela gu inola ere aurreratuko. Ez daukagu iloba saltzeko.
Justino.- Sinisten dut.
Andre Prudentxi.- Baina zure osabak hasiera ematen duenez gero, esan genezake ondo hartzen dugula zuen arteko gogamena, eta gure aldetik egingo dugula ahal guzia zuen zorionerako.
Justino.- Eskerrik asko, andre Prudentxi.
Andre Prudentxi.- Lehenbailehen nahi du zure osabak, baina zer edo zer moldatuko badugu, denbora pixka bat behar da. Arropa zuri zerbait ere egin nahi genioke, eta gaur goizean hasi da hor Ezeizabarreneko alabekin, beharrenak behinik behin antolatzen ote ditugun. Ezagutuko dituzu Ezeizabarrenekoak.
Maria.- Naxari eta Jobita.
Justino.- Jobita? A! sudur kako duen hura.
Andre Prudentxi.- Sudurra ez dakit nolakoa duen, baina eskuak, A! eskuak... Bereak ditu.
Justino.- Baita sudurra ere.
Andre Prudentxi.- Ikusgarriak dira haren eskuetatik ateratzen diren gauza primoreak, aingeruek berek eginak dirudite.
Maria.- Guztizkoa da.
Andre Prudentxi.- Bada, esan bezala, goizean han izan da, eta orain ere hara gindoazen, eta bat-batean esan dut, sartu-atera bat egin behar dugu hemen, osabak ezagutu dezan nire iloba, eta horra zertara etorri garen.
Justino.- (Altxatuaz) Ederki esana. Berehala deituko diot, bada. Lotan dago orain, baina pozik eta pozik esnatuko da bere iloba-gaia ezagutzeagatik. Zoratzen dago eta.
Andre Prudentxi.- (Altxatzen dira izeba-ilobak). Nahi duzu isilik egon? Lotan dagoen gizon gizagaixoa esnatuko duzu, bada?
Justino.- Besteetan garai honetarako jaikia egoten da.
Andre Prudentxi.- Eta zer? Lotan badago, dagoela. Minez dagoenarentzat ez da loa bezalakorik. Jana baino ere, beharragoa da loa.
Justino.- Orduan itxoin bezate.
Andre Prudentxi.- Ezin genezake. Badakizu zertara goazen, eta gainera badakizu guk ez dugula presarik, zure osabak ematen digula presa.
Justino.- Baina...
Andre Prudentxi.- Hau utzi eta berehala etorriko naiz ni, osabari agur bat egitera, eta hau berriz ekarriko dut ilunabar aldera.
Justino.- Zergatik ez dute pixka bat itxoiten?
Andre Prudentxi.- Zerorren kaltean izango litzatekeelako.
Justino.- Hala baldin bada... Gero arte, orduan. (Justinok emango dio andre Prudentxiri bere euritakoa. Eskuan hartuko du Mariarena)
Andre Prudentxi.- Bai, berehala hemen naukazue. (Euritakoa zabaldu eta joango da)
Maria.- Ni geroxeago etorriko naiz.
Justino.- Ez, zu hemen geldituko zara...
Maria.- Badakizu ezin dudala.
Justino.- Nire bihotzaren barren-barrenean. (Aterako dira atarira, Justinok zabalduko du euritakoa. Mariak ere helduko dio, eta batek joan nahi eta besteak geldituaz egongo dira)
Maria.- Ez duzu txikia izan behar.
Justino.- Gorputzean ezin kabi halakoa, eta dena zuretzat.
Maria.- Egia ote da gero gezur hori?
Justino.- Nire maitearen ezpainetako anpolai mardulak baino egiagoa.
Maria.- Zuk esateko, ez da gutxi.
Justino.- Gehiago ere esango dizut.
Andre Prudentxi.- (Barrendik) Tira, tira, garen.
Maria.- A! Izeba. (Joaten da korrika. Justinok egiten dio agur atetik)
|