|
Martzelino Soroa. Berrenan Harra
Laugarren Irudia
IV
Braulio eta Justino
Braulio.- (Eskuineko atetik sartuaz) Ezin, ezin burutik atera!
Justino.- (Atea itxi eta sartuaz) A! Osaba... (Atzera joaten bezala hasten da, baina gelditu)
Braulio.- Zer da?
Justino.- Ezer ez. Egin du eguerdiko loa?
Braulio.- Loa? Ez, Justino, ez. Ezin begirik itxi, hala gauean, nola bazkalondoan.
Justino.- Oraindik haize txar hori ez zaio joan?
Braulio.- Haizea joan! Haizea! Zer haize?
Justino.- Haize txar...
Braulio.- Hain txarra. Jakin behar duk, Justino, nik...
Justino.- Zer?
Braulio.- Ezer ez, ezer ez! Inork ez daki eta...
Justino.- Inork ez dakiela zer min duen?
Braulio.- Ez, inork ez...! Jaungoikoak eta nik bestek!
Justino.- Saihetsean jartzen zaion min hori?
Braulio.- Saihetsean! A!, bai, bai...
Justino.- Ahal banio nik sendatu, gogotik egingo nioke bada, eta nire gain balego, berori ez ikusteagatik horren mintsu eta errukigarri, berorren ordez neroni etortzea nahiko nuke min hori.
Braulio.- Min hau? A! Jaungoikoak nahi ez dezala!
Justino.- Zer, bada... Okerrago al dago?
Braulio.- Bai, egunero eta okerrago. Beti barrenean zerbait urratzen balihoa bezala, lehertu nahian.
Justino.- Bada, sendakinak...
Braulio.- Sendakinak!..
Justino.- Oraintxe izan da hemen andre Prudentxi...
Braulio.- Andre Prudentxi hemen?
Justino.- Bai, Mariarekin.
Braulio.- Maria ere bai? Eta, zergatik ez didak deitu, jakinik Maria ezagutzeko zalantzan nagoela beti?
(Argitzen hasten da)
Justino.- Lo egongo zelakoan ez didate utzi.
Braulio.- Gaizki egin duk, bada.
Justino.- Ez beza kezkarik izan horrengatik, andre Prudentxi berehala hemen da, eta Maria berriz etorriko da ilunabar aldera.
Braulio.- Ez zagok gaizki.
Justino.- Bada, lehen ere banekien, baina hementxe esan du andre Prudentxik garbi asko, bere senarrak, On Estebanek ez diola berorri ezer aurkitzen.
Braulio.- Estebanek! Estebanek ez dik gaitz hau ezagutzen, ez zekik min hauek zer diren.
Justino.- Ekarriko dugu, bada, Donostiatik sendakin izen handikoren bat, oker edo zuzen saia gaitezen alde guztietara.
Braulio.- Ez, ez. Donostiako sendakinek ere ezin ezer egingo ditek. Justino, badituk min batzuk... A! Zer minak! Buruan hasi eta bihotzean bukatzen direnak. Eta ezin lo egin hau! Eta pixka bat loak hartu orduko, amets batzuk, bihotza puskaka urratzen dutenak. Jaungoikoak, Jaungoikoak bakarrik sendatzen ditik min hauek.
Justino.- Beti bezala! Baina Jaungoikoak lagunduagatik, nahi du gure aldetik ahal den guztia jartzea.
Braulio.- Bai... Bai... jarri, eta nik kendu egin, Jesus!
Justino.- Zer du?
Braulio.- Ezer ez, ezer ez. Nik kendu egin nahi min hau, eta... Burutik ezin kendu hau...
(Argiago)
Justino.- Ez beza horrelako laino beltzekin estali gure biziera neketsua.
Braulio.- Zer nahi duk, bada?
Justino.- Bi maitasunek dauzkate lotuak nire ariman beren sustrai hondokoiak. Bata, berori da; Maria bestea. Honen aldetik guztia agertzen zait argi, alai, poztasun eta atseginez distiratua. Berorren aldetik, berriz, dena itzal, dena ilun, dena beltz eta beldurgarri. Eta nola biak dauden katigatuak bihotz berean, eta bi maitasunek bat bakarra jotzen duten, argia eta iluna, atsegintasun eta errukitasuna, barre-irri alai eta malko garratz mingarriak batean sortu eta ernetzen dira nire barren urrikarrian, eta zorigaiztoko orduan ikusten ditut Mariaren laztan xamurrak itotzen direla nire osabaren malko garratzetan.
Braulio.- Bai, egia duk, ni nauk hire zorionaren itzal, lanbro goibel atsekabea. Barka nazak, Justino, niretzat maitasun apur bat badaukak.
Justino.- Apurtzen lagako nuke gorputz guztia berorren onagatik. Baina zergatik ez du alaitzen gure izaera gozotasunezko errainu pozkidagarri batekin?
Braulio.- Ezin, ezin. Nire barren guzia kiskaltzen zagok egipen zital batengatik. Eta gauaren zurrumurruak, ibai ondoko zelai ilunean isiltasuna astintzen duen eran, nire arimatik sortzen diren garrasi etsimenek zoratzen ditek nire buru guzia eta zigortzen zidatek gorputz dena, begietatik txingar gorri odoltsuak boteaz.
(Oso argi)
Justino.- Egipen horiek ez litezke egiak izan. Garrasi eta zurrumurruak gezurrak dira. Berori gizon prestua, ona, zintzoa izan da beti.
Braulio.- (Aurreratuaz) Ez!, ez!
Justino.- Bai!, bai!
Braulio.- Gizon gaizkile bat nauk ni! Nire eskuak txarkeria lotsagarrienen ordoikeriaz hanpatuak zaudek!
Justino.- Ez!, ez!
Braulio.- Bai!, bai! Entzun iezadak, Justino, aitorpen ikaragarri bat.
Justino.- Zer?..
Braulio.- Adi ezak, oraindik nire ahotik behin ere atera ez den egia garratz, lohitsu, lakatza, eta lotsatu hadi hire osabaren iloba izatez.
Justino.- Nola?
Braulio.- Nik, Justino, egin diat egin litekeen gauzarik lotsagarriena, urteak joanda ere bere zipriztin odoltsuak nahasten ditek nire burua, haren oroipenak kiskaltzen dik nire barrena labe gori gartsuan...
Justino.- Zer bada?
Braulio.- Entzun ezak ondo, Justino. Gau iluna eta txarra zuan, bai. Haize gogorra, tximistak eta trumoiak...
|