|
Martzelino Soroa. Berrenan Harra
Bosgarren Irudia
V
Braulio, Justino eta Andre Prudentxi
Andre Prudentxi.- (Atzeko atetik sartuaz) Hara ni berriz ere. (Biak harriturik mutututa bezala geldituko dira)
Braulio.- E!
Justino.- Andre Prudentxi.
Andre Prudentxi.- Hemen al dugu On Braulio ere? Zer moduz? (Justinok hartuko dio euritakoa eta eramango du bere lekura. Andre Prudentxik emango dio eskua Brauliori, eta eseriko da bere aldamenean)
Braulio.- Gaizki, ni gaizki.
Andre Prudentxi.- Ez dauka, bada, itxura txarrik. Ondo attona pollita dago.
Braulio.- Ez nago, bada, ondo.
Andre Prudentxi.- Itxurapenak dira horiek. Berorren gaitzak badakizkigu zer diren, aberats minak, diruak ematen dizkion minak ditu berorrek.
Braulio.- Diruak!.. Bai, baliteke...
Andre Prudentxi.- Aberatsak ere zerbait izan behar, badaki “hemen zerua eta han zerua, adarra”.
Braulio.- Hemen behinik behin adarra daramat.
Andre Prudentxi.- Badakigu, badakigu ezer ez duela. Esan diot hori ere lehenago.
Justino.- Bai, badaki.
Andre Prudentxi.- Hemen izan naiz nire ilobatxoarekin.
Braulio.- Hala esan dit Justinok eta nahiko zintuztedan ikusi, zoratzen nago Maria ezagutzeko eta.
Andre Prudentxi.- Izan ere, berorrek ez du ezagutuko, nola denbora gutxi arte Zumaiako ikastetxean eduki dugun. A! Aingeru bat da! Aingeru bat! Ez nuen uste inori har niezaiokeenik horri diodan maitasuna, eta hori senarraren aldekoa delarik; baina halakoxea da gure panpoxa.
Braulio.- Senarraren aldekoa da, beraz?
Andre Prudentxi.- Bai, nire senarraren anaia bat zuen aita. Makina bat ikusitako haurra! Ume horri gertatu zaizkion gauzak ikaragarriak dira, ikaragarriak. Baina ez dizkiot aitatu ere nahi. Berori ez dago horrelako gertaera negargarriak entzuteko. Berorrek gauza alaiak, jostakinak behar ditu.
Justino.- Halaxe da. Hori bera esaten diot nik.
Andre Prudentxi.- Bada, gaixoa umezurtz gelditu zenean, etxera ekarri genuen. Guk ere haurrik ez bada eta... Nire itxura ikusi eta edozeinek esango luke lakariren bat izan behar ditudala, baina horrela izaten dira gauzak eta... Gaur behinik behin ez nuke esango nire alaba ez denik.
Justino.- Bihotz guztiak bereganatzen ditu bere dohain eztitsu eta atseginekin.
Andre Prudentxi.- Ikusiko dute, ikusiko dute Justinorekin ezkontzen den egunean. Etxe honek goikoaz behera jira eman behar du. Izan ere, etxe honetan gizon bakarrak daude, eta gizon arteko biziera gauza motela da. Zer gertatzen zaie mutil zaharrei? Gazte diren bitartean, harro eta panparroi, eta gero? lizun usaina ere botatzen dute. Lerdea eta karkaxa dariela, azkenean sitsak jaten ditu.
Braulio.- Hau andre Prudentxi.
Andre Prudentxi.- Etxe honetan hori bera gertatuko litzateke. Sitsak jango lituzke! Baina Maria etortzen denetik, a zer harroaldia eraman behar duten.
Braulio.- Lehenbailehen etortzea nahi dugu, bada.
Andre Prudentxi.- Bai noski. Eta gero... Etorriko dira... xanko gorriak ere... A! Orduan ditu berorrek egun gorriak. Attona hemendik, attona handik. Joango zaizkio, bai, oraingo itxurapenak!
Braulio.- Hori nahi nuke, bada.
Andre Prudentxi.- Nola ez? Berorren gaitz guztiak itxurapenak dira, eta berorren aldetik egin behar du ahal guzia nahaspila horiek denak burutik botatzeko.
Justino.- Hori bera esaten diot nik.
Andre Prudentxi.- Eta berorrek ezin badu, ekarriko dut nik egingo diona. Astinduko du nire ilobak.
Justino.- Gogotik lagunduko diot nik ere.
Andre Prudentxi.- Baita nik ere. Hiruren artean xehatuko ditugu etxe honetako sits guziak.
Braulio.- Eskerrik asko zuen nahi onagatik.
Andre Prudentxi.- Gustua litzake hemen egotea, baina ezkontzarekin ez daukat ezertako astirik. (Altxatuaz). Badaki guk ez dugula presarik, berorrek ematen digu presa...
Braulio.- Bai, egia da.
Andre Prudentxi.- Gero etorriko naiz Mariarekin, eta ondo-ondo egon, e?
Braulio.- Ahaleginak egingo ditugu.
Andre Prudentxi.- Hori egin behar du, hori, zergatik berorrek ez daukan min itxurarik ere.
Braulio.- Hobe nuke, bada.
Andre Prudentxi.- Aitzakiak besterik ez ditu. Ardit baten pupua, eta txanpon baten trapua. Adio. (Braulio altxatzen hasten da) Geldi, geldi, ez mugitu. Inork ez luke esango gaitzik duenik. (Andre Prudentxik egiten dio keinu Justinori gaizki dagoela) (Gero, Justinok ematerakoan euritakoa) Ez dut batere ondo aurkitzen zure osaba,... Baina ahal den guztia alaitzera egin behar da. (Eskuarekin ikusiko du ez dela euririk, eta alde egingo du) Gero arte.
Justino.- Bihoa ondo.
|