|
Martzelino Soroa. Berrenan Harra
Seigarren Irudia
VI
Braulio eta Justino
(Igartzen duenean andre Prudentxi joan dela, etorriko da Justino lasterka osabarengana)
Justino.- Osaba, laster, agudo: zer da aitorpen ikaragarri hori?
Braulio.- E?
Justino.- Egia garratz, lohitsu, lakatzak, zer dira?
Braulio.- Irudipenak! Irudipenak!
Justino.- Baina... lehen esaten hasi den tximistak eta trumoiak...
Braulio.- Nik esan dizkiat?
Justino.- Bai, bada.
Braulio.- Ikusten duk? Gaitzak ematen dizkidan zorabioak dituk.
Justino.- Baina nola liteke...
Braulio.- Ez diok entzun andre Prudentxiri? Nire mina hori duk, itxurapenak!
Justino.- Orduan, ez da egia adieraztera eman didan egipen lotsagarria?
Braulio.- Ez noski.
Justino.- Eta gehiago gabe zauritu dit bihotz guztia, eta lanbro beltz odoltsuekin estali du nire etorkizun gupidagarria.
Braulio.- Entzun diok andre Prudentxiri...
Justino.- Berorrek ere entzun dio, bada, eta gogoan hartu behar ditu haren esanak. Bota bitza burua nahaspilatzen dioten zorabio zentzu gabekoak...
Braulio.- Bai, bai!
Justino.- Horrela berorrek izango du lasaitasuna eta guk ere aldenduko diogu orain arte daraman izaera garratzari.
Braulio.- Hori duk hori! Gaurtandik ahaleginak egin behar ditiat kentzeko irudipen hauek.
Justino.- Saia bedi...
Braulio.- Orain bertatik... Eta horretarako, atzo bezala, irakur iezadak zerbait.
Justino.- Bai, jauna, berehala ekarriko diot liburutxo bat.
Braulio.- Ederki. Libururen bat irakurtzen didaanean baketasuna zeukaat nirekin. Nola ez naizen oroitzen gauzez, joaten zaidak buru-galtze hau.
Justino.- Berehala hemen naiz, bada. (Joaten da ezkerretik)
|