07. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Barrenean harra »  07. Irudia

Martzelino Soroa. Berrenan Harra

Zazpigarren Irudia

VII

Braulio bakarrik, gero Justino



Braulio.- Ia aitortu nion! Ez, ez dezala sekulan jakin bere osabaren bilaukeria zitala. Zorigaiztoko egunak! Baina arratsek, behin ere bukatzen ez diren arrats horiek, ematen didate ikara! Bakarrik nagoenean jende aurrean egon nahi dut, eta jende aurrean banago, bakartasunaren bila nabil. Badirudi guztiek zerbait ezagutzen dutela nire aurpegian. Baina ez, inork ez daki... inork ez du jakingo... Ezta Justinok ere.

(Justino ateratzen da ezkerretik, liburu bat eskuetan duela, eta joango da leihora eta handik begira geldituko da)

Braulio.- Nire eskuetara etorri zen... zertarako ekarri zuen diru pila hura? Bera etorri ez bazen niregana, gertatuko al zen zorigaiztoko lapurreta hura? Ez! ez!, nik al dut kulpa?

Justino.- (Leihotik) Bai, jauna.

Braulio.- E?

Justino.- (Leihotik) Ondo da.

Braulio.- Zer? Aditu al duk ezer?

Justino.- Nik?

Braulio.- Hik, bai, aditzen hengoen. Hator hona! Zer esan duk?

Justino.- Nik? Leihotik ikusi dut On Esteban, sendakina, esan dit bisita bat egin eta badatorrela, eta nik erantzun diot “bai, jauna”, “ondo da”.

Braulio.- Iruditu zaidak...

Justino.- Utz bitza behin irudipen zoro horiek. Hara, eser bedi hemen. (Esertzen dira biak)

Braulio.- Bai, bai, eta hi nire aldamenean... Alderago... Alderago...

Justino.- Bai, osaba.

Braulio.- Ez nauzue behin ere utziko, e?

Justino.- Ez, jauna, ez. Maria eta ni...

Braulio.- Nirekin izango zarete, bai.

Justino.- Nola eskerrak emango dizkiogu?

Braulio.- Nire ondoan bizitzearekin.

Justino.- Zer ona den!

Braulio.- Ona! Ni ona?

Justino.- Nola ez bada?

Braulio.- Irakur ezak zerbait, irakur ezak.

Justino.- (Irakurtzen) “Jaungoikoa guztiz zuzena da. Berak daki noiz nori ondasunak eman behar dizkion, eta noiz ez. Noiz eta nori kendu behar dizkion edo ez dizkion. Eta ez du nahi Jaungoiko santuak bide horretan inork esku hartzea. Zer egiten du, bada, lapurrak?...”

Braulio.- E? Zer?

Justino.- Zer du, osaba?

Braulio.- Ezer ez... (ez dezala ezagutu behin ere).

Justino.- Zer egiten du, bada, lapurrak?...

Braulio.- Aurrera, aurrera.

Justino.- “Guztiok dakiguna. Jaungoikoak bere gogo santuaz bati eman dion ondasuna kendu eta bereganatu”.

Braulio.- Beti batera.

Justino.- “Dohakabea mundu honetan, eta bestean?”

Braulio.- Utzi, Justino... Utzi hori!

Justino.- “Infernuko min eta oinazeak handiak dira...”

Braulio.- (Altxaturik) Aski da! Aski da! Utzi, utzi liburu hori...

Justino.- Baina... zer du, osaba?

Braulio.- Eraman ezak; hoa.

Justino.- Irudipenak berriz?

Braulio.- Utz nazak, bakarrik nahi diat egon.

Justino.- Baina...

Braulio.- Hoa... hoa...

Justino.- Lehen elkarrekin eta orain...

Braulio.- Laga nazak bakean.

Justino.- Horrela ez zaizkio joango burutazio txar horiek... (Joaten da ezkerretik)





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org