|
Martzelino Soroa. Berrenan Harra
Bederatzigarren Irudia
IX
Braulio eta Esteban
Esteban.- (Sartuaz eta txapela eta euritakoa beren lekuan utziaz). Arratsalde on, On Braulio.
Braulio.- Zein da? A! Ongi etorri.
Esteban.- Zer dugu? Nola gara, nola? (Braulioren ondoan eseriaz)
Braulio.- Ni, beti bezala.
Esteban.- Ikus dezagun, ikus dezagun. (Pultsua hartuaz) Bart lo egin du?
Braulio.- Ez, Esteban, ez!
Esteban.- Ez al zituen hartu lo egiteko agindu nizkion hauts haiek?
Braulio.- Bai, baina oheratu eta berehala ikusten ditut gauza batzuk...
Esteban.- Flakiak ematen dituen zorabioak dira horiek.
Braulio.- Zorabioak, e?
Esteban.- Bai, Braulio, bai. Horregatik jartzen zaizkio irudipen horiek.
Braulio.- Irudipenak, bai!
Esteban.- Esaten diot nik, jan egin behar duela eta ibili gogotik.
Braulio.- Ahal baneza...
Esteban.- Saia bedi, eta ikusiko du nola alde egingo dioten gaitz horiek guztiek. (Zigarro bat antolatuaz)
Braulio.- Nahiago nuke, bada. (Argia pizten duenean, Estebanek begiratuko dio lehenbizi Braulioren mingainari, eta gero piztuko du zigarroa).
Esteban.- Aurrera, aurrera, berorren aldetik zerbait jartzen badu, mutil gazte bat bezala aurkituko da berehala.
Braulio.- Nire ametsak ez dira horren urruti iristen.
Esteban.- (Altxatuaz, eta batera eta bestera ibiliaz). Esan nien, bada, etxean, atzo hemen hitz egin genuena Justino eta nire ilobaren arteko ezkontzaren gainean, eta oso ondo hartu zuten.
Braulio.- Bai, izan da hemen andre Prudentxi, eta hala adierazi dit.
Esteban.- Izan al da hemen? Jas! Ez da gelditzen etxean. Berak ezkondu behar balu baino harroago dabil!
Braulio.- Zer nahi duzu, bada?
Esteban.- Emakumeak! Emakumeak! Dela berena edo besterena, txantxetakoa edo egiatakoa, ezkontzaren usain hutsarekin txoratzen dira.
Braulio.- Asko maite du Maria!
Esteban.- Hori bai. Izan ere, halakoxea da bera. Ez da nik esatea ondo, baina Justinok emakume ona, eta Urnietako kanpaia baino finagoa hartuko du.
Braulio.- Bai noski.
Esteban.- Gaixoak ez du ezer...
Braulio.- Ez du horrek ezer esan nahi.
Esteban.- Halere, badaki On Braulio, nire alderditxoak baditudala, eta esku hutsetan ez dugula utziko. Gurea ez dugunik ez zaigu iruditzen, eta ditugun apurrek horrentzat izan beharko dute.
Braulio.- Nireak ere badakizu zeinentzat izan litezkeen.
Esteban.- Bai, Maria gaixoak beste gisan agertu behar zuen, baina ez zen komeni noski eta... Zer egingo da! Bere aita, nire anaia, gizon prestu bat zen, galdu zituen guztiak eta...
Braulio.- Galdu?
Esteban.- Amerikara, berori bezala, joan zen eta, urte askoren buruan, suerte batez egin zituen... egin zituenak, baina a! oroitzeak berak puskatzen du barrena.
Braulio.- Zer, bada?
Esteban.- Ostu egin zizkioten.
Braulio.- (Harriturik) Ostu! Ostu!
Esteban.- Bai, Braulio, bai. Joan behar presakako bat izan behar zuen, eta bere adiskide baten eskuetan utzi zituen guztiak, eta... zer adiskidea!
Braulio.- Nola? nola?
Esteban.- Jabe egin zen guztiaz, berehala alde eginik.
Braulio.- Ixo! ixo!
Esteban.- Bai, gizon prestuak ez daki nola egin litezkeen gauza horiek. On egin zion zorigaiztoko kolpe hark. Ikusi bazuen Mariaren aita zena, zorigaitz harekin mintsu jarri eta, aterik ate, ogi puska bat eskatzen...
Braulio.- Aski da! Aski da!
Esteban.- Azkenean zutik ezin egonik aurkitu zenean, eraman zuten eritegi, ospitale batera...
Braulio.- Esteban! Esteban!
Esteban.- Bai, bihotz ona du berorrek, eta ezin aditu ditu gauza horiek.
Braulio.- Eta, ez da jakin zeinek egin zuen hori?...
Esteban.- Ez. A! jakingo balitz, sei bizi izanda ere, seiekin ez luke egin zuenik ordainduko.
Braulio.- A!
Esteban.- Negargarrizko Juan Antonio!
Braulio.- Juan Antonio!!! A!! (Erortzen da eserlekuan korderik gabe)
Esteban.- Zer du? (Oihuka) Braulio! Braulio! Izen hau aditu eta horrela... Ameriketan izana... Hau ote da? (Patrikeratik ateratzen du ontzi txiki bat eta sudurretan jartzen dio) Ezin lo egina... Braulio... Braulio...
Braulio.- E?
Esteban.- Pasa al zaio?
Braulio.- Pasa?.. A! Bai... (Begira) Juan Antonio...
Esteban.- Bai, Juan Antonio Tximistegi.
Braulio.- A! Zer da hau? (Buruari helduaz)
Esteban.- Berriz?
Braulio.- Ez, ez... Eta gero?
Esteban.- Mariaren amak jakin zuenean bere senarraren dohakabezko gertaera, burutik jarri zen, eta heldu zion pixkanaka urtzen duten min ikaragarri horietako batek eta...
Braulio.- Hori gehiago! Izugarria da hori!
Esteban.- Hain izugarria! Ordutik Maria gaixoa gurasorik gabe gelditu zen...
Braulio.- Datorrela, bada, berehala Maria... (Larri) Baina, ez, ez...
Esteban.- Nahi duen bezala...
Braulio.- Bai, bai... datorrela...
Esteban.- Aurki arte bada...
Braulio.- Bai, Esteban, bai. Agudo etorri. (Estebanek hartuko ditu euritakoa eta txapela, eta alde egingo du noizean behin begiratu txar batzuk Brauliori boteaz. Hau bitartean egongo da begiak altxatzeko beldurraz)
|