|
Martzelino Soroa. Berrenan Harra
Hamargarren Irudia
X
Braulio bakarrik, gero Justino
Braulio.- A! Uste nuen nire azken ordua nirekin nuela... Baina ez, ez, bizi egin behar dut... Mariaren aita zen nik... Nik... Jesus! ostu niona. Mariaren diruak ditut eskuak erretzen dizkidaten horiek. Guztiak eman behar dizkiot bai... Lehenbailehen... Gauza guztien jabe egin behar dut. Bereak dira, datorrela lehenbailehen. Guztiak ematean zabalduko ahal da nire barrena... Bai... kenduko zait itotzen nauen gauza hau. Baketasuna izango dut. (Begiratuaz) Ez dator oraindik! Zer luze doan denbora! (Oihuka) Justino!.. Justino! Ezin egon naiz.
Justino.- (Ezkerretik sartuaz) Hemen naiz, osaba.
Braulio.- Hoa, hoa agudo Mariaren bila, datorrela lehenbailehen.
Justino.- Ilunabarrari itxoin gabe?
Braulio.- Ilunabarra! Ez nezakek horrenbeste itxoin.
Justino.- Ez al dago ondo?
Braulio.- Maria etorri bitartean, ez. Datorrela berehala.
Justino.- Esango diot bada andre Prudentxiri. (Txapela hartuaz)
Braulio.- Bai, andre Prudentxi, Esteban, Maria, guztiak... datozela guztiak, baina datozela... agudo!
Justino.- Banoa, bada, lasterka.
Braulio.- Bai, hoa bizi-bizi. (Joaten da atzetik)
|