11. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Barrenean harra »  11. Irudia

Martzelino Soroa. Berrenan Harra

Hamaikagarren Irudia

XI

Braulio, gero Migel Martin



Braulio.- Noiz hartuko dut arnasa aho betean? Juan Antonio eritegian, ospitalean!.. Emaztea erotuta!.. Maria berriz!.. A! baina behin emanez gero berea, ez daukat zergatik estutu beharrik.

(Migel Martin sartzen da atzeko atetik. Norbait dela igartzen dio Brauliok)

Braulio.- Haiek ote dira?

Migel Martin.- Arratsalde on.

Braulio.- Ez, ez dira.

Migel Martin.- Zer dugu? Bixkor dabil?

Braulio.- Ez nahi bezala. Eta zuek?

Migel Martin.- Jaungoikoari eskerrak ondo, ondo. Oheak husten ditugu, lana egiteko osasuna badugu, eta gure huskerian alimo, beti alimo.

Braulio.- Eta zure barrenean ezer duzunik ez duzu sentitzen?

Migel Martin.- Gure barrenean? Ezer ez izateagatik, askotan janik ere ez dugu izaten. Lan egin eta lo bete-betean.

Braulio.- Lo!.. lo!.. Nik ezin dudana.

(Iluntzen hasten du)

Migel Martin.- Egiten dugu, bada, guk, ondo eta lasai. Baina berori aberatsa da eta, nekatzen ez denak, ez dago, ez dago, baten ordez bestea.

Braulio.- Nekatu!.. Nekatu!..

Migel Martin.- Bai, jauna. Baba, esnea eta gazta zaharra jan gogotik, eta lo. Esaten nion, bada, nik, horrela lo egingo zuela.

Braulio.- Ezta halere. Beti hura...

Migel Martin.- Ura?.. Edan beza sagardoa edo ardoa, eta ikusiko du. Guk pitarrarekin ere lo egiten dugu!

Braulio.- Zorionekoak!

Migel Martin.- Gu beti batean, eta beti alai, alai.

Braulio.- (Ate aldera begiratuaz). Ez datoz oraindik.

Migel Martin.- Berori behinik behin, Amerikara joan zen eta, guk gure bizian egingo ez duguna egin zuen.

Braulio.- Nik egin! A! Bai, zorigaiztoan!

Migel Martin.- Zorigaiztoan?

Braulio.- Ez dezazuela sekulan horrelakorik egin.

Migel Martin.- Ez? Aberastu eta... horren denbora gutxian eta...

Braulio.- Gutxian!

(Ilunago)

Migel Martin.- Ba bai. Han dirua erraz egiten dela eta, ezagun da, bai.

Braulio.- Erraz! Hitz hau bera nahikoa dut nik buru guzia nahasteko. (Ate aldera begira) Ez datoz, ez datoz... Frijitzen dago nire barrena!

Migel Martin.- Ez al dago ondo?

Braulio.- Zer dut? Zer dut min hau? Eseri eta ezin egon! Altxa nahi eta ezin altxa! Hau lana! hau lana egin nuen!

Migel Martin.- (Alde guztietara begiratuaz eta Brauliori helduta) Gizon hau ez dago ondo!

(Oso ilun)

Braulio.- (Zorabioan balego bezala) Heriotza!.. heriotza gainera datorkit!.. Horra!.. Horra hor Luzifer, sega beltzarekin dator!.. Itxoingo!.. Itxoingo pixka bat! Maria! Zatoz lehenbailehen!.. Itxoingo!.. Zatoz, Maria! Tori! Zureak dira! Ez dut hemendik ezkutatu nahi ordoikeria guztiak oso garbitu gabe... Itxoingo, itxoingo!..





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org