|
Martzelino Soroa: Ezer ez, eta festa – Toribio Alzagaren bertsioa 1922
|
VI Batixta eta Martzelo Jauna
|
Martzelo agertzen da ate-aurrean eta garondoan Batixta esku-makilarekin joaz.
Martzelo: E, e! Neskatxa gazteekin txeletaka, e?
Batixta: Bai, zera; lan-kontu ari ginen. Lana besterik ez darabilkigu guk. Guztiak berorri bezala ezin bizi. (Garai ederrean etorri haiz oraintxe).
Martzelo: Ai, Batixta, Batixta! Paperak egiten dituzu zuk.
Batixta: Paperak? Ez jauna, ez: marmitak, txantxilak, eltze-tapak eta antoxinak. Horiekin badaukat lana nahikoa, eta ez zait gelditzen paperak egiteko betarik.
Martzelo: Bai, ordea, kaxuela xaltxentzat.
Batixta: Horiek ez ditugu egiten, garbitu bakarrik. (Eta hau hemen dagoela, nola gorde behar ditut krabak?).
Martzelo: Gaur arratsalderako ere zerbait asmatua edukiko duzu honezkero.
Batixta: Bai zera. (Nahiago nuke krabak nola gorde asmatuko banu).
Martzelo: Ez dakit bada; izango dira gaur arratsalderako krabaren batzuk edo...
Batixta: Krabak? Xoluerdiren lantokira eramango ditut.
Martzelo: Nola?
Batixta: Ez, ez; eltze-tapa batzuk Xoluerdiri eraman behar dizkiodala. (Hantxe, ederki. Hori egingo dut).
Martzelo: Izango dituzu, bai, krabaren batzuk, edo usoren bat...
Batixta: Usoa, gero.
Martzelo: Nola, gero?
Batixta: Bai, esan nahi dut, orain ez daudela guretzat. Hegan ibiltzen diren jaki goxo horiek berorientzat izaten dira; aberatsentzat. (Ageri ote da?). (Atzetik begiratuaz)
Martzelo: Ai, Batixta, aspaldi utzi nituen jaki goxo horiek...
Batixta: Nik, berriz, jaio baino ere lehenagotik. (Xoluerdiren lantokian ederki gordeko ditut).
Martzelo: Lau urte badira sendakinak eragotzi zidala.
Batixta: A zer bihotz gogorra zuen!
Martzelo: Bi urte egon naiz, bi urte, esne hutsarekin.
Batixta: Esne hutsarekin? Horrela badoa, berori gazta bihurtuko da. (Atzetik begiratuaz) (Oraindik ere ez dator).
Martzelo: Orain hasi naiz arrain pittin bat jaten.
Batixta: Pittin bat besterik ez? Orduan berori ni baino arloteagoa da. (Atzetik berriro begiratuaz) (A! Hemen dator Anttoni Karranpa, eta berarekin dakartza krabak! Noan bere bila). Pixka bat itxoingo dit, e? Hor, aldamenean, baditut txantxila eta potixa batzuk antolatu beharrak eta...
Martzelo: Bai, bai, zoaz.
Batixta: (Atetik kanpora keinu batzuk egin, eta gero Martzelori) Berehala etorriko naiz.
Martzelo: Zoaz, zoaz; begiratuko diot nik bitartean zure lantokiari.
Batixta: Bai, bai; eskerrik asko, (Lasterka joaten da)
|