|
Martzelino Soroa: Ezer ez, eta festa Toribio Alzagaren bertsioa 1922
|
X Martzelo eta Batixta. Berehala Juxto eta Anttoni.
|
Geroxeago Kaximira
Batixta: (Uso bat galtzarbean ezin gorde duela sartzen da) (Hemen duk!)
Martzelo: Orain nengoen neure artean, zerorrekin hegoak bazenitu bezala zabiltzala.
Batixta: Bai, jauna; hegoak eta gainerakoa ere bai. (Non gordeko ote dut?).
Martzelo: Gizonaren bikaintasuna.
Anttoni: (Anttoni eta Juxto zalaparta bizian sartzen dira atzetik) Ez, ez, ez, ez; ederrak aditu behar ditu. Zer uste du katuarrain horrek? Anttoni Karranpa saltsa horietan sartzeko dagoela? Gezurretan etorrita, gezurretan, gezurretan... Ez, ez, ez, ez.
Batixta: (Juxto! Galdua nauk!)
Anttoni: Zuk agindu zeniola esan dit; eta, gainera, zu hemen zeundela. Eta zu hemendik ateratzen neronek lehenago leihotik ikusia. Eta, horrela, gezurretan etorri? Ez, ez, ez, ez.
Batixta: (Zer egin behar dut nik honekin!)
Anttoni: Krabak ekarri dizkiot, bai, egia da; baina bai agudo zuregana joan ere egia ote den jakitera. Zer uste du tripa ustel, galtza-jario horrek, Anttoni Karranpa bera bezalako lapurreta-egilea dela? Ez, ez, ez, ez. Gaur harrapatzen badut, txilborra kenduko diot. (Batixta ikusiaz) A! Hara non dagoen bera.
Martzelo: Zer gertatzen da hemen?
Juxto: (Anttoni ondotik duela Batixtarengana joanaz). Aizak, hi: non dituk nire krabak?
Anttoni: Hor dauzka; bai, bai, bai, bai. Ezin gorderik dabil; begira, begira.
Juxto: Ekar itzak kraba horiek; agudo gero.
Batixta: Ez dituk krabak; beste gauza bat zeukaat hemen.
Anttoni: Gezurra, gezurra; neronek ekarriak hortxe ditu.
Batixta: Ezetz; ez daudela hemen.
Juxto: Emango al dizkidak? Bestela, ez egitekoren bat egingo diat!
Batixta: Ez direla krabak.
Anttoni: Bai, bai, bai. Gezurra dio izokin horrek.
Juxto: Erakuts itzak.
Anttoni: Erakutsi beharko.
Kaximira: (Atzetik sartuaz) Ez al dago hemen lehengo krabarroka hura?
Martzelo: Krabak al dituzu zuk ere?
Batixta: Ez direla.
Anttoni: Badirela.
Juxto: Erakuts itzak.
Anttoni: Erakutsi...
Batixta: (Usoa erakutsiaz) Horra bada.
Juxto eta Anttoni: Oi! Usoa!
Martzelo: Usoa!
Kaximira: Nirea!
Batixta: E! (Nondik sortu da hau?).
Kaximira: Gure usoa da hori. Ongi ezagutzen dut.
Batixta: (Isilaldi txiki baten ondoren) Halaxe da. Xoluerdik ukatu egin dizu, baina nik ezagutu dut berehala, egia zurea dela.
Kaximira: Bai, noski.
Batixta: Eta, hala; joan naiz beren etxera, eta nahi badute, eta nahi ez badute, eman behar izan didate; eta hona non daukazun: tori, zurea da. (Kaximirari usoa ematen dio, eta honek musuka darabil)
Kaximira: Gure uso moņoņoa! (Batixtari) Zu zara gizona, zu.
Batixta: Bai, noski. (Hau bai dela pipen txortena jotzea). Eta honelako gauzak egiten dakien gizon bati, hemen entzun diren zitalkeriak esaten al zaizkio?
Anttoni: Nik ez dizut zuri aitatu ez usorik eta ez karramarrorik. Ni krabengatik etorri naiz. Zuk esan didazu Juxto hemen zegoela; eta hori gezurra da, gezurra eta gezurra.
Batixta: Nik ez dizut horrelakorik esan. Nik esan dut Xoluerdi zegoela hemen, eta hementxe zegoen; eta bestela, esan dezala Kaximirak, egia esan nahi badu, Xoluerdi hemen zegoen edo ez.
Kaximira: Hori, bai; hemen zegoen. Neronek, neure begiekin, ikusi dut.
Anttoni: Niri, ordea, Juxto zegoela esan dit.
Kaximira: Xoluerdi hementxe zegoen bada; eta ez ni gezurtitzat atera, zu ez bezalakoa naiz ni egia esaten eta.
Anttoni: Berriketan behintzat bai. Ama-alabak ere mingain ederrekoak zarete. Zuen mokoa nolakoa den guztiek dakigu.
Kaximira: Mokoa izango dugu, baina, karranparik ez. Ezta zuek bezala zokoetan ezin gorde diren zikinkeria nazkagarririk ere.
Anttoni: Zuek izango dituzue, zuek.
Kaximira: Zuek.
Anttoni: Zuek. (Garrasika elkarri heltzera bezala doaz. Besteek zabaltzen dituzte)
Martzelo: Zaudete isilik.
Kaximira: Katuarrain horri begiratu...
Anttoni: Masopal ustel horrenak handiagoak. (Berriro elkarri heltzera bezala, biak batean garrasika hitz eginaz)
Anttoni:
Hobe zenuke zure osaba begiokerraren makarrak kendu, eta ez hemen zikinkeriarik aitatu.
Utikan, moko luze alaena!
|
Kaximira:
Zuek bezalako urde nazkagarriak garela uste al duzu?
Utikan lotsagabea ez besterena!
|
(Guztien artean zabaldu eta isilarazten dituzte)
Juxto: Isilik egongo ahal zarete, berritsu horiek!
Martzelo: Ixo!
Juxto: Horretara etorri garela uste al duzue?
Martzelo: Hauek iturriak! (Isilaldi labur bat)
Juxto: Hemen jakin behar duguna da nire krabak non diren.
Batixta: Non izango dituk? Xoluerdiren lantokian. Haren egitekoak dituk guziak. Hark, hire izenean, agindu zidak. Hari eraman zizkioat.
Juxto: Xoluerdik al ditu?
Batixta: Bai, bada.
Juxto: Harrapatzen dudan toki berean zanpatuko diat, xehatuko diat, hauts egingo diat.
|