Mutillak, Lutxi, Axentxi ta Prudentxi


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Gabon »  Mutillak, Lutxi, Axentxi ta Prudentxi

Marzelino Soroa. Gabon



EGINTZA BAKARRA


Iruditegian kalia, Bretxa aldian

Egilliaren eskuyetara Andre Joxeparen etxia. Ezkerretara on Makariorena. Burtina altxatzen danian, azaltzen dira kalien erdi-erdiyan, dozena bat mutill biribillatubak eta Joxe Migel barrenen dutela makil batekin kantuban sayatzeko gisan. Batek du fraxoletia, bestiak ojalatazko txilibituba eta Erramunek farola. Guztiyak umill jantziyak, bluxa, boinekin ta ala. Alde batian gaztaiñ ta bixigu saltzalliak.



Lenbiziko Irudia





Mutillak, Lutxi, Axentxi ta Prudentxi



Lutxi: ¡Gaztain bero beruuuak!

(ojuka).

Axentxi: ¡Bixigu frexkuuuuuak!

Prudentxi: ¡Bizi, biziiiiiiiyak!

Joxe: Entsaya zagun bada.

Guztiyak: Bai, bai. (Bulla ta zalapartan).

Joxe: ¿Guztiyak al gaude?

Erramun: Xeberiano falta dek.

Iñaxiyo: Ez dek ori etorriko, zeatik aitai zigarruak ostu ta fumatzen topatu dik kai-arriban eta etxea eaman dik.

Joxe: ¡Orduban agilando ederra emango ziok!

Atanaxio: Obe, parte geyago izango diagu.

Iñaxiyo: Aizak, Atanaxio, ¿ekatzak txilibituba?

Atanaxio: ¡Ez txinistu!

Iñaxiyo: Mutil, eztiau jango.

Atanaxio: San Tomasetan bost kuarto pagatu ta ¡iretzat irukiko yat!

Iñaxiyo: ¡Demonio kaikuba!

Atanaxio: Kaikubao aiz i.

Erramun: Kanta zagun, bestela gaizuma etorriko dek asi bañan len eta tinieblak kantatu biarko dizkiagu.

Joxe: ¿Zer kantatuko degu?

Iñaxiyo: Dios te salve ongi etorri...

Bestiak: Ez, ez.

Atanaxio: En el portal de Belén...

Joxe: I bai agola Belenen.

Erramun: Agilanduen billa...

Joxe: Ori bazekiagu.

Iñaxiyo: Erregiak datoz...

Erramun: Etorri ta jun ere egingo ditek Erregiak gu asi bañan len!

Iñaxiyo: Ate-txokuan ollar bi...

Joxe: Ate-txokuan pentsatze’ek ik beti, zigarrua fumatzen egotiatik. Zortzikua.

Guztiyak: Bai, bai. Zortzikua.

Joxe: Tira, jarri ondo. Ala. Bat, bi, iru.



(Kantari)






Etxeko guztiari
gabonak emanez
gatoz zelebratzera
beterikan pozez...

¡Ixooo mutillak!!







Atanaxio: Inaxiyok desafinatzen dik.

Iñaxiyo: ¡Emango diat belarriondoko bat!

Atanaxio: Ezaun dek ez aizela San Bizenteko koxketan jayua!

Iñaxiyo: Ik bai kantatz’ekala gaizki.

Atanaxio: ¿Nik?

Iñaxiyo: Ik bai, Lorentziyoko kalian ez diat i baño asto aundiyagorik ikusi.

Erramun: ¡Sartu ziok!

Guztiyak: E, e eeee (ojuka).

Joxe: Tira, tira, ez diau asarratu biar gabonetan. Segi aurrera.

(Kantari)





Kantatu biar degu,
gabon arratsa da,
umore onarekin
pasa zagun gaba.

Azoliyo, bixigu,
konpota, gaztañak,
gaur gaberako dira
gauzarik onenak...

Etxian gurasuak,
semiak eskian,
triste gelditu dira
suben bazterrian.

Aita pipa erretzen,
ama ardatzian,
¡zer afari ote degu
gabon arratsian!

Jo gora ta jo bera
gabiltza gu beti,
Belena nun ote dan
billa al baledi.

Dirurik ez degula
gezurra diruri,
¡zeñek jan al litzaken
kapoi bat edo bi!



Alde guztietatik
bixigu turroyak
agertzen dira, baita
galantak kapoyak,

Gu bakarrikan gaude
baraurik artian,
dirurik gabetanik
gabon arratsian.

Nekatu gera eta
baguaz emendik,
danak ibiltzen gera
dirubaren gatik.

Naiz dirurik eman ez
borondate onetik,
ez diyogu elduko
iñori lepotik.

Baguaz, etxekuak,
gabon, gabon, gabon,
desiatzen diyogu
txilla bat urte on.

Eman biar dizkagu
oraiñ esker milla,
emen Jesus maitea
arkitu derilla.













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org