|
Martzelino Soroa. Gorgonioren estuasunak
Hirugarren Irudia
III
Marziano eta Gorgonio
Gorgonio.- (Egintzailearen eskuineko gelatik oihuka) Markos.
Marziano.- Hasi da berriz oihuka gure endredamakila.
Gorgonio.- Maurizio, Maurizio. (Deika)
Marziano.- Bai; eta Makario, eta Martin, eta Mamerto, eta… edozein izen. Nirea ez beste guztiak.
Gorgonio.- Makario, Makario.
Marziano.- Ez diot, bada, erantzungo nire izenarekin deitu arte.
Gorgonio.- Mamertoooooo.
Marziano.- Mareatu behar ditu bazter guztiak, poltsa dirua galdu duen kontu horrekin.
Gorgonio.- (Aterarik; beti guardasol zahar barregarrizko batekin.) Baina zuk ez al duzu aditzen?
Marziano.- Ez naizela ni Martin, ezta ere Markos, Maurizio, Makario eta Mamerto, baizik Marziano eta Marziano.
Gorgonio.- Bai; Marziano Berritsu.
Marziano.- Ezta Berritsu ere; ni naiz Marziano Lekuona.
Gorgonio.- Bai, bai; ez dirudizu leku txarrekoa, ez.
Marziano.- Ez horratik. Hartuko luke.
Gorgonio.- Hartu? Nik hartuko nukeena da galdu zaidan poltsa.
Marziano.- Ez al du aurkitu?
Gorgonio.- Ez Martin ez.
Marziano.- Marziano.
Gorgonio.- Bai; Mar… Mar… hori. Beti mar-mar berriketan ari zara-eta… Horra bada; jakin behar duzu, gaur goizean Zumarragatik atera naizela behi bat erosteko asmotan eta…
Marziano.- Bai, bai; aditu diot lehen ere, Gogornio jauna.
Gorgonio.- Adi ezazu, ez naiz ni Gogornio, eta bigornio, baizik Gorgonio.
Marziano.- Bai, bai, badakit, Grogonio.
Gorgonio.- Dale bola.
Marziano.- Bola?
Gorgonio.- Bai, Mamerto.
Marziano.- Ez naizela Mamerto; baizik, Marziano.
Gorgonio.- Marziano… bai. Mar… Mar… erdaraz itsasoa. Itsasoa pasa eta Ameriketara joan beharko duzu zuk.
Marziano.- Ez daukat Ameriketara joan beharrik. Hemen dut nik behar dudana.
Gorgonio.- Ez dut, bada, nik hemen behar dudana. (‘Behar dudana’ esaten du indarrarekin)
Marziano.- Zer behar du, bada?
Gorgonio.- Zer behar dudan? Nire poltsa dirua.
Marziano.- Berorrena izana. Honezkero badu beste jabe bat.
Gorgonio.- Baina jabe hori ez da bide zuzenekoa.
Marziano.- Hori egia da. Orduan berorren poltsa oker ibili da?
Gorgonio.- Hain oker! Horra bada, Zumarragan trenean ni sartu…
Marziano.- Eta poltsa atera. Izutu egingo zen burdinbidean.
Gorgonio.- Eta trenetik jaisterakoan…
Marziano.- Beti kanta horrekin dago.
Gorgonio.- Adi ezazu, ez daukat nik kantatzeko gogorik. Eta trenetik ateratzerakoan…
Marziano.- Bai, bai, badakit.
Gorgonio.- Aurkitu nintzen poltsa gabe eta…
Marziano.- Aditu diot dozena bat bider. (Doa.)
|