|
Martzelino Soroa. Gorgonioren estuasunak
Zazpigarren Irudia
VII
Gorgonio eta Marziano
Marziano.- Ja, ja, ja, ja, ja! (Barrez) Zer ari da berori?
Gorgonio.- Zer ari naizen? Ez naiz ni aharia eta ahuntza ere.
Marziano.- Badakigu dela Gorgonio jauna.
Gorgonio.- Gogor… gogor… zu bai zarela gogorra buruz, burugogorra.
Marziano.- Ja, ja! Ez dute guztiek hori esango.
Gorgonio.- Ez, e? Gizagaixoa; (Marzianoren antzean) ez dute guztiek hori esango: Zer maratila da hori?
Marziano.- Ez dut maratilarik.
Gorgonio.- Zer matraka?
Marziano.- Ezta matrakarik ere. Atabalariak oihu egin du berorren diru galtzea.
Gorgonio.- Bai? Eta zer dakarzu?
Marziano.- Nik? Berorren dirurik ez behinik behin, zorigaiztoan.
Gorgonio.- Baina ez da agertu?
Marziano.- Dirua? Garesti dago, eta oso ezkutatua, batez ere urrea.
Gorgonio.- Hain ezkutatua! Niri behinik behin ez zait azaltzen. Baina niretzat ez da oraindik etorri?
Marziano.- Zer? dirua? Alajaina! ekartzeak ere lana franko izaten du.
Gorgonio.- Utz itzazu txantxak alde batera, Matias.
Marziano.- Berorrek utzi beharko ditu, berorrek. Beti izengoitiak jartzen…
Gorgonio.- Beheitiak jarriko dizkizut, bada.
Marziano.- Behiarenak? Jar biezaio erosten duenari.
Gorgonio.- Ai erosten dudanari! Badakit Makario zarela.
Marziano.- Ez bada, Marziano eta Marziano. Berorri Grogonio jauna bezala.
Gorgonio.- Orduan ez zara zu Makario.
Marziano.- Adituko litzateke!
Gorgonio.- Oi, oi! Aditu duzun bezala. Izango zara Mazino edo Matraka. Baina orain zer egin behar dut nik?
Marziano.- Txaketa jantzi.
Gorgonio.- Hori ez duk gauza zaila. Hara, horra. Eta dirurik gabe! A! Eros iezadazu guardasol hau. Ederra da. Moda-modakoa; azkenekoa. Paristik etorria.
Marziano.- Ez du horrek ere abildade gutxi Paristik etorri bada. Ekarri egingo zuten, ekarri!
Gorgonio.- Nahi duzun bezala; baina eros iezadazu. Hara, euria ari duela guardasol hau irekiz gero, eguzkia azaltzen da.
Marziano.- Eta itxiz gero?
Gorgonio.- Euria.
Marziano.- Alajaina! Ez luke jendeak barre gutxi egingo ikusirik guardasol irekiarekin eguzkia dagoela!
Gorgonio.- Orduan itzala ematen du. Tira, merke-merke emango dizut.
Marziano.- Eta zertako? Ez dut guardasol beharrik. Berdin ez naiz etxetik ateratzen eta…
Gorgonio.- Ni ere ez, bada. Nora joango naiz dirurik gabe? Zuhur xamarra izan behar duzu zuk, Mamerto. (Doa.)
|