|
Martzelino Soroa. Gorgonioren estuasunak
Bederatzigarren Irudia
IX
Marziano eta Joxe (guardasolekin)
Marziano.- Kaixo, mutil! Hemen al haiz?
Joxe.- Bai Marziano, bai. Atzo estuasun guztiarekin gauerdi arte lanean aritu ninduan, dena bukatu eta hona etortzeagatik.
Marziano.- Ondo, ondo, Joxe. Eta etxean?
Joxe.- Guztiak ondo gelditu dituk. Izeba, huraxe badakik, beti bezala makal xamar…
Marziano.- Gajoa! Eta amona?
Joxe.- Bere adinean haritza baino gogorrago.
Marziano.- Beti hala izan duk.
Joxe.- Bada bere laurogeita bederatzi urterekin, taka, taka, taka, ez dik meza nagusirik huts egiten.
Marziano.- Ikusten da!
Joxe.- Ondo jan, ondo lo; bakarrik duena da pareta zahar bat baino gorrago dagoela.
Marziano.- Ez duk harritzekoa adin horretan.
Joxe.- Edozein gauza esaten bada etxean eta aurrean badago, bi bider esan behar duk oihuka ler eginean, zergatik aditzen ez badu, bere kezkarekin gelditzen duk eta…
Marziano.- Zer egingo da, bada!
Joxe.- Bai, hori hutsa duk. Gaitz handiagorik ez dadila etorri.
Marziano.- Hori, hori. Aita arestian hemen zen, bada.
Joxe.- Ikusi diat Lorentxoren dendan eta hitz bi egin ditiagu. Beti bezala sendoa dago.
Marziano.- Bai, Jaungoikoari eskerrak.
Joxe.- Plazan, berriz, erruz duk jendea.
Marziano.- Bai, eguraldi ederrarekin, bazter guztietatik biltzen duk feria egunean.
Joxe.- Eta hi beti etxean sartuta lanean.
Marziano.- Bai, feria eguna izanez gero, jakina dut nirea; eta osasuna denean lan egitea ona duk.
Joxe.- Hori, hori.
Marziano.- Zer hartuko duk orain?
Joxe.- Nik ezer ez. Gure legea eginda etorri gaituk.
Marziano.- Nahi duan bezala, bada.
Gorgonio.- (Barrendik) Makario, Makario.
Joxe.- Nori deitzen dio horrek?
Marziano.- Niri.
Joxe.- Berriro bataiatu al haute edo zer?
Marziano.- Pronostikoan diren izen guztiak jartzen zizkidak, eta nirerik behin ere ezin sumatu dik.
Joxe.- Horren buru eskasa al dauka?
Marziano.- Nik uste diat gizagaixoa erotu egingo dela.
Joxe.- Erotu?
Marziano.- Bai; poltsa dirua galdu dik, eta oso nahastua zebilek.
Joxe.- Galdu?
Marziano.- Galdu, Joxe, galdu. Eta ez nolanahiko poltsa ere, ontzako urrez betea, zekartzanak behi bat erosteko asmotan.
Joxe.- Gauza okerra duk hori horratik.
Marziano.- Hain okerra! Hik ezagutuko duk, Grogonio jauna.
Joxe.- Gorgonio? Itsaso-lehorrekoa?
Marziano.- Huraxe bera.
Joxe.- Errukitzen nau. Asko ezagutzen diat.
Marziano.- Aitak dirua eskaini dio eta hainbeste ahalegin egin dizkio harrarazteko, baina inolako moduz ez duela nahi besteren dirurik esaten dik, lotsagarri aurkitzea dela hori, eta etxera kontu emanik, diruaren zain zegok.
Joxe.- Baina nola gertatu zaio hori?
Marziano.- Ez dik, bada, gutxi aldiz kontatzen! Zumarragan sartu omen dira burdinbidean, eta bildu omen da jende asko. Bulka batek, bulka besteak, estuasun guztian jarri direla beren lekuetan, eta gauza da Tolosan jaisterakoan, aurkitu dela poltsarik gabe.
Joxe.- Gizagaixoa! Gizon zintzoa da.
Marziano.- Horra bada. Orain aurkitzen duk dirurik gabe eta behirik gabe. Lehengo behia lehorra gelditu omen duk eta…
Joxe.- Itsaso-lehorren behia lehortzea ez duk gauza harrigarria izango.
|