|
Martzelino Soroa. Hauek istiluak
Hamabigarren Irudia
XII
Manuel eta Juan (korrika plater eta katiluarekin)
Juan.- Hona, jauna, bero-beroa, koipe ederrarekin. (Oi! Arranoa! nireak egin dik).
Manuel.- Zer duk, Juanito?
Juan.- Be… bee… beee…
Manuel.- Arkume bihurtu al haiz?
Juan.- Bee… Berori al zen?
Manuel.- Uste diat baietz. Baina zer duk horrela larritzeko?
Juan.- Mu… muu… muuu…
Manuel.- Hi ere papera egiten ari al haiz?
Juan.- Mu… Mudatu egin da hemendik eta…
Manuel.- Zein?
Juan.- Berori, zuen asmoarekin. Berori zen beraz?
Manuel.- Zein uste duk naizela bada, nire anaia? Zer duk hori?
Juan.- Hau? hau?
Manuel.- Bai.
Juan.- Hau… hau…
Manuel.- Orain zakurrak bezala? Mendi hauetako animalia guztien gisak ikasi dituk? Zer da hori?
Juan.- Hau? Eta berorrek zer den galdetzen dit?
Manuel.- Bai, Juanito, bai.
Juan.- Bada, ka… ka… ka…
Manuel.- Zer ka, ka, ka?
Juan.- Katilu salda iruditzen zait, jauna.
Manuel.- Zeinentzat?
Juan.- Ze…? Zeinentzat? Eta berorrek zeinentzat den galdetzen dit? (Jaungoikoak guarda bestea etortzea).
Manuel.- A! Konturatzen nauk. Bazakiat.
Juan.- Bai, e? (Zer ote daki eta zer ikusi behar ote dut?)
Manuel.- Ikusi nauk etortzen eta korrika ekarri duk… Eskerrik asko, Juanito, eskerrik asko.
Juan.- Nahi ez duenez gero, eramango dut…
Manuel.- Ez, ez.
Juan.- Nola esan didan “eskerrik asko”, txarra izango lukeela gogo gabe hartzea nik ekarri dudalako.
Manuel.- Ez dezaala hori uste. Ekarzak, ekarzak.
Juan.- Baina aza salda da eta…
Manuel.- Hobe.
Juan.- Aza berdearena.
Manuel.- Eta zer?
Juan.- Zer? Badaki nola esaten den: “Ahuntza baratzan, akerrak ezpata dantzan, jan zuen aza berdea…”
Manuel.- Mutil, hago isilik.
Juan.- Kir… kir… kir…
Manuel.- Orain kirkirra?
Juan.- Kir… kirtena falta du katiluak eta beroa dago eta…
Manuel.- Hi bai haizela kirtena! (Katilua ukituta) Ez zagok horren beroa. (Salda hartzen du).
Juan.- Eta hartu egiten du!
Manuel.- Zer bada?
Juan.- (Hauek istiluak!)
Manuel.- Ibili eta izerditu naizenarekin ez zidak gaitzik egingo saldatxo honek.
Juan.- Gutxiago egingo dio besteari.
Manuel.- Zeini?
Juan.- Hartzen ez duenari. Baina zerbait ahaztu al zaio horren agudo etortzeko?
Manuel.- Ez; beste asmo bat hartu diat.
Juan.- Beti hori egiten du.
Manuel.- Bero honekin oinez ibiltzea fardela eskuan dudala astakeria bat iruditzen zaidak.
Juan.- Eguraldi sargoria dago, jauna.
Manuel.- Kotxean joan banintz! Baina nola oinez ibiltzea gustatzen zaidan…
Juan.- Kotxean? Horrengatik besterik ez bada, aginduko dut berehala jartzeko bat.
Manuel.- Baina, Juanito, zer gertatzen zaik? Lehen halako pena heukan ni joateagatik, eta orain nola deseatzen duk?
Juan.- Nik jauna? Ez, ez; berorren on beharrez esaten nuen. (Bestea azaltzen bada, a zer istiluak!)
Manuel.- (Altxatzen da). Orain…
Juan.- Ku… kuu… kuuu…
Manuel.- Ku, ku, bai, kukua. Nolatan totela jarri haiz?
Juan.- Totela ni? Iruditu egingo zaio Ku… koartora joan nahi al du?
Manuel.- Koartora! Koartora! “Gelara” esaten duk.
Juan.- Hala da, jauna. Ge… gelara joan nahi al du?
Manuel.- Bai; izerditan blai nagok eta aldatzera noak.
Juan.- Har beza giltza. (Ematen dio giltza).
|