1. 02. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Urrutiko intxaurrak »  1. 02. Irudia

Martzelino Soroa. Urrutiko Intxaurrak

Bigarren Irudia

II

Egile bera eta Aiton Josepe



Aiton Josepe.- Jaungoikoak egun on digula.

Pillipe.- Hala digula, aitonatxoa. Bizkor dabil.

Aiton Josepe.- Bai, bai. Urteak gainean.

Pillipe.- Zenbat ditu, bada?

Aiton Josepe.- Nik al dakit? Nire senide guztiak hil ziren, eta gazteenak berekin zituen laurogei urte, hala nik izango ditut…

Pillipe.- Laurogeita hamar?

Aiton Josepe.- Hor nonbait. Frantsesak sartu zirenean.

Pillipe.- Berori ez zen artean zahartu…

Aiton Josepe.- Zahartu ez, baina bizarra kentzen nuen.

Pillipe.- Eser bedi, eser bedi. Berorrek gauza asko ikusi ditu mundu honetan.

Aiton Josepe.- Bai, txar eta on, makina bat.

Pillipe.- Txarrak gehiago?

Aiton Josepe.- Bai, arranopola! Ni, bada, nentorren…

Pillipe.- Tira, zertara zetorren?

Aiton Josepe.- Zeraren zerera…

Pillipe.- Zertara?

Aiton Josepe.- Horretara, bada, horretara.

Pillipe.- Ahaztu egin zaio berorri.

Aiton Josepe.- Egia esan behar badut, bai.

Pillipe.- Beti bezala. Gauza batez ez da ahazten, zertara datorren ahaztea.

Aiton Josepe.- Nentorrela eskailera gora, mingainaren puntan nekarren bada…

Pillipe.- Eskailera?

Aiton Josepe.- Ez, Prenando.

Pillipe.- Ba al daki aurki datorrela?

Aiton Josepe.- Bai, bai, hori. Horretara nentorren.

Pillipe.- Berorren besoetakoa da?

Aiton Josepe.- Bai, gizagaixoa.

Pillipe.- Maite zuen?

Aiton Josepe.- Gogotik. Ondo etorri al da, lodia?

Pillipe.- Ez da oraindik inguratu, baina agudo…

Aiton Josepe.- A! Oraindik ez? Sarri arte, bada.

Pillipe.- Nora doa? Amandreari egun onak ematera?

Aiton Josepe.- Ez, gero etorriko naiz. Kalera nindoan.

Pillipe.- Hor amandrearen gela du…

Aiton Josepe.- A! Bai, bai. Sarri arte.

Pillipe.- Bihoa ondo. Kontu eskaileretan.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org