|
Martzelino Soroa. Urrutiko Intxaurrak
Hirugarren Irudia
III
Pillipe bakarrik
Pillipe.- Aiton gaixoa! Buru hori hain flakatua dauka, ez dela konturatzen zer esaten eta zer egiten duen. Urteak batetik, eta bere emazte maitagarria orain dela bi urte galduarekin, beste berrogei elkarrekin izandako buruan, senti eraso zion gogotik. Herrian izan den gizonik prestuena, guztiei on egitea beste asmorik izan ez duena. Jende guztiak aita on bat bezala errespetatu izan duena, bere pozik handiena izaten zen, zituen maizter guztiak bere mahai onean biltzea urtean sei bider. Urte berritan, bere egunean, emaztearenean, herriko patroiaren egunean, eguberritan eta Prenandoren egunean. Nola berak haurrik ez duen, errenta onak eta estuasunik ez, batera eta bestera dirua zabaldurik miseria franko erremediatuaz, makina bat malko lehortu ditu. Zer ederra izan behar duen horrek, dirua izan eta bere beharretan besteei laguntzea! Nola zabalduko den bihotza! Zenbat bider esan zion Prenandori Ameriketako grina hori uzteko, zituen ondasunetatik emango ziola puska on bat… Baina zeinek hari burutik kendu gogo hura! Nola pozten zen maizterrak mahaian bere aldamenean zituenean, ikusirik haien jateko sasoia. Han egun batean tripan sartzen zutenarekin, bazuten aski, gehiago jan gabe egoteko hurrengo txanda arte.
|