1. 09. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Urrutiko intxaurrak »  1. 09. Irudia

Martzelino Soroa. Urrutiko Intxaurrak

Bederatzigarren Irudia.

IX

Lehengoak eta Juan Bautista.



Juan Bautista.- Bagabiltza goizetik, Martin Joxe?

Martin Joxe.- Bai, Batixta. Prenando etorri ote zenen zorian…

Juan Bautista.- Ez oraindik. Kotxearen kontuan gaude. Nola atzo Santanderretik Donostia jo zuen, izkiribatu zuen zerbait egiteko txikiren bat zuela Joxemaritarren artean, eta gaua han pasarik, gaur eguerdiko kotxean itzuliko zela. (esertzen dira.)

Martin Joxe.- Joan zenetik, hamar urte gehiago dauzka bizkarrean.

Juan Bautista.- Baita guk ere aldamenean.

Martin Joxe.- A! Gureak… gureak… gu behera goaz.

Juan Bautista.- Behera edo gora.

Martin Joxe.- Bai, hamar urte gehiago.

Juan Bautista.- Gutxiago bizitzeko.

Pillipe.- Zerbaitengatik esaten dio berorri erretore jaunak “esta vira es soflo”.

Martin Joxe.- eta

Juan Bautista.- Ja, ja, ja, ja! (Barrez.)

Martin Joxe.- Erdaraz ere ikasi duk?

Pillipe.- Pixka bat. Zer daki batek non aurkituko den?

Juan Bautista.- Ba! Bazekiat nora hoan hortik.

Pillipe.- Ukuilura nindoan, jauna.

Juan Bautista.- Ukuilura, e? Itsasoa pasa eta gero? Badakizu, Martin, hau ere Ameriketako asmo gogorretan dabilela?

Martin Joxe.- Zer, hau ere txoratu al dute?

Pillipe.- Jauna ni…

Martin Joxe.- Ikasiko duk bizitzen; hago. Ez duk hemen bezain lasai jango.

Pillipe.- Nik ikusten dudana da hemendik modu batera joaten direnak, beste moduz biltzen direla etxera.

Martin Joxe.- Bai… Kaballero eginik?

Pillipe.- Hori.

Martin Joxe.- Baina hik ez dakiana da ehunetatik bi jauntxo ikusirik, beste laurogeita hemezortziek zer egin duten. Hori duk burutaratzea bezala hemen noizik behin ikusten dualako bat edo beste kotxe polit batean datorrela, eta galdeturik nongoa den, Donostiakoa aditu, eta handik denbora puska batera beste batzuk agertzean, jakinik donostiarrak direla, esatea, Donostian guztiak ederki bizi direla beren kotxetxoekin eta nahi bezala.

Pillipe.- Hona azaltzen diren guztiak kotxean etortzen dira.

Martin Joxe.- Ezagutzen ditiat, bada, nik makina bat gehiago arrastaka ibiltzen direnak.

Juan Bautista.- Beharbada, beren azaltzeko moduarekin gu baino okerrago.

Martin Joxe.- Dudarik gabe. Ameriketan ondasuna egiten duk txiripa batez.

Pillipe.- Hori, bada. Txiripa bila joan.

Martin Joxe.- Txiripa topatzeko ez duk horrenbeste itsaso pasa beharrik. Hik ez duk esaten eguberrietan bost erreal loteriako txartelean sartzen dituanean, txiripa bat izango dela hiretzat premio handia izatea?

Pillipe.- Bai. Zergatik hain gaitza iruditzen zait…

Martin Joxe.- Behin ere izan duk?

Pillipe.- Horrengatik, bada.

Martin Joxe.- Horrengatik, bada. Txiripa horren usainean joango hintzateke hemengo gauzak utzita horrenbeste itsas bidean?

Pillipe.- Hori ez. Ez nuke horren erraz Mainttoniren ondotik alde egingo.

Martin Joxe.- Horra bada. Ondo ikasia nagok ni hango berriz. Urrutiko intxaurrak beti beteak. Lehenbiziko hiru urteetan ikusi nitian istilu gorriak. Makina bat bider damuturik utzia nire etxeko gozotasuna, mendi tarte hauen edertasuna eta herriko guztien adiskidetasuna, esanik nork burua berotu nau amets zoragarri hauek egiteko, eta utzirik egiazko ondasunak ekarri nau hona, aurkitzeko nire bihotzeko baketasunaren truk miseria ikaragarrian? Hiru urte gaizki jana eta lo egiteko deseatzen nuela nire etxeko ukuilua, halako txerri tokietan aurkitzen ginen. Gurasoei izkiribatzeko lotsatan, herrira biribilatzeko asmoa hartzen nuenean dirua beste lagun on batek eman nahirik, konturatzen nintzen zer barreak eta burlak egingo zituzten batzuek nire bizkar, eta atzeratzen nintzen bihotzean pena nuela eta esperantza galdua. Eskerrak geroago lagun on hark bilatu zidala pulperia esaten dioten lekuan sartzeko modua, eta han gogotik saiatu eta lanik txatarrenetan, urtebetean nolabait tripa bete nuen. Gero, nagusia hil zenean, nola nire eskola nuen, etxekoandreak ezaguturik kontuak eramateko adina nintzela, etxeko irabazietako partean jarririk, ondo joan eta zintzo lan eginaz, diru mordoxka bat egiteko bidea izan nian. Baina, bitartean, zenbat eta zenbat ezagutu ditiat ezin diru pila bat bildurik hona itzultzeko! Batek ez zekik handik zer ekarriko duen, baina gehienetan hemendik eramaten den gauzarik onena galtzetik hasten duk: Erlijioa.

Pillipe.- (Harriturik) Hori ere bai? Orduan galtzen hasten da?

Martin Joxe.- Aditu duk, bada. Eta hori galduz gero, ez duk gauza onik.

Pillipe.- Ez, jauna, ez. Ez du Ameriketara joateak balio.

Martin Joxe.- Eta emakumeak badira? Mila bider okerrago. Asko emakume han zertara ailegatzen diren ez nikek esan nahi. Beren etxeetan elizkoiak direnak, umilak eta langileak, han estuasun pixka batean aurkitzen direnerako, izaten dituzte, bai, laguntzak, baina zer preziotan! Lotsa galtzen dute, bihotzeko apaintasun ederra trukatzen dute gorputzeko jantzi txoragarriengatik, eta azkenerako aurkitzen dira sasoirik onenean arima etsaiari emanak, zimurtuak, osasuna galdurik, ospitale triste bateko ohean, gurasorik gabe aldamenean, ezta ere seniderik, lagunik, ezer ez, zergatik alde egiten duten guztiek, eta bukatzen dituzte egun penagarriak, beren etxeko sukalde txokoaz oroiturik, hango su ondoko gozotasuna amona, aitak eta senideen artean; negarra gogotik eginez eta bihotzeko iluntasunarekin. Eta hori Ameriketako lurra ukitzen dutenen artekoak, zergatik zenbat dira bidean Jaungoikoari kontu ematen diotenak! Sartzen dituzte ontzi handietako gela kaiola batzuetan hamabika edo hamaseika, non aurkitzen diren zulo azpi hartako alde bakoitzean launa ohe, bata bestearen gainean zintzilik, trapu puska baten moduan, han lastaira kaskar gogor bat, burukia ere lastozkoa, eta, estalki bat hain arina eta zuloz betea, nondik haizea ederki hartu litekeen, haizerik balitz zulo azpi haietan. Leku ito hartan, bata bestearen arnasak eta beste itzuli egiten duten haizeak gaiztoturik hango egoera, sortzen dizkiete horrenbeste egunen buru zernahi min, eta bat minez jartzen bada, egoten dira besteak gau eta egun haren antsia triste eta penagarriak aditzen, gauez ere, ezin loak harturik. Berriz, eri dagoena aurkitzen bada hiru edo laugarren ohean, beste alde hartako azpian dauden hiruren gainera erortzen dira goiko goragaleak eta beste beharrean egiten diren gauza zikinak. Hau ez da aski besteak mintsutzeko?

Pillipe.- Niri behinik behin esne-arroza jateko gogo guztia kendu dit.

Martin Joxe.- Horrela, bada, gelditzen dira asko bide erdian. Eta gero hiltzea gertatzen bada? A!! zer gauza ikaragarriak! Ateratzen dute berehala zulo hartatik, nork daki nola! Onenean edo txarrenean, arrastaka ikatz zakua balitz bezala, ontzi gainera, eta han lepoan lotzen diote soka bat, jarririk beste muturrean pisu handi bat, eta eskerrak apaiza izatea erregu txiki bat egiteko. Gero… zer gogorra! botatzen dute gorputz hura itsas zabal hartan, agerturik berehala inguru haietan arrain handi, aho zabal, hortz luzeak, gorputz triste hura momentu batean puskatu eta tragatzeko. A! Zer Amerikak!

Pillipe.- (Altxatzen da) Alkate jauna, ez beza aurreratu, zorabioa etortzen zait eta esne-arroza jateko gogoa kendu dit.

Martin Joxe.- Gainera…

Pillipe.- Gainera? Dardarakoa daukat gorputz guztian.

Martin Joxe.- Hori baino gehiago ere gertatzen duk.

Pillipe.- Gehiago? Zer gehiago itsaspean arrainen mantenu izatea baino?

Martin Joxe.- Eta gurasoak egoten dira zalantzan doi-doi izanik haren berri penagarriak. Inork izkiribatu gabe, bizi den edo hil den jakin ez; hainbatek handik lau edo sei urtera jakiten dute nonbaitetik, nolatan mundu honetatik joan zen; eta gurasoak urteetan sartuak badira, horrelako berri gogorrek laburtzen dizkiete beren egunak. Bizi diren bitartean, berriz, otoitz egin nahirik joaten badira Lur Santura A! han Erlijio Santuak ematen duen azken lekuan mundu honetan, beren zainetako puska hura ez du Lur Santu hark estaltzen, gurutzetxo batek ez du gordetzen! Gorputz triste hura itsaso handi haren behean batera eta bestera dabil, hilda ere deskantsurik aurkitu ezin balu bezala, ebakia mila puskatan arrain txiki eta handien artean. Bitartean, herri txikiko Lur Santuan ikusten dira erregutzen batak eta besteak bihotz-bihotzetik beretako han daudenengatik, itsasoko ur gaziaren ordez, isuritako malkotxoekin, puska maite haiek gordetzen dituen lurra gozatuaz…

Pillipe.- (Negarrez.) Baina… baina… Jauna horrenbesterainoko… Ai Jesús!

Martin Joxe.- Negar egiten duk, Pillipe? Bai, hik bihotz ona duk. “Ez dituk hiretzat egiten Amerikak. Badakik zein joaten diren Ameriketara? Onak joaten dituk eta onak etortzen dituk. Baina hauen artean zenbat buruberoak, alfer jendeak, lanari aurpegi txarra jartzen diotenak, eta itsuskeria batzuk hemen egiten dituztenak! Zenbat bider esan nion Prenandori harako asmorik ez hartzeko, baina zoratu zuten eta gaitzerdi datorren bezala datorrenean.

Pillipe.- Nik uste nuen bada…

Martin Joxe.- Zer uste huen hik? Han ontzitik ateratzean kaiaren muturrean aurkitzen zirela zaku diruak, edo lukainkaz kaleak josiak zeudela, aldabak odolkizkoak zirela, eta arbolek, hostoen ordez, liberdiko opilak ematen zituztela?

Pillipe.- Nik, jauna, aditu nion indiano zahar bati galdeturik, han dirua nola egiten zen…

Martin Joxe.- Indianoren batek esan al dik nola dirua egiten den han?

Pillipe.- Bai, jauna. Niri esan zidan batek, hemengo bat ontzitik ateratzean bertan, agertzen zirela jaun batzuk euskaldunak berekin eraman nahirik, zergatik, diren jenderik onena eta langileena, eta denda eder batzuetara eramaten zituztela. Denda haietan omen da mahai asko, eta paper asko, eta jende asko izkiribatzen. Dendaren erdi-erdian omen da zulo bat, bazterrean eskailera polit batekin eta lur barren hura omen da oso ederra. Lurra eta paretak nabarrizkoak edo marmol zurizkoak. Ordu gutxiko lanak omen dira, baina haiek ez zailak ere.

Martin Joxe.- Ja! ja! ja! Asko mudatu dituk bazter haiek ni etorri nintzenetik. Ea, ea, ea.

Pillipe.- Hemengo umea goizean bederatziak aldean jaisten omen da nabarrizko leku fresko hartara, eta goiko zulotik palaka dirua, dena urrea, behera botatzen duten bitartean, behekoa eskoba batekin garbitzen doala lurra, han zabalik dabilen urrea bazterturik.

Juan Bautista.- eta

Martin Joxe.- Ja! ja! ja!

Martin Joxe.- Ez duk zikintasun txarra. Eta gero?

Pillipe.- Gero biltzen duenean guztia hasten dela apartatzen ontzakoak ontzakoekin, urre xaharrak urre xaharrekin eta horrela. (Juan eta Martinek maiz barre egiten dute.) Gero jartzen omen dira urtekoak elkarrekin, eta hamabietako danbatekoekin kapelua bete diru hartu eta etxera.

Martin Joxe.- Bere esku dauka kapelua betetzea?

Pillipe.- Bai, jauna.

Martin Joxe.- Eta hurrengo egunean kapela handiago…

Pillipe.- Baita ere.

Martin Joxe.- A zer kapela puskak ikusiko diren han! Eta sinisten dituk gauza horiek guztiak?

Pillipe.- Jauna, nik…

Martin Joxe.- Isilik hago kirten hori, eta ez hadila izan horren asto lukainka.

Pillipe.- Ez, ez; utzi ditut nik asmoak hara joateko. Esan duen erlijioaren kontuarekin… arima da lehenbizi.

Martin Joxe.- Noizbait egia bat edan behar huen. Han adina lan hemen egingo balitz dirua kontuz gorderik, urteak barru han adina diru eta gehiago bilduko litzateke.

Pillipe.- (Leihotik begira) Hemen da kotxea.

Juan Bautista.- eta

Martin Joxe.- A! (Leihora doaz: Koskabilo soinua aditzen da.)

Pillipe.- Hor da, hor da!

Juan Bautista.- eta

Martin Joxe.- Bai, bai. (Ongi etorria egiten guztiak besoekin. Aditzen da kanpoan danbolina San Ignazioren martxa joaz, ongi etorria ematen diotela.)

Juan Bautista.- Goazen, goazen.

Martin Joxe.- Goazen (Pillipek segitzen du leihoan eskuari eraginez.)

LEHENDABIZIKO EGINTZAREN BUKAERA





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org