|
Martzelino Soroa. Urrutiko Intxaurrak
Laugarren Irudia
IV
Pillipe eta Kaitano.
(Honek ahal duen presakaena hitz egin behar du eta Pilliperi hitza laburtuaz).
Kaitano.- Egun on, Pillipe. Ondo, e?
Pillipe.- Ondo eta…
Kaitano.- Bai, ni ere bai. Kotxearen soinua aditu diat eta korrika jantzirik hemen natorrek tximistak egiten. Zergatik atzo ehizean izan ninduan eta goizeko ihintzarekin belartean eztul pixka bat harrapatu nian, eta horrengatik gaur ez nauk etxetik kanpora atera orain arte. Badakik? Nola ni ehizara ateratzen naizenean guztiek esaten didaten “nahikoa ekarriko du, gaur harategiak itxi beharko dira” zerbait ekartzeagatik harrapatu nian eztula. Baina jakingo bahu, zer birigarro ederra ikusi nuen! Sasi tartean doi-doi ageri zuan, baina orduan jarririk zintzo eskopeta, eta kakoa erortzerakoan… han zoak birigarroa! Nola geldirik nengoen ni, eskopeta luzatuta, noski birigarroak ustean sagar-arbolako adarren bat zela eskopeta, etorri zuan kanoiaren gainera.
Pillipe.- Ja, ja, ja, ja!
Kaitano.- A zer istiluak orduan! Nola tira? Zertako?
Pillipe.- Eta…
Kaitano.- Hago isilik. Orduan poliki-poliki, eramanik eskua burura, atera nian kapela birigarroari gainean jartzeko asmoarekin, emanik kolpea, kolpearekin tiroak itzul egin zian eta… huts. Handik puska batera azaldu zuan ginga-arbola baten muturrean, kantari lehertzen, nitaz burlatzen bezala.
Pillipe.- Orduan…
Kaitano.- Utz iezadak hizketan. Nik bazekiat birigarro hura agertzen zaidala hamabost egun hauetan, eta ezagutu dik noski ez naizela ni ehiztari ernaia eta azkarra, edo jostaketan ni txuliatzeko gogo handiak ditik. Baina egun batean ez bada, bestean eroriko duk, zergatik nik begia jartzen dudan lekuan... Ez duk egoten txoria, baina txoria dagoen lekuan… ezta ere nire begia. Ea, mutil, ez didak esaten ezer ere Prenandoren etorriaz.
Pillipe.- Bada…
Kaitano.- Bazekiat bai, zer esango didaan. Lodi eta bapoa etorri dela. Hobe, hobe. Etxera inguratzea onena. Hamaika gelditzen dituk alde haietan zer eta nola ziren sekulan jakin gabe. Buenos Aires eta Montevideoko paperak beti beteak zatozak galdezka, honelako non den, halako non den, batek hamar urtean bestaren berririk ez duela, aitak non ote den semea, amak non alaba, eta egun batean eta bestean, urteak joan eta urteak etorri, beti galdera berekin, eta gehienetan aztarrenik izan gabe. Hemendik joatea erraxa duk, baina gero handik bihurtzeak izaten ditik bere zailtasunak. Izaten duk sagu-tranpa bat bezala, duena sarreran ohol puska bat aldapan jarria eta haren bukaeran lotua urdai edo gazta koxkor bat. Usainean saguak igotzen dik aldapa hura eta goi aldera zegoen izkina jaisten duk behera saguaren pisuarekin, igorik behean zegoen mutturra, eta orduan sarrera edo ateralekua gelditzen duk ondo itxia duen kako txiki batekin. Saguak jaten dituenean han dauden urdai edo gazta puxkak, oroitzen duk bihurtzeaz, baina ezin inolako moduz…
Pillipe.- Barrenean…
Kaitano.- Isilik hago, berritsua. Egiak ez direla uste al duk nik esaten ditudan gauzak? Orain dela denbora gutxi ere Ameriketatik bertatik izkiribatzen zuten, eguneroko paper periodikoak izena dutenei, honela: A! Gurasoek jakingo balute zer miseria eta lanak hemen pasatzen dituzten beren semeek; batez ere amek ezagutuko balute zer zortea izaten duten beren gaitz gabeko alaba maiteek, hainbat nahiagoko lukete ikusi Lur Santuaren azpian, erortzen diren leku ikaragarrizko itsusietan baino, behin ere gehiago altxatzeko modurik gabe. Ezin konturatu gara (esaten dute) inolako moduz, nola izanik probintzia eder horietan horrelako jende ona eta langilea, nola aurkitzen diren horren bihotz gabeko amak, merkatari txarren eskuetan uzteko errukigarrizko alabak. Baina amatxo gajoak on-onak izanik eta nahitasun handiarekin alabarentzat, ez dira jakinaren gainean egoten, merkatari batzuk bide onekoak eta zuzenak izanik, zer izugarrizko gisan emakumeak gertatzen diren. Gainera, handik beste batek izkiribatzen zuen hau: “Esaiezue gure herrietako gazte maiteei hemen gaudela asko eta asko euskaldun eta nafar, trukatuko genukeenak gure izaera beren bizi moduarengatik; eta bihurtzen ez bagara gure mendi tarte eder horietara, dela dirurik ez dugulako, eta gainera beste arrazoi handi batengatik, dena, hor gaizki ikusiak izaten direlako hemendik diru mordoxka batekin joaten ez direnak. Horra: urrutiko intxaurrak hamalau, alderatu eta lau.
Pillipe.- Nik…
Kaitano.- Gauza hauek guztiak zergatik gertatzen dira? Zori gaiztoko diru gutiziarengatik. Eta arima? Zergatik diru egiteko grina handiarengatik gehienak Erlijio Santuaz ahazten diren. Bigarren bekatu kapitalaren bidez, hamaika negar egiten da mundu honetan. Horrelako jendeen bihotz bigun izandakoak jartzen dira harria baino gogorrago, eta bizitzen dira beti diruak katigaturik, lo gozorik egin gabe, eta edozein kinketakok izutzen dituela. Sustrai txar hori egoten da gordea pertsonen gorputzean, arbolen sustraiak lur azpian bezala, eta bihotzeko sentimendu on guztiak alde batera utzirik, gogotik goiz eta arrats lan egiten dute, ez beren beharrak betetzeko, baizik dirua pilan ikusteagatik. Beretzat adina duenak esaten du semeentzat egiten duela. Semerik ez duenak behar duela badaezpada, minak, auziak eta beste gerta litezkeen gauzen zalantzan: eta hala sekula ez dute falta aitzakiaren bat diru gosearen nahikida ezkutatzeko. Gainera, itsutzen dira hainbeste, non batere arretarik eta kontzientziako kezkarik gabe beren opa handian, nolanahi dirua biltzeko jartzen diren, ikusirik aldamenean, batere gupidarik gabe, behartasun penagarrizko jendeak, inola ere lagundu gabe, nahiz izan senideak. Horrenbeste gogortzen dira haien barrenak. Eta askok uste dute zorionekoak direla. Zorionekoak! Baina zenbat atsekabe, festa eta erokeriatatik aterata beren gelatxoan bakartasunean aurkitzen direnean!
Pillipe.- Beti…
Kaitano.- Horiek ikusten dituzten jendeek esango dute: Zer bizimodu ona! Eta horrelakoen arimak norako izango dira? Zergatik Jaungoikoaren beldurrik gabe nolanahi egindako ondasunak dira, ai!, urkatzera eramaten dutenaren bizkotxoak bezala. Ez al dakizue urkatzeko bat dagoenean, bezperatik ematen dizkiotela bizkotxoak eta nahi dituen ardorik gozoenak? Eta gauza hauek hartzegatik, nahiko al zenukete urkatzeko trantze ikaragarrian jarri? Horixe nahi izatea eta bilatzea bezala da, bada, mundu honetan zoraturik, Jainkoaren legeez ahaztuta bizitzea. Urkatzeko dagoen errukigarriak, ondo jan eta edanik bizitzeko dituen ordu eskasak dira mila eta mila eta ezin kontatu ahala gehiago, mundu honetan eramaten ditugun egunak beste mundu betikoaren aldean baino. Inor bada horrela nahi duena bizi? Ez; burutik oso nahastua ez baldin badago. A! Zerua utzi ordu batzuetako bizkotxo jateagatik, gero infernuan su bizian erretzeko…! Mundu honetan gaizki irabazitako diruak dira urkatzeko dagoenaren bizkotxoak; dira desertuko galeperrak bezala, Jaungoikoak israeldarrei beren opaz bidaliak, eta gogo handienarekin mokadu goxoak ahoan zituztenean, bidali zizkien kastiguz sugeak, hozka israeldarren gorputzak pozoiz beterik.
Pillipe.- Arrane…
Kaitano.- Horrengatik da zailago diru asko dutenen salbazioa. Hori bera gertatuko zaie, bada, gutiziaz dirua gaizki egindakoari. Lurrak lurren gainean, etxea etxearen gainean, errenta onak, guztiak bereganatu, eta bat zoratuena dagoenean… Arrats batean berandu xamar ateratzen da dantzaleku edo jostaldiko biltokitik, nahi adina barre eta erokeria eginik, eta bere etxeko gelatxoan sartzen da. Erantzi eta arropak zintzilik jarririk, oheratzen da bat ere konturatu gabe munduan ur bedeinkaturik ote den. Hurrengo goizean txokolatea hartzeko duen ordua pasatzen da zintzarriari eragin gabe. “Gure nagusia horratik logale da gaur goizean!” esaten dute etxekoek. Baina ikusirik orduak aurrera doazela, badaezpada bat sartzen da gelan. Deitzen dio eta ez du erantzuten. Oihu egiten dio, ezta hala ere. Orduan hurbiltzen da, eta igartzen dio tronko bat bezala dagoela. Izututa ateratzen da batari eta besteari esanaz zer gertatzen den. Hasten dira malkoak hemen, negarrak han, oihuak alde guztietan. Zalapartan dabil jende guztia. Hitz bat besterik aditzen ez da aho denetatik. Medikua, medikua, agudo! Ateratzen dira bila dozena erdi bat, bat ez bada bestea ekartzeko. Agertzen da bat. Ikusten du ohean dagoena, eta guztiak larriturik medikuari begiratzen dioten bitartean, honek buruari eragiten dio, esanik ibilera txiki honekin, hitz guztiekin esan litekeen baino gehiago. Medikuak agintzen du zer egin eta gainera aditzera ematen du, gauza estuasun handikoa dela hura, eta bere jakintasunak utzi behar diola lekua beste bati. Hemen, dio, apaiza behar da. Bitartean jartzen dizkiote gaizkituari partxeak zangoetan, maskuilu jela buruan, ematen dizkiote izainak belarri atzeetan edo sangriaren bat edo beste. Beharbada, azkeneko estuasunetan gogoratzen zaizkio bere bizian egin dituen gauza itsuskeria guztiak, zenbat gaitz egin duen eta zenbat on egin lezakeela utzi duen egin gabe. Orduan zer mingarria, zer penak, zer antsia tristeak! Bizia badoa, festak eta txorakeriak bukatu dira… indarrak gutxitzen… hobea azaltzen zaio begien aurrean… lagunek uzten dute bat ere burutaratu gabe egunen batean gisa honetan aurkituko direla, eta komeni dela Jainkoaren beldurtasun santuan bizitzea… eta elkarri esaten diote: «ikusia dago honena, gauza galdua. Nork esan? Zeinek esan? Hori, hori. Bart halako ondo eta umore onarekin… Gau on, bihar arte, esan zigun… Zeinek esan? Zeinek esan!! Apaiza badator presaka… gordeta zegoen gurutzerik handiena jarri, kandelak piztu… apaizari ezin erantzun dio… Olio Santua eman bitartean, denak belauniko erregutzen… orduak joan eta orduak etorri, ez da konturatzen. Ezin Jaungoikoaren grazian jarri da… hil da!! Eta arima? A! Ikaratzen da bat gogoratzea ere! Zeinek esan hari bezperan zintzilik jartzen zituen arropak ez zituela gehiago jaitsiko, ukituko!»
Pillipe.- Zer den…
Kaitano.- Baina Prenando amarekin egongo duk, e?
Pillipe.- Bai jau…
Kaitano.- Zer hitz egin asko izango ditek orain bai, eta hobe izango diat geroago etortzea. Bai, Pillipe; banoak.
Pillipe.- Bai aldi…
Kaitano.- Bazkalondoan etorriko nauk eta luze hitz egingo diagu.
Pillipe.- Baina aurki…
Kaitano.- Zer? Ez didak hizketan ere uzten, berritsua. Gero arte.
|