2. 06. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Urrutiko intxaurrak »  2. 06. Irudia

Martzelino Soroa. Urrutiko Intxaurrak

Seigarren Irudia.

VI

Egile bera, Andre Madalen, Juan Batixta eta Prenando.



Prenando.- (Hizketan besteekin) Ni atera nintzela Buenos Airesetatik badira orain hiru hilabete.

Juan Bautista.- Horrenbeste denbora?

Prenando.- Bai, aita. Zergatik bi hilabete gehiago pasa ditudan bidean gelditurik Rio Janeiron, Pernanbukon eta horrela.

Juan Bautista.- Eta zer modu daude alde haietan?

Prenando.- Txarrak.

Pillipe.- Ai, ai, ai!

Prenando.- Geroago eta zailago zerbait egiteko. Hamaika badaude ahal balira etorri, nahiz ontziaren muturrean zankolaka, egingo luketenak bidaia. Neronek dakit egin ditudan txanpon pixkak zer kosta zaizkidan. Oroitzen nintzen, bai, zer esaten zidaten ongi beharrez nire apaidin gizagaixoak eta Martin Joxek. Han egin dudan lanaren erdiarekin, eta dirua han bezala gorderik, gehiago bilduko nuen hemen. Eskerrak lagunarte edo soziedade berri bat jarri dela tasajo esaten dioten haragi zezina egindakoa Europa edo mundu alde honetara ekartzeko, eta han jartzeko dudala dirua emanik ehuneko hogeita bostean, eta horrela zerbait aurreratu nezakeela. Han ganadua hiltzen da asko, larruaz zerbitzatzeko, eta haragia botea ibiltzen da eta galdu egiten da.

Pillipe.- Hemen aprobetxatuko litzateke, bada…

Prenando.- Eta gogoratu zaie hona ekartzea.

Pillipe.- Ez da zail hori gogoratzea.

Prenando.- Baina bai ekartzea.

Pillipe.- Ez al da ba ontzirik?

Prenando.- Ontziak badira, baina haragia ekartzean tropikoak deitzen zaien leku batzuetaraino galdu egiten da. Han den beroarekin usteldu; eta horregatik orain ontzi barrena jelaz betearekin egin liteke… Baina ama, goazen mahaira.

Juan Bautista.- Horra non daukazun zure lekua.

Pillipe.- Baita hamar urte hauetan ere.

Juan Bautista.- Lehengo denboretan bezala bedeinka ezazu mahaia esanikAita gurea.

(Prenando estutzen da, eta hasten da hasperenekin.)



Juan Bautista.- Zer duzu?

Prenando.- Ezer ez (Malkoa dariola eta lotsaturik)

Juan Bautista.- Baina Aita gurea…

Prenando.- Ahaztu egin zait! (Lehertu beharrean)

Prenando.- Ahaztu!! (Harriturik eta izuturik, Ama gaixoak eramaten ditu eskuak aurpegira estalirik. Aita altxatzen da.)

Pillipe.- Egia zen, beraz, alkate jaunak…

Karteroa.- (Barrendik oihuka.) Nor da hemen?

(Pillipe doa)





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org