Auzoka
Auzoka aldizkaria Donostiako ikastetxeetako ikasleen artean (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa) egiten den eta ikasleei beraiei zuzendua dagoen euskarazko aldizkaria da.
Euskararen Udal Patronatuaren zuzendaritzapean eta Donostiako Berritzegunearen koordinazioarekin argitaratzen da ikasleak kazetari eta irakurle bihurtzen dituen aldizkari hau. Argitalpenaren zenbateko osoa Euskararen Udal Patronatuak hartzen du bere gain.
Ibilbide luzea
1986ko abenduan kaleratu zen lehen zenbakia. Hasieran ia eskuz egiten zen aldizkariak aurrera egin du eta gaur egun, teknologia berriek aurrera egin duten heinean, ordenadorez eta teknologia digitalen bitartez egiten da aldizkaria ikastetxe guztietan.
Lehenbiziko urteetan 5.000 ale kaleratzen ziren eta 13 ikastetxeren parte hartzearekin jarri zen abian. Gaur egun 10.000 aleko tirada egiten da eta 36 ikastetxe inguruk hartzen dute parte urtero Auzoka aldizkaria egiten.
Maiztasuna ere handitzen joan da eta
|
hasieran lau hilabetez behin kaleratzen zen aldizkaria, orain bi hilabetez behin argitaratzen da, urtean sei zenbaki egiten dira beraz.
Helburuak
Hona Auzokaren helburu nagusiak :
Euskararen irakurmena eta idazmena lantzea ikasleen artean
Kazetaritza teknikak lantzea
Euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sortzea eta motibazioa indartzea
Euskara gelako esparru mugatutik ateratzea eta beste eskoletara hedatzea
Eskola aldizkaria oso tresna egokia da, gainera, idazteko gaitasuna lantzeko. Komunikazioaren gizarte honetan, bestalde, ezinbestekoa da mundu hori txiki-txikitatik ezagutzea.
Ikastetxeen arteko harremanak egiteko eta elkarren berri izateko ere bide aproposa da aldizkaria.
Haur eta gazteentzat gainera, erakargarria da oso; beraiek egiten duten aldizkaria baita eta beraiei interesatzen zaizkien gaiak jorratzen baitituzte.
|