euskaraz.net
Ulia: Talaiako Harria

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiako natur ibilbideak »  Ulia: Talaiako Harria

8. Ulia: Talaiaren Harria eta Almirantearen Gotorlekua

Fitxa teknikoa
Luzera: 6.300 m.
Denbora: 2 ordu.
Zailtasuna: Tartekoa.

Interesa
Paisaiaren aldetik: Handia
Geologiaren aldetik: Handia
Botanikaren aldetik: Tartekoa
Faunaren aldetik: Tartekoa

Urte garaia:
Urte osoa.

Oharrak
Ibilbide honetan itsas hegaztien komunitate garrantzitsu bat ikusi ahal izango dugu. Gehienak kaioak dira; baina ubarroiak eta hegazti txiki batzuk ere badaude. Platako Farolan, batzuetan, belatz handiak egoten dira.

Abiapuntua
Ulia pasealekutik biribilgune batera iritsiko gara; handik bideari ekingo diogu, eskuman dagoen errepidean gora.




1. Metro gutxi. batzuk ibili ondoren, eskuman, hegian gora doazen eskailera batzuk igo. Ulia parkera eramango gaituzte eta, han, mahaiak, kulunkak, e.a. ikusiko ditugu.

2. Ur andelaren eta basozainaren etxearen ondoan igaroko gara. Plazatxoa zeharkatu eta aurrera jarraitu, zuzen.

3. Talaiariaren harria . Hemen dik, talaiariak behatzen zuen ea baleak hurbiltzen ote ziren. Plaka batean honakoa dago idatzita: "Bale-arrantzako beatokia, amargarren gizaldia, ezkero lekuontatik, deitzen zitzayoten, Donosti-iko arrantzaliai, inguruan balia,agertzen zanian".

4. Bidexkan aurrera, errota itxurako dorre batekin egingo dugu topo. Jatetxe zahar baten hondakinak dira.Ametza, urkia,haritz kanduduna eta beste zuhaitz asko daude alde honetan.

5. Berriro plazatxora.

6. Lehen igo garen lekutik jaitsi beharrean, aurrean dugun bidexkatik joko dugu, etxe artean doan pista bateraino. Txurreroko gainera jaitsiko gara.

7. Mendiolako zabalera iritsiko gara. Herri Ametsa ikastolaren ezkerraldean dagoen aldapan gora, etxalde txiki bateraino joan eta eskuineko bidezidorra hartu.Pinudi baten parean egingo dugu gorako bidea;
gain bateraino igo eta aurrera jarraitu.

8. Bidezidorretik jarraituko dugu, itsasertzaren parean.Txilarra,ote zuria eta iratzea dira nagusi, baina ametz ale bakanen bat ere ikusiko dugu.

9. Almirantearen gotorlekua . Bidezidorraren ezkerrean dago. Ingelesen eraikin militarra da, baina hondakinak baino ez dira gelditzen. Zuzen jarraitu.

10. Metro batzuk aurrerago, pixka bat jaitsi eta, pinu batzuk dauden tokian, bidegurutze bat ikusiko dugu. Ezkerreko bidea hartu eta itsasertzaren parean joango gara berriro, baina ez lehengo norabidean, kontrakoan baizik. Platako Farola begien bistan izango dugu. Gora egingo dugu;jaitsiz gero, Platako Farolako ibilbidearekin bat egingo genuke.

11. Zelai bat eta pinu batzuk dauden tokira iritsita, behera doan zidorra hartu. Kontuz ibili, lurrak arraildura handiak ditu eta. Hareazko harkaitzak etengabe higatzen dirá, itxura bitxiak hartuz: zuloak, forma berezi samarrak...

12. Pinudi baten parean goaz, etxaldera iritsi arte. Ikastolaraino jaitsi eta aurreko aldapan gora egin. Urruti Txo etxearen parean, eskuineko bidexka hartu, Ulia parkera joateko, edo zuzen jarraitu.

13. Biribilgunea. Hemen amaitzen da ibilbidea.





Quercus pyrenaica



Tarteko tamaina du (25 m luze,gehienez) eta adaburua, zabala. Enborreko azala lodia da eta arraildurak ditu, bai eta adaska eta ilupa ugari dituzten ernamuinak ere. Hostoak erorkorrak dira: neguan idortzen dira (zimelkorrak); luzanga samarrak dira eta ertz gingildunak dituzte.

Maiatzean loratzen da eta ezkurrak urte bereko udazkenean ontzen dira. Lur silizeo nahiz azidotsuen gainean hazten da. On egiten dio lurrari.

Itsasertzean, ebaketak, artzaintzak eta suak ez diote uzten behar bezala hazten. Hala ere, bizirik irauten du, zuhaixka eran bada ere, sustraiek altsuma eta kimu ugari sorten dutelako. Ematen duen egurra ona da, baina hezetasun aldaketek arrailak eragiten dizkiote.


Kaio hankahoria



(Larus cachinans)

Paraje hauetan ugariena den kaio mota. Kaio hanka hori helduek lumaje zuria dute ia gorputz osoan. baina bizkarra eta atzealdea grisaxkak dira. Hegoek orban beltzak dituzte eta hego muturrak ere beltzak dira. Hankak horiak izan ohi dira.Mokoa ere horia da, baina orban gorri bat du beheko masailezurraren muturrean; mardul samarra da. Kumeek mokokatu ohi dute orban hori, gurasoek daramaten jana ahora dezaten.

Kaio heldugabeek lumaje gris,nabarra dute.

Gauza asko jaten dituzte: hegan ari direla, intsektuak jan ditzakete; marraskariak; hondarrak, e.a.

Hegazti koloniala da, monogamoa. Lurrean, itsaslabarren irtenuneetan eta, herri batetik hurbil egonez gero, eraikinetan egiten ditu.