euskaraz.net
Ulia: Platako Farolara

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiako natur ibilbideak »  Ulia: Platako Farolara

9. Ulia: Iparreko aldea zeharkatzea, Platako Farolaraino

Fitxa teknikoa

Luzera:7.400 m, (farolan hasi eta Gros auzora jaisten diren eskaileretaraino).
Denbora: 2 ordu eta 15 min.
Zailtasuna: Tartekoa.

Interesa
Paisaiaren aldetik: Handia
Geologiaren aldetik: Handia
Botanikaren aldetik: Tartekoa
Faunaren aldetik: Tartekoa

Urte garaia
Urte osoa. Hobe egun euritsuetan ez ateratzea, bide osoan ez baitago non aterpe hartu.

Oharrak
Aldaparik gogorrena hasieran dago, Gero, bidea nahiko laua da. Uliara jende asko joaten da eta, hori dela eta, zidorrak asko aldatzen dira eta beti ari dira bidexka berriak sortzen. Dena dela, zaila da galtzea, itsasoa ia beti dugulako begi aurrean, erreferentzia moduan.

Abiapuntua
Toki batetik baino gehiagotik abia gaitezke: Ategorrietatik, erlojuak dauden tokia baino pixka bat gorago iparrera doan asfaltozko bidea hartuta; Okendo kultur etxetik, hau da, Nafarroako hiribidearen gainetik, Zemoria kalearen bukaeran dauden eskailera piko samar batzuk igota.




1. Ategorrietatik abiatuz gero, Gardoki pasealekuan gora egingo dugu, etxe artean.

2. Arbola pasealekua . Gero eta etxe gutxiago dago, hiritik aldentzen ari gara eta. Ikuspegi gero eta zabalagoak, gora egin ahala.

3. Aurrera jarraitu, bidezidorrean. Ezkerrean utziko ditugun eskailerak Grosera doaz.

Ulian ametza da nagusi.Ale batzuk ikusiko ditugu, bidean barna.

4. Lehenengo bidegurutzean, ezkerrera joko dugu: bidezidorra meheago bihurtuko zaigu eta pinudi batera sartuko gara: Loitxikiko erreka du izen alderdi honek.

Hemen bidezidor asko daude eta; hortaz, kontuz ibili beharko dugu. Basoaren goiko alderantz doan harrizkoa hartuko dugu. Ezkerrean daudenak Monpasera jaisten dira.

5. Soilgune batera iritsi eta handik Monpas muturra eta itsaslabar malkar piko-pikoak ikusiko ditugu.

Ote zuria, txilarra eta iratzea dira nagusi, hau da, ametzaren aurretik sortzen diren landareak.

Ezkerreko bidea hartuko dugu, itsasertzaren parean doana alegia.

6. Kutralla izeneko harraska zaharraren ondoan igaroko gara. Garai batean, hango urak sendagarriak zirela uste zuten. Oso alde ospela da.
Harrien artean, hezetasuna behar duten landare batzuk ikusiko ditugu:iratze mota desberdinak eta gibel belarrak.

7. Bihurgunean, gora doan bidezidor bat ikusiko dugu. Ez dugu handik joko, ezkerretik baizik.Galtzada batetik igaroko gara,hareazko harkaitz handi batzuen azpitik. 8. Itsasoaren parean doan bidexkatik jarraitu, aldapa txikiak igo eta jaitsiz.

9. Ezkerrean, Murgita senaia. Mendirantz goaz. Seinale hori eta zuri batzuk ikusiko ditugu (goranzko bidea markatzen dute), baina, handik jo beharrean, seinale gorri eta zuriei jarraituko diegu.

10. Baso zerratuagoan sartuko gara.Alde hau umelagoa da eta bertan mota askotako iratzeak, urkiak, ametzak, e.a. daude.

Basotxotik irten ondoreri, ezkerreko bidea hartu, seinaleei jarraiki.

11. Herri Ametsa ikastolaren azpian gaudela, ezkerrera joko dugu, Platako Farola begien bistan

12. Ingeles iturrira iritsiko gara. Jendea Donostiatik etortzen omen zen honaino, pegarrak betetzera, hemengo ura ikaragarri ona zen eta.

13. Ura hirira eramateko erabiltzen ziren bi ubideren ondoan igaroko gara.

14. Platako Farola: hemen itsaslabarrek 163 metroko altuera hartzen dute. Geruzak makur-makurrak dira eta itsaslabarretako maldak bat datoz geruzatze planoekin.





Itsaslabarrak





Itsasoak itsasaldea higatzen du, erliebe malkartsua sortuz. Horrela 'Sortze'n dira itsaslabarrak eta kostaldeko plataformak.

Gogortasun desberdineko materialak tartekatzen direnez, higadura ere desberdina da tarte batetik bestera. Harkaitzak goitik behera ebakitzen,direnean sortzen dira itsaslabarrak, aldapa gogorra utziz itsasora begira. Haizeak, olatuen indarrak, geruzek kostako lerroarekiko duten kokapenak,e.a. eragina dute itsaslabarraren profilean eta atzera egiteko moduan.

Itsasaldeko animalia eta landareak bereziak dira. Izan ere, Itsaslabarretako landareak egokitu dira gatz kontzentrazio handietara, ur gaziko. tantek zipriztintzen baitituzte etengabe. Horrelako tokietatik urrundu ahala landareek ez dute hain ongi jasaten gazitasuna.

Animaliak ere egokituta daude gatz kontzentrazio handietara. Itsas hegaztiek, adibidez, guruin. bereziak dituzte gehiegizko gatza gorputzetik ateratzeko. Maiz ikusten dira kaioak hegan itsaslabarren gainean eta; suerte pixka batekin, belatz handia ere ikusiko dugu behin eta berriz amiltzen harrapakinen bila.