euskaraz.net
Lau Haizeta: gotorlekuak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiako natur ibilbideak »  Lau Haizeta: gotorlekuak

11. Gotorlekuz gotorleku Lau Haizeetatik:

Kutarro eta San Markos gotorlekuak

Fitxa teknikoa

Luzera: 8.500 m.
Denbora: 2 ordu eta 30 min.
Zailtasuna: Tartekoa.

Interesa
Paisaiaren aldetik: Tartekoa
Geologiaren aldetik: Txikia
Botanikaren aldetik: Tartekoa
Faunaren aldetik: Tartekoa

Urte garaia
Urte osoan.

Oharrak
Ibilbide honetan aipatutakoak ez ezik, hirugarren gotorleku bat ere bada, Ametzagañako gotorlekua. Otxoki parkearen gaineko muinotxo batean dago.

Abiapuntua
Donostiako Altza auzoko goi partetik Artxipi bidetik jo behar da, Altzako pasealekutik abiatzen da eta.




1. Eskuinean Artzaka (Artzak) baserria aurkituko dugu, fatxadan oraindik armarria daukan oinetxea. Aurrera egingo dugu Artxipi eta Kastilun baserrien paretik, behera jotzeko.

2. Segituan Txurdiñeneko bidetik joango gara, bazterretan haltzak dauzkan bidetik. Alde horri Zilargiñene deritzote. Aurreraxego autopistapetik igaroko gara. Handik hurbil, errekastoa zeharkatuta, Erdi Aroko Gazteluene galtzada dago, XIV. edo XV. mendekoa.

3. Artolategi etxearen paretik zidor bihurtuz doan bide batetik joko dugu Txipres baserriraino.

4.Txipres baserria: leiho gotiko bat eta ate gotiko bat dauzka. Dirudienez, aspaldi aspaldian tenplarioen dorretxea omen zen, eta handik, segur aski, Santio bideko erromesak babestu eta defendatuko zituzten.

5. San Markosera doan errepidera heldu eta bertatik aurrera egingo dugu eskuinetara (nahi izanez gero, ez dago zertan errepidetik ibili beharrik, aurrez aurre den zidorretik Soraburuko aurrietaraino joan baitaiteke, handik mendian gora egiteko aldapa malkartsu samar batetik Kutarroko gotorlekuraino doan pista batera heldu arte).

6. Bihurgune batera heldu eta gora doan San Markos izeneko harrizko bidetik joko dugu. Hasieran haritz kandudunek, ametzek, gaztainondoek eta abarrek osatutako baso aldea aurkituko dugu. Oihanpe zabal bat ere bada: ote zuria, endalaharra, zuhandorra, garoa... Horrelako landareetatik gero basoa sortuko da edo, ingurumen arazoak direla eta, basoaren endekatzea.

7. Bihurgune itxi batetik Donostia, Pasaia eta inguruak ikusten dira. Hortik abiatzen da Kutarro gotorlekura doan bidea.
8. Gotorleku hori San Markos gotorlekura doan bidea babesteko gotorlekua edo bateria zen.

9. Aurrera joko dugu San Markoseraino igotzen den pistara heldu arte.

10. Hogei bat metrora mendira igotzen diren eskailera batzuk daude. Errepidetik ere igo daiteke.

11. San Markos gotorlekua(271 metro) eta Txoritokietakoa arduratzen ziren Donostia, Pasaiako portua, Errenteria hiribildua eta inguruko komunikabideak babesteaz.

12. Gotorlekua ingura dezakegu gotorlekuko sarreratik ezker doan bidexka batetik. Hortik Aiako Harria mendi granitozkoa ikusten da.

13. Ezkerreko bidetik behera joko dugu.

14. Eskuineko bidetik joango gara.

15. Aparkaleku txikiaren parean bi aukera izango ditugu: Eskuinetara joz gero, San Markos zabortegiaren paretik doan errepidera jaitsiko gara eta ibilbideko 6.zatirahelduko,zati hori berriro ibiltzeko.

16. Aurrera joz gero, baserri alde baketsu baten ondotik doan bide batetik joango gara, harrobi baten oinean dagoen marmol lantegi beteraino heldu arte. Hortik Putzuetako bidera egingo dugu, hainbat baserriren artean. Horien artean Pelegriñene da, antza denez, Santio bideko pelegrinen babestokia izan. omen zelako.

17. Hortik Lau Haizeetako askaldegira helduko gara. Eskuinetara Lauaizeta izeneko aldapatik abiatuko gara berriro Altzaraino heldu arte.

18. lbilbidea amaitu da.




San Markos Gotorlekua



Gipuzkoak oso kokaleku estrategikoa izan du Erdi Artotik, Auñamendiz haraindi bazirelako beste aginte eta antolamendu politikoak.

Bigarren Gerra Karlista amaitu zenean, Donostiatik Frantziako mugaraino doan tartean trintxera gunea eratu zuten, eta inguru horretako mendi eta toki gora estrategikoetan hainbat gotorleku ezarri zituzten trintxerei laguntzeko.

Eremu hori eta Lesakako zein Berako posizioak mendebaldeko Auñamendi zaintzeko defentsarik garrantzitsuena izan zen Frantziako armadak egin zitzakeen erasoen aurrean.

Osagarriak zirenez gero, San Markos (271 metro, XIX. mendekoa) eta Txoritokietako gotorlekuek eraturiko lerro horrek defendatzen zituen Pasaiako portua -oso inportantea baitzen probintziaren ekonomia has zedin- , Donostia hiria -harresiak eraitsi zituztenez gero-, Errenteria eta komunikabideak.

San Markos izena datorkio San Klemente baselizako iruditik, Basamortuko Madalena ere esaten diote eta.