euskaraz.net
Natura hirian

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Donostiako natur ibilbideak »  Natura hirian

13. Natura hirian

Fitxa teknikoa

Luzera: 2.900 m. (beste ibarretik itzuliz gero, 4.700 m.)
Denbora: 45 min.
Zailtasuna: Txikia.

Interesa
Paisaiaren aldetik: Tartekoa
Geologiaren aldetik: Txikia
Botanikaren aldetik: Tartekoa
Faunaren aldetik: Txikia

Urte garaia:
Urte osoan.

Oharrak
Ikusiko dugunez, hiri barnean bertan hainbat tokitan ekosistematzat jo daitezkeenak ere topa daitezke. Flora eta fauna hirian txertatuz joan dira, dela jokabideak moldatuta, dela hirak eskaintzen dituen bizi aukerak erabilita.

Abiapuntua
"Burdinazko Zubitik" Amaraberrin dago. Hainbat autobus ibilbide heltzen da Amararaino: Amara-Ospitalea, Altza-Gros-Antiguoa...






1.Urumea ibaia. Ibaiaren azken tartean gora joango gara. Urumearen alde hori bideratuta dago, nahiz eta lehen padura zen, baina, zoritxarrez, oroimena baino ez zaigu geratzen.

2. Aurrera egingo dugu ibai paretik. Erraz ikusten dira kaio hanka-horiak eta hanka-gorriak. Ubarroiak ere agertuko zaizkigu ibai gainetik hegan, ibaiaren goi aldean pausaleku bat dutelako:

3.Urumea ibaiaren ahoa. Zurriolako zubia zeharkatuko dugu; Horren azpian elkartzen dira ibaia eta itsasoa, eta ondorioz uretako partikulak sedimentatu egiten dira, ur gazia eta geza nahasteaz gain.

4.Bulebarra (Zumardia). Horrela esaten zaio lehen zumarrak zituelako landatuta.
5.Kaia. Handik badiari begiratua bota eta ezker joko dugu.

6.Alderdi Eder parkea. Parkeari halako nolakotasun berezia eransten dioten zuhaitzak aurkituko ditugu: tamarindoak. Horrelako zuhaitzak oso ondo egokitzen dira itsasoaren ondoan, kresalaren eragina handia den tokietan.

7. Parkea zeharkatu eta erdialdetik Gipuzkoa plazara joko dugu. Besteak beste ikusiko ditugu uharkako anatidoak, hainbat landare mota eta meteorologi estazio deigarria, termometroa (tenperatura neurtzekoa), barometroa (atmosfera presioa neurtzekoa) eta higrometroa (hezetasuna neurtzekoa) ez ezik, urtaroak eta ilargiaren faseak azaltzen dituzten irudiak ere baitauzka.

8. Ibilbidea amaitu da. Nahi izanez gero, ibaiaren beste aldetik itzul gaitezke ibilbidearen hasieraraino.





Hiriko ekosistemak



Hirian bertan hainbat ekosistema izaten da, fauna eta flora motak, kopurua eta gizakiaren eragina direla faktore eragileak. Oinarrian, honako alde hauek bereiz daitezke:



Erdialdea : kutsatua, zaratatsua, eraikin garaiekikoa eta zuhaitz gutxikoa. Ekosistema irekia da, inguruko ekosistemen menpekoa. Espezie batzuk (intsektuak, arratoiak, sagutxoak...) etengabe bizi dira, ekosistema horretan, baina beste batzuek habiak edo gordelekuak han eduki arren, alde horretan zein beste batzuetan lortzen dute janaria (sorbeltzak, txolarreak, saguzarrak...)

Espaloi zabalekiko hiribide eta kale zabalak , zuhaitz gehiagokoak, belarrez eta lore bakan batzuez hornituriko substratu solido erdi hezekoa. Parke txikiak edukitzen ditu, zuhaitz espezie batzuekin. Ekosistema aberatsagoa eta itxiagoa da. Zuhaitz espezieak desberdinak izan daitezke eta eraikinetan habia jartzen dute enarek, sorbeltzek, araba-zozoek... Saguzarrek zuhaitzetan edo inguruko eraikietan izaten dute habia. Zozoek, Araba-zozoek eta usoek parke txikiak erabiltzen dituzte bazkalekutzat, baita habia egiteko ere.

Etxe txikiagoak eta lorategiak edukitzen ditu , baita zuhaitz eta zuhaixka asko ere. Normalean hiri kanpoaldean egoten dira. Ornogabe gehiago izaten da, baita ugaztunak, narrastiak, anfibioak eta hegaztiak ere.

Hiriko parke handi eta ertainak . Hontzak, urubiak, ugaztunak - trikuak, katamixarrak...- eta beste batzuk ager daitezke. Nahiz eta hegazti asko aurki daitekeen, ez dute habiarik horrelakoetan jartzen, lasaitasuna behar dutelako.