ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Aukera bitxienak





Kite surfing

Oinetan surf-oholaren antzeko tramankulu bat jarri, eta kometa batek eramango zaitu. Uretan ibili beharrean, eskiak edo snowboarda erabiliko ditugu elurretan irristatzeko.

Belar gaineko eskia

Espainian ia inor aritzen ez den arren, Grasski izeneko eski mota honek Alemanian eta Austrian jarraitzaile asko ditu, baita Turkia, Eslovakia nahiz Italian ere. Japonia eta AEBetan ere zaletasun handia sortu da azken urteetan. 1987. urtetik, belar gaineko eskiko munduko txapelketak antolatzen dira. Modalitate hau slalom, erraldoi, supererraldoi eta paralelo modalitateetan egiten da.
Skifox

Eskien artean, egurrezko beso baten gainean, amortiguatzaile bat dago, eta horrek eserleku akoltxatua du erabiltzailearen erosotasunerako. Heldulekuak ere baditu alboetan, ez erortzeko. Alemania, Austria, Finlandia eta AEBetan dago, batez ere, skifoxa erabiltzeko aukera.

Heli-eskia

Eskarmentu handiko eskiatzaileentzako modalitatea da honako hau. Ausardia handia behar da horretarako, malda eta zailtasun handiko lekuetan ibiltzen baita eskiatzailea. Helikoptero batek eramango du zalea jaitsiera egin behar duen abiapuntura.



Snowcat

Leku oso zailetara heltzeko ibilgailu bat da «elurretako katua». Europa eta AEBetako eski-gune batzuetan modan jartzen ari da, eta elur gainean ibiltzeko prestatuta dago. Eskiatzeko pistak egokitzeko erabiltzen diren ibilgailuen oso antzekoak dira.



24 orduko eskia

AEBetako Aspengo eski-gunean egiten da hori, eta eski alpinoko erresistentzi proba gogorrena da. Bi eskiatzailez osatutako taldeak egiten dira, eta biek amaitu behar dute proba. Jaitsiera gehien egiten dituen taldeak irabaziko du, eta berdinketa egonez gero, denbora gutxienean egin duena izango da garailea..



Zorb

Imajina ezazu hiru metroko diametroa duen hondartzako baloitzarra. Pentsa horren barruan sartu eta mendian behera jaurtikitzen zaituztela. Horixe da zorba. Garai batean torturatzeko tresna bezala ere erabiltzen zen, baina orain entretenigarri hutsa da. Bi esfera ditu zorbak. Kanpoaldean dagoen esfera elur gainetik joango da, eta barnekoan joango da erabiltzailea. Barnekoa, bola ez deformatzeko eta kolpeak ondo jasateko, bereziki diseinatuta dago.
Ski patrols

AEBetan pistak zaintzeko poliziak daude –txakur eta guzti– eta itxita dauden pistetan eskiatzaileak ikusten badituzte, sheriffarengana eramaten dute atxilotuta... Europan ere antzeko zerbait sortu nahi dute luze gabe.