Ipurdiko galantak hartzea dibertigarria izan daiteke
Izotz gainean aritzeko patinak janzten dituzun
aurreneko aldian, ziurtatua duzu kasik
ipurdikoa, baina berehala hartuko diozu
trukua aisialdirako aukera ona izan daitekeen
kirol guztiz entretenigarri honi.
Hiri askok hartuko lukete gustura asko Donostian dugun Txuri-Urdin izotz jauregi dotorea. Zenbait urte motel antzean eman ondoren, erabat indartsu dabil azken bizpahiruotan, eta bene-benetan esaten dizuegu izugarri zabala dela bertan antolatzen diren jardueren eskaintza.
Donostiako ikastetxe askotako ikasleak eskolarekin batera joan ohi dira izotz jauregian eskaintzen diren ikastaroak egitera, eta beste gazte asko bertako patinaje eta hockey taldeetako kide dira. Bakarka edo lagunekin aritzeko aukera ere badago, ordea, egunero –asteburuak barne– irekita dauden instalazio horietan.
Urte osoan zehar egiten dituzte maila desberdinei egokitutako ikastaroak izotz jauregian. Igandeetan, esate baterako, familia osoari zuzendutako ikastaroak daude. Hiru urtetik aurrera egin daitezke ikastaroak, eta hurrengoa noiz hasten den jakin nahi baduzue ondoren ematen dizuegun telefonora deitu dezakezue.
Zeuen kabuz ibiltzea nahiago baduzue, larunbat eta igandeetan goiz eta arratsaldez duzue irekita izotz jauregia, eta lanegunetan arratsaldez soilik. Patinatzen aritzea ez da merke-merkea –zinemara joatea baino zertxobait garestiagoa da, azken batean–, baina dirua aurrezteko bonuak eros daitezke, edo Niko klubeko kide egin. Kirol txartelarekin ere deskontua egiten dute. Egin ezazue saioa, eta kontatuko diguzue...
Txuri-Urdin izotz jauregiak curling izeneko kirol bitxia ezagutzeko eta praktikatzeko aukera ere eskaintzen du, larunbat eguerdian biltzen baitira bertan Eskozian sortu zen kirol horretan trebatu nahi dutenek.
Curlinga ez da sentsazio zirraragarriak ahalbidetzen dituen muturreko kirola, kirol nahiko lasaia baizik. Dibertigarria da, ordea! Eta garrantzi handia du neguko kirolen artean, 1998 urteaz geroztik Joko Olinpikoetan ere jokatzen baita curlinga. Aspaldiko kirola izan arren, azken bi mendeetan hartu du egun duen indarra. Gure artean ez da oso ezaguna, baina herrialderen batzuetan milaka lagun arizen dira horretan, areto itxietan zein ibai eta aintzira izoztuetan.
Bolo-jokoaren eta petankaren antzekoa da, hein batean, XVI. mendean Eskozian sortu zen kirol hau. Horren zioa curling izeneko pieza biribil astuna jaurti eta zelaiaren erdian dagoen marrara ahalik eta gehien hurbiltzea da. Horrek punteria eta indarra eskatzen du, harria zuzen eta behar adinako indarraz botatzea –ez gehiegi, ezta gutxiago ere– ez baita uste bezain erraza. Bi talde aritzen dira zelaiaren mutur bietatik erdiko marrara ahalik eta gehien hurbildu nahirik.
Zeregin horretan jaurtitzaileak ez daude bakarrik, taldekideak izaten baituzte laguntzaile. Erratz antzeko bat hartuta, taldekide horien betebeharra izotza «lisatzea» izan ohi da, harrizko pieza astuna –18 kilo inguru izan ditzake gehienez– hobetu irristatu dadin. Jaurtiketaren emaitza jaurtitzailearen ardura denez, hori izaten da gidari, eta beran esaten die laguntzaileei norantz bideratu harria.
www.kirola.net, informazio joria
www3.gipuzkoa.net/corporac/dep/portal/home-e.asp Kirolari buruzko gune guztiz erakargarriz beteta dago Internet, eta horien berri ere emango dizuegu aldizkari honetan. Abiatzeko hautatu duguna Gipuzkoako Foru Aldundiaren gunea da, horretan informazio benetan joria aurkitu ahal izango duzu, euskaraz zein gaztelaniaz, kirolaren inguruan. Partaidetza ahalbidetzen duten atalak ere baditu, baita oso ohikoak ez diren kirolen berri ematen dutenak ere.
Kirol Txartela, zein ideia ona
Ez al duzu oraindik eskuratu Kirol Patronatuaren Kirol Txartela. Bada, horixe da kirolerako pasaporte egokiena. Hiriko kirol instalazio publiko guztiak erabili ahal izango dituzu, ekimen ugaritan parte hartzeko aukera emango dizu eta deskontuak ere lortuko dituzu beste instalazio batzuetan. 16 urtetik beherakoa bazara, 56 euro ordaindu beharko duzu soilik horren truke. 40.000 donostiar dira jada bazkide. Zeren zain zaude?
943 481 880 telefonoan eska dezakezu informazioa.